Abokatua

Erreferenteak

2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Betidanik entzun dugu gure erreferenteak izateko komenigarritasunari buruz. Erraietatik botatako aienea da: kultura minorizatua garenez, bertako ahotsak babestu eta sustatu behar ditugu. Hala ere, badirudi intelligentsia ideal eta hipokrita bat nahi dugula, ondoren mespretxatu ahal izateko.

Oro har, egungo Zeitgeist-aren kanona betetzeak zailtasun berezirik ez du. Euskal Herriko antzoki intelektual, politiko zein kulturalean erreferente izateko euskalduna-euskaltzalea, abertzalea eta ezkerrekoa zarela adierazi behar duzu. Posea egitearekin nahiko.

Baina kontuz! Jesusen artaldeak jenioa erne du, eta Xibertak nonahi jazotzen dira. Abertzaletasunaren kasuan, edozein irristatze edo adore faltak ziegarik ilunenera kondenatzen zaitu. Eta badakigu zein den Hegoaldeko abertzale baten amesgaiztorik beldurgarriena: Espainia. Hortaz, hanka sartuz gero, kopla barik jartzen zaituzte Pancorbotik behera. Bost axola merituak edo egindako ibilbidea.

Euskaltzaletasunarekin berdin. Euskaltzale izateko, ez da zertan euskaraz jakin, ikasi edo egin behar. Euskaltzale Espiritu Santuari esker egiten da norbera. Horregatik akaso, suteak edonon pizten ditugu. Azkenengoa ikastolan bertan. Aspaldiko erreferentea berau.

Izan ere, trumoi egunetan badira ikastolak Pancorbon kokatzen dituztenik. Niri gertatu zitzaidan, ikastolara umeen bila joan eta ikastola egon behar zuen parajean hara non topatzen dudan Pancorboko haizpitartea. Arraioa! Non da ikastola? Nork jarri du Pancorbo hemen? Asaldatuta bikotekideari hots egin nion. Non dira haurrak? Bota zizkidanak: edanda nengoela... sustarbako bat nintzela... Eta nik, laztana ezetz, nire kuadrillakoak ez bezala, ni zintzoa naizela. Baina egiatan, laztana, ikastolaren tokian Pancorbo dagoela!

Denborarekin ikastola bere lekura itzuli zuten eta jadanik inork ez du gogoratzen zerk eragin zuen ekaitza. Neurrigabeko pasioak nola bukatzen diren ezaguna da: gaizki. Euren jatorria, aldiz, bizitzaren zurrunbiloan lanbrotzen da nahitaez.

Erreferente izateko, esan beharrik ez dago, ezkerrekoa izan behar duzu. Baina sozial demokrata epela izatea ez da nahikoa. Inolaz ere. Batek sozialista izan behar du. Ez PSOErena, noski, hori betidanik egon da gaizki ikusita. Ezta sozialista burgesa ere. Hori Marx eta Engelsek kondenatu zuten. Ez. Sozialista-sozialista izan behar duzu. Hori baita egun Euskal Herrian barrena dabilen mamua. Eta kasu honetan ere, goizago edo beranduago, muturraz aldendu eta eskuinerantz pitin bat kulunkatu ezkero, «Burges!» garrasi egingo dizute. Txokoan moztu eta tanto.

Eta gero garaien abiada dago. Informazio lar dugu eta zuzian umeltzen ditugu lorerik apainenak. Lehen, mende erdia igaro behar zen edozein pentsalariren idatziak berrirakurri eta hildakoaren burugabekeriekin topo egiteko. Egun, ordea, ordu gutxiren buruan ipurdia airean uzten dugu edonor.

Itzulingururik gabe esan dezagun: ortodoxoak nahi ditugu erreferenteak. Muturrean. Irmo. Gero, komeni zaigunean, kale gorrian utziko ditugu. Gero, ezkutuan, aldarrikatutakoaren kontrakoa egingo dugu.

Bada, gogoak piztu eta buruak argitzeko iparrorratzak nahitaezkoak dira. Bai. Boterearen, diglosiaren eta ongizatearen indar narkotikoek gizartea lokar ez dezaten. Nolanahi ere, ez dezagun borroka serioegi hartu. Gezurretan aritzearen parekoa baita. Denok ala denok estatu liberalaren eskubide eta askatasunetara ohitu ginen aspaldi eta borrokak goizeko jardunaldia du.

Zinez, euskaltzale bekatariak gara gehienok: militantzia betebehar, beharrizan eta azalaren menpe egon da beti. Bestetik, sozialismoaz erditu zen gizartea desagertu zen aspaldi eta, zerbait izatekotan, gu patrizioak ginateke. Benetako pariak (etorkinak, esplotatuak, ez hezkuntza ez osasuna eskura ez dutenak), ez daude gizarte berri batean interesatuta. Ez. Eurak ere burges bilakatu nahi dute.

Soseguz har dezagun iraultza beraz. Gainera, bikotea aldarazten saiatzea alferrikakoa bada, pentsa gizarte oso bat.

— Eta orduan, non dira erreferenteak?
— Hil ziren. Atsekabeak jota.

«Ez gara koherenteak». Maistrak xuxurlatu zuen betilun.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.