Errege etxearen bisita Nafarroara

Sabino Cuadra Lasarte eta Amaia Izko Aramendia
2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Egia esateko, bisita ez da Nafarroara izango, VW enpresara baizik. Zeren eta Nafarroan, VW-ekin batera, bisitatzea merezi duten beste toki anitz daude, Errege-erreginek ez dituztenak ezagutuko: enplegu (ezaren) bulegoak; erretiroa hartu dutenen elkarteak, etxegabetuen kontzentrazioak... edo arazoak eta kaleratze prozesuak bizitzen ari direlako Errege-erreginen bisita jasoko ez duten enpresak (General Electric, TRW, Faurecia...); lotsa emangarria den prekaritatea, miseriatik ateratzeko gai ez diren soldatak; emakumeen bazterketa, lan baldintza iraingarriak...

Nafarroara bisitan datorrena, gure legebiltzarrak onartutako hemezortzi Lege indargabetu dituen Estatuaren ordezkari nagusia da. Baita ere: Bardeako Tiro Eremuan NATOrekin batera ariketa militarrak egiten dituen Armadaren agintari nagusia da; badakiena jakin Nafarroako jendarteak eta instituzio publikoek behin baino gehiagotan esan diotela ezetz nazioarteko erakunde kriminal horri.

Errege etxea beti egon da aberatsen zerbitzura; aberatsak baitira finean Erregea sostengatzen dutenak. Horregatik, esker onekoa delako, Juan Carlos Erregeak abdikatu eta gero egin zuen lehenengo hitzartzea Espainiako Estatuko enpresa handienetako hirurehun buruzagiei eskaini zien; zeinen aurrean Erret agintaritzarentzat egindako lana aitortu zuen, «lanpostuak eta aberastasuna sortzen». Krisian zehar eta Errege agintaritza osoan zehar Erregearen irabaziak handitzeko egindako ahalegina eskertzen zien horrela; milaka milioiko irabaziak ekarri dizkiona, herritar asko eta asko langabezian usteltzera, prekarietatean bizirautera edota etxegabetuak izatera kondenatuak dauden bitartean.

Erregearen lagunak dira petrolioaren nagusiak diren Persiar Golkoko xekeak; monarkia atzerakoi eta misoginoak direnak; giza eskubideak urratzeagatik nazioarteko erakunde ezberdinen salaketak jaso dituztenak. Espainiako Erregeak lagun hurkoa du Marokoko Erregea ere, aurkezpenik ere behar ez duena.

Azken urte hauetan, behin eta berriz, nafar herritarroi inposatu dizkigute Madrilen erabakitako lege eta politikak; bertako jendartearen gehiengoak errefusatu dituenak: lan erreformak, LOMCE, Mozal Legea, pentsioen erreforma, murrizketa sozialak... Nafarroako aurrekontuak ere Madrilen erabakitako topeek baldintzatuta daude. Ez daukagu gaitasunik funtzio publikoan behar ditugun lanpostuak erabaki eta esleitzeko ere. Laburbilduz, Espainiak ez dio Nafarroari uzten bere herritarren eskubide eta beharrak asetzeko egin behar diren politika ekonomiko eta sozialak garatzen.

Horregatik guztiagatik, Errege etxearen bisitaren aurka agertzen gara eta bat egiten dugu bere momentuan, Programa Akordioan adostutakoari jarraiki, Bianako Printzearen sariak banatzeko ekitaldira Espainiako Errege-erreginak ez gonbidatzeko Nafarroako Gobernuak hartu zuen erabakiarekin. Aldiz, ez dugu ulertzen zergatik orain gobernu berberak gosari bat antolatzen duen «Errege-erreginen ohorez». Atzerako urratsa iruditzen zaigu. Espainiako Errege-erreginek ez dute merezi inolako ohorerik jasotzea ez gure herriarengandik ez eta gure erakundeengandik.

Gure babes osoa adierazi nahi diegu Errege-erreginen bisita errefusatzeko eremu sozial eta sindikal anitzetatik antolatu diren mobilizazio ekimenei. Ustelkeria darion monarkiari ez diogulako ezer zor. Ukatzen gaituen Estatu baten ordezkariek ez dutelako ohorerik merezi. Borboiak Kanpora!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.