Garikoitz Goikoetxea.

Errealitate soziolinguistikoa

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen aurrerabidea trabatzeko ohiko argudioa da errealitate soziolinguistikoarena: alegia, tokian tokiko egoeraren arabera egin behar direla urratsak euskararen estatusari dagokionez. Nafarroan urteetan erabili da argudio hori zonifikazioari eusteko, eta orain Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ere erabili du, zer eta toki-erakundeetan euskararen aurrerabidea trabatzeko. Euskararen egoera makurra, euskara suspertzeko ahaleginen kontrako argudio gisa.

Larritasun handia eragin duteAuzitegi Nagusiaren azken bi epaiek. 2019ko dekretuak, 2016ko Udal Legea garatzen duenak, arnasa eman zien udal euskaldunei: aukera jarri zien euskara lehenesteko eta prozedura batzuk erabat euskaraz egiteko, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuta —harremana gaztelaniaz nahi duenari hala eman zaio—. Euskaraz funtzionatzeko hautua ez dute udal askok egin, eta txikiak dira gehienak, udalerri euskaldunak. Epaileak ez daude ados euskaraz funtzionatu ahal izatearekin, eta, are, ezta euskara lehenesteko neurriekin ere —pentsa, telefonoa euskaraz hartzeko irizpidearekin ere ez—. Oker ulertutako elebitasuna dago oinarrian: euskarak gaztelaniaren makulua behar duela baliozko izateko, baina gaztelaniak euskararena, ez; gaztelaniazko agiriek erabateko balioa dutela, baina euskarazkoek gaztelaniazko bertsioa behar dutela. Finean, gaztelania hizkuntza beregaina dela, baina euskara, ez. Eta hori nola jantzi, gaztelania baztertzeaz mintzo dira sententziak, eta euskara inposatzeaz.

Ez dira argudio berriak. Maiz entzun dira halakoak Nafarroan, euskararen estatusa aldatzearen aurkako arrazoibide gisa, errealitate soziolinguistikoaren mantapean. Nafarroako Gobernurako aurten sinatutako akordioan, adibidez, hizkuntza-politikari buruzko zortzi puntuetatik hirutan ageri da. Adibidez: «Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren isla den akordio soziala» egitea eta euskarak «errealitate soziolinguistikoarekin bat datorren tratamendua» izatea. Entzunaren entzunaz, irudi lezake gauza neutroa eta finkoa dela errealitate soziolinguistikoa. Ikus dezagun.

1986an finkatu zen Nafarroako errealitate soziolinguistikoa irudikatzen duen mapa, zonifikazioa oinarri duena. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu berri du udalerriz udalerriko euskara-ezagutzari buruzko estatistika, hogei urteko hutsunearen ostean, eta interesgarria da bilakaera aztertzea, zeinak abiapuntu izan beharko lukeen egokitzapenak egiteko, legeak dioen moduan.

Euskararen ezagutzak aurrera egin du Nafarroa gehienean, eta, beraz, aldatzen ari da errealitate soziolinguistikoa. Nahi adina adibide jar daiteke, estatistika ofizialak oinarritzat hartuta: Altsasu eremu euskaldunean jarri zuen 1986ko legeak, euskaldunak %12 zirela; 2021ean, hein horren parean dago Iruñea, eta goitik daude, adibidez, Barañain, Lizarra, Burlata, Berriozar, Eguesibar Zizur Nagusia eta Gares, denak eremu mistoan —euskara ez da hizkuntza ofiziala horietan—. Esanguratsua da Mañeruren kasua: eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko eskatu du, baina ezezkoa eman diote Navarra Sumak eta PSNk. Azken datuen arabera, %19 dira euskaldunak. Gordina da kalkulu hau: Nafarroako hiru euskaldunetik bi bizi dira euskara ofiziala ez den udalerrietan (%63); eta 16 urtetik beherako euskaldunak hartuta, handiagoa da ehunekoa (%69). Horratx errealitate soziolinguistiko gorria, euskaldun gehienak lege-babesik gabe uztendituena.

Zeren zonifikazioa ez baita errealitate soziolinguistikoaren ispilu, ezpada hura baldintzatzeko tresna. Nafarroako udalerrietan euskararen ezagutzak izandako bilakaera aldera daiteke beste herrialde batzuetakoekin. Konparazio interesgarria da, esate baterako, Iruñearen eta Gasteizen artekoa. Duela 30 urte, 1991ko zentsuan, paretsukoa zen euskararen ezagutza bi hiriburuetan: %6 Iruñean eta %8 Gasteizen; orain, 2021eko datuen arabera, euskaldunak %29 dira Gasteizen (21 puntuko irabazia), eta Iruñean, %12 (6 puntuko irabazia). Eta datozen urteetan are gehiago handituko da diferentzia, Gasteizko adingabeen %79k baitakite euskaraz, eta Iruñekoen %29k.

Jakina, ezagutzaren igoera horrek, besterik gabe, ez dakar euskararen erabilera sozialaren igoera automatikorik —izatez, kaleko erabilera paretsukoa da Iruñean (%3) eta Gasteizen (%4)—. Aintzat hartu behar da, izan ere, askotariko aldagaiek eragiten dutela erabileran: euskaldunen gaitasunak, euskaraz aritzeko erraztasunak, inguruak ematen duen egokierak, euskararekiko irudiak eta atxikimenduak... Finean, ezagutzatik haragoko oinarriak behar dira erabileran urrats erabakigarriak egiteko. Baina, ezagutzaren oruberik gabe, ez dago aurrerapausorik ematerik. Eta ezagutzaren aurrerapena galgatua dago Nafarroa gehienean, eta trabatua Ipar Euskal Herrian: Bestela esanda, ezagutzaren desoreka gero eta handiagoa da, eta are handiagoa gazteen artean.

Besterik esateko erabiltzen den arren, datuek zera erakusten dute, errealitate soziolinguistikoa ez dela egitate neutroa, berez-berez sortua, baizik hamarkadetako politiken ondorioa, argudio gisa erabiltzen dena euskararen estatusa mugatzeko eta euskaldunen eskubideak oztopatzeko.

Baina, aldi berean, ez da begi bistatik galdu behar zein den tokian tokiko egoera: euskararen egoera ez da bera Zarautzen eta Zarrakaztelun, Seguran eta Senperen, Elantxoben eta Eltziegon. Hizkuntza-plangintzan derrigor hartu behar da hori kontuan: nazio-ikuspegia behar da euskara sustatzeko plangintzan, eta hor badago zertan eragin; baina, aldi berean, tokian-tokian lan egin behar da, bertako egoera oinarritzat hartuz, hutsuneak eta aukerak kontuan izanez. Euskararen estatusak eta euskaldunen hizkuntza-eskubideek ez dute zonifikazioa onargarri, baina hizkuntza-plangintzaren eta eraginkortasunaren aldetik, ezinbestekoa da tokian tokiko egoerara egokitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.