Errebelde izaten ikasten

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Martxoaren 21ean Arantxa Urretabizkaiarekin solasaldia izan genuen, Bidean ikasia (Pamiela, 2016) liburuaren inguruan. Laster gazteleraz argia ikusiko du. Bestetik, egunotan berriki zendutako Ursula K. Le Guin-en Contar es escuchar (Círculo de Tiza, 2018) irakurri dut. Eta bi emakumeon esanak eta gogoetak batzuk besteekin txirikordatzen zitzaizkidan.

1996ko irailaren zortzian hogeita sei emakume Hondarribiko Kale Nagusiko etxe batetik soldaduz jantzita atera, eta Alardean sartzen saiatu zirenean, eta ahalegina indarkeriaz zapuztua ikusi zutenean, orduantxe bertan Urretabizkaiak argi izan zuen hartaz idatziko zuela. Denbora luzea pasa zen, ordea, kontakizunak hartuko zuen forma gorpuztu arte. Hogei urte. Eta tartean ekaitz eta trumoi asko.

«Naizen kazetariak objektibotasunez konta zezakeen, edo naizen historialariak, edo naizen idazleak». Azken honek irabazi zuen. Idazleak idatzia da Bidean ikasia, eta hiru ildo desberdin gurutzatzen ditu. Batetik, gertakarien kronika, askotan lehen pertsonan idatzia. Bestetik, fikzioa. Pertsonaien konstelazio bat osatu du. Errealitatetik oso hurbil dauden pertsonaiak. Errealak ere izan litezkeenak. Eta hirugarren ildoa gogoeta da, bidean ikasia, liburuari izenburua eman diona.

Fikzioa zergatik? Galdera egin genion. Kazetari batek idazten duenean jokabideak deskriba ditzake. Gertaerak, itxurak... Agerikoa. «Baina ezin da haratago joan. Fikzioko idazleak, aldiz, barruko pentsakizunak eta sentikizunak sartzea dauka». Eta barruko mundu horretan sartzen ez bagara, mahai gainean dugun gai hau, beste asko bezalaxe, hutsala da. Objektibotasunaren axaletik lantzen saiatuz ez dugu mamirik aurkitzen. Jarrera ulergaitzak baino ez.

Beste arrazoi bat ere eman zigun. Intuizioaren kontrakoa, apika. «Gauza batzuk ez ziren sinesgarriak izango fikziorik gabe». Idazleak askotan errealitatea samurtu egin behar du. Sinesgarri gertatzeko moduan kontatu. Den-denean, bere gordinean, gehiegizkoa baita. Le Guinek zera dio: «Mundua ezin sinetsizko moduan da arraroa, eta askotan giza jokabidea hain da bitxia, non ez dagoen hura goberna dezakeen narrazio motarik fartsa edo satira ez bada». Eta adibidea ematen digu: Gizon bat ernegatu egiten omen zen alabek hiru zituen xahutzen zuten komuneko paper pilagatik, eta goizero hiru paper anoak prest uzten zizkien, seina orritxo, bainugelako apalean. Benetako gertakaria izanagatik, idazlearen irudimenak epaitu behar kontakizunak horrelako gauza arraroa onar dezakeen fartsa bihurtu edo erdeinua eragin gabe.

Liburu honengatik saiakeraren Euskadi Saria jasoa du Urretabizkaiak. Baina argitalpenetik hamabost hilabete pasatu dira herrian liburuaren inguruko lehen ekitaldia egiteko, eta herri-elkarte baten ekimena izan da, gainera, Blagan Euskara Elkartearena. Hainbat herri eta auzotan ibili da, ordea, liburuaz solasean. Eta horietatik jasotakoak ere aipatu zizkigun. Batetik, gure herrian gertatzen denaz besteetan ezer gutxi dakitela. Baina, era berean, askok esan diote Bidean ikasia-k haien gertuko gatazkak ulertzeko gakoak eman dizkiela. Esperientzia partikularrean abiapuntu hartuta unibertsalagoa den horretara eramateko dohain hori dauka liburuak. Literaturaren (onaren) dohaina. Literaturak bizitzaren mamia ulertzen laguntzen du. Eta honek ere Le Guinen hitzekin txirikorda egiten du: «Literatura erabilera-arauak dira. Daukagun eskulibururik onena. Gidarik baliagarriena bisitatzen ari garen herrialderako: bizitzarako».

Liburuan gorrotorik aurkitu ez dutela ere esan diote irakurleek, eta horrek poztu egiten du. Gorrotozko zorutik ezin gauza onik eraiki. Bere bizipenetan oinarritutako lana da. Bere sentikizunak, gogoetak, ikuspegiak jasotzen ditu. Eta besteok ere lekukotasunak biltzera eta gure esperientziatik idaztera gonbidatu gintuen. Erpin askodun kontakizun poliedrikoa eraikitzeko.

Feminismoaz ere aritu ginen. Bidegileei eskerrak ematea garrantzitsua dela azpimarratzen du liburuan. «Gure aurrekoen lanari esker gaude gauden honetan». Irantzu Varelaren esaldi batekin ere aritu ginen, «desobeditzen duen emakumeak besteoi erakusten digu obeditzen ari garela».

Eta Maria Mercè Marçal-en poema gogoratu zuen. Emakume, klase apaleko eta nazio zapalduko izaki, hiru bider errebelde izateko dohainak eskertzen dituen hura. Eta Urretabizkaiak laugarren bat erantsi zuen: zaharra izatea. Marçal minbiziak eraman zuen berrogeita bost urte zituela, zahar errebelde izatera iristerik izan gabe. Estereotipo asko zartatzen ditu zahar errebelde ideia horrek, alajaina. Eta horiek nire hitzak gaizki ulertaraz ez ditzaten kontu hartu beharrean nago neu ere esaldi hauek idazterakoan. Ez dago hemen ironiarik ez sarkasmorik. Ez eta horien atzean ezkutatu ohi den mespretxurik. Zaharretan errebelde izan nahi dut nik, Arantxak bezala.

Arima aske eta ausartak emakumeok. Le Guinek Mark Twaini aipatzen dizkio atributu horiek, baina emakume idazle hauen lanetan eta hitzetan sakondu ahala, askatasun eta ausardia adibideak aurkitzen ditut han eta hemen. Noski, ez dira inork erabat betetzen dituen atributuak. Gehiago da bizitzaren aurrean duzun jarrera bat. Hautu bat. Eta besteei iristen zaien zerbait. Eta bizitzarekiko hautu hori egin ez dutenentzat askotan mehatxu bezala agertzen den zerbait. Bekaitza, konplexuak eta beldurrak astintzen dizkie. Eta horiek pairatzera kondenatua ere bada arima aske eta ausarta. Eta horrek errebelde izaera etengabe eguneratzera, berrasmatzera eta aldarrikatzera bultzatzen du. Etsi ezean, behintzat. Aire freskoa ekartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.