Erregimenaren krisia eta euskara

2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Trantsizioaren ondorengo erregimen monarkiko konstituzionala krisian sartua dago jadanik. Trantsizioaren mito faltsuak ezkutatu du urte luzeetan operazio haren iruzurra. Hiru zutabe nagusietan oinarritu zen: frankismoaren botere faktikoak (ekonomikoak, erlijiosoak, militarrak, epaileak) eta sinbolikoak (diktaduraren printzipea) gordetzea, amnistia izeneko ley de punto finala-ren bidez; Espainiako batasun hautsezina, espainolaren nagusigoa, libertate baldintzatuak, monarkia arduragabea, politikarien kasta otzandua eta korrupziora bultzatua: demokrazia ondo lotua itun konstituzionalaren bidez; eta «aurrerapen demokratikoak» sendotzeko aitzakian murrizketa sozialen lehen esperientzia, Moncloako Itunen bidez.

Bide horrek ondorio batzuetara eraman du: neoliberalismo internazionalaren egitura ekonomiko (Europako Batasuna) eta militarretan (NATO) integratu da Erregimena; neoliberalismoari ate guztiak ireki zaizkio, eta gauden krisi ekonomikora eraman gaitu; instituzionalizazio autonomikoa (Erkidego Autonomikoa eta Navarrako Komunitate Forala) Espainiaren Batasuna sendotzeko kontzesioak izan dira , eta horretarako tresna («batzutan urrezko kopetan geure heriotza edaten dugu» dio esaera kitxuarrak); lurraren suntsiketa viento en popa a toda vela garatu da korrupzio itsaso batean... Demasien aurka altxaturiko mugimenduak (Abortatzeko eskubidea, Lemoiz, NATO, birmoldatze industrialak, Irak, NATOren kontrakoa, Irakeko gerraren kontrakoa, Euskararen garapena eta Egunkaria-ren itxiera, eta abar....) edo garaituak izan dira, edo manipulatuak izan dira (Irakeko gerraren kasua), edo lorpen mugatuak eta zalantzatiak lortu dira. ETAren jarduna ere, «antiterrorista» deituriko jardunbide hipokritaren bidez, erabili dute —eta arrakasta handiz— erregimenaren zutabe nagusiak sendotzeko.

Krisiarekin batera eta Bilduk, M-15ak adierazten duten autokonfiantzaren eraginez, Erregimenaren sendotasuna pitzatzen hasia da. Guztiaren onarpen sozialerako klabeak, alderdi politikoen (PP-PSOE-CIU-PNV-UPN...) eta monarkiaren onarpen soziala pitzatzen hasia da. Jendea hasi da ikusten zer-nolako estafa eta gezurra dagoen mito horren atzean, hasi da mugitzen... Askatasunak nahi ditugun guztiontzat mobilizazioen bidez eragindako erregimenaren ahulezia eta deskonposizioa ona da. Eta horregatik, hain zuzen, geurea ere bada erregimena desegituratzeko eta alternatibak lantzeko erantzukizuna. Erantzukizun hau lehen mailakoa da. Erantzuna ez da «goazen Espainiatik kanpora, eta kitto!», libre izateko beharrezkoa delako Erregimena erabat ahul izatea. Eta hori ere geure lana da. Gainera, geure nazioaren osaketaren osagai garrantzitsuenetako bat lantzen arituko ginateke.

Eredu aldaketa dabil gaur egun ahoz aho, sistema honen katastrofe globalari erantzun nahi diotenen artean. Izan ere Lurra planetaren suntsiketa, hizkuntza-altxor unibertsalaren desegitea, gizakien esplotazioa eta gizadiaren miseria, eta gizabanakoen hazkunde eskizofrenikoa, bakarkeria... horrek denak eredu aldaketa eskatzen du. Milioika pertsonen mugimendu eraldatzaile anitzik gabe ezinezkoa da eredu aldaketa, baina aipaturiko giza mugimendua posible da, martxan da jadanik.

Bide honetan gobernu mota berriak, estatu antolakuntza berriak, instituzionalizazio politiko berriak beharko ditugu. Gurean berrikuntza instituzional horiek badute izen bat aski zabaldua: euskal estatu independente eta sozialista. Baina gauzak bere lekuan jarri beharra dagoela iruditzen zait. Estatu batek (baita independente eta sozialistak) bere mugak ditu: euskararen bizitasun eta garapenaren bermea ez da estatu hori, euskaldunen hizkuntz-komunitatearen sendotasuna baizik; emakumeen emantzipazioa eta gizonezkoen pribilegioen amaieraren bermea ez da estatu hori, mugimendu feminista indartsu eta independentea baizik; katastrofe ekologikoaren gaindipenaren bermea ez da estatu hori, mugimendu ekologista sozial sakon bat baizik. Demokraziaren bermea ez da estatu hori, pertsonen bizitza demokratiko aktiboa baizik.

Beste gauza batzuk, inportanteak, dagozkio estatuari, baina gauza horiek bizitza aske batean baldintza sozio-politikoak lantzera eta eskaintzera mugatzen da. Legez, adibidez, 30 orduko astea ezartzea dagokio estatuari... baina hori egiteko mugimendu sozial- sindikal herrikoi indartsua behar du atzetik, eta ondoren estatuari ez dagokio erabakitzea jendeak nola erabiltzen dituen irabazi dugun garapen pertsonalerako eta harreman askeagorako ordu horiek.

Frankismoaren aurkako mugimenduan, geure herrian, euskara hondamenetik salbatu beharra eta euskararen garapena presente egon ziren. Euskararen aldeko jarrera oro har hegemonikoa zen. Baita ere jarrera horren inkoherentzia. Euskararen aldeko giroa bai, baina diktaduraren aurkako mugimenduaren pentsamendua, funtsean, gazteleraz sortu zen. Panfletoakak erdaraz egiten ziren, eta batzuetan euskarara itzuliak zeuden.

Oraingo honetan baldintzak ditugu, euskara, eraldaketa sozialaren pentsamenduaren sorkuntzarako hizkuntza izan dadin, eta lortzen ari gara. Agian, seguru, gaztelera eta frantsesarekin batera egingo dugu hori, baina euskara muinekoa izango da, zentzu kuantitatiboan (erabileran) eta zentzu kualitatiboan (pentsamenduaren produkzioan eta sentimenduen agerpenean). Eta gauden baldintzetan azpimarratu nahi dut, Euskal Herrian, gaur egun, gehiengo oso absolutu bat dela (erdaldun asko eta asko sartzen dut hor barruan) euskararen aldeko «0 positibo» (Txepetxen sailkapena erabiliz). Ezin da esplikatu eskoletan euskarazko ereduak ezagutzen duten gorakada milaka guraso erdaldunen erabakirik gabe.

Euskararen garapenak hiru hanka ditu: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Eta hirurak beharrezkoak eta hirurak orekatuak eta hiruren arteko transfusio etengabean. Eta onartu beharra dago, gazteleraz eta frantsesez elika daitekeela euskararen motibazioa, eta hori ezinbestekoa dugula. Ezagutu ditugu geure inguruko erdaren erabilera euskararen kontrakoa, baina ezagutu ditugu gaztelera-frantsesaren erabilera euskararen motibazioa pizteko. Adibide asko eta garrantzitsuak dira: Larramendik erdaraz idatzi zuen El imposible vencido, eta nork esango du hori ez dela euskal kultura? Lizardik, Errepublika garaian, ematen zituen hitzaldiak gazteleraz, eta nork esango du hori ez dela euskal kultura? Horregatik estima dezakegu gaztelera, eta arabiera eta errumaniera, eta frantsesa... lehenik, altxor unibertsala direlako, eta bigarrenik, posible delako horiek erabiltzea (eta aldi berean duintzea) euskararen aldeko motibazioa piztuz. Horixe da, nire ustez, euskara zibilizazio orekatzaile mailara igotzeko dugun erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.