Errealismo magikoa amets

2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian normaltasun berriaren eta bigarren olatuaren arteko uda bizi dugun bitartean, COVID-19aren pandemiaren gunea Amerika da oraindik gaur egun ere. Estatu Batuek kasu eta hildako kopuruaren lidergo indibiduala mantentzen badute ere, Latinoamerika osoak aise gainditu ditu, eta herrialde gehienetan kurba oraino gorantz ari da egiten, goia noiz jo zain.

Europa pandemiaren epizentroa zelarik, Brasilgo negazionismoaren eta Argentinako zuhurtziaren artean, herrialde gehienak hasi ziren neurriak hartzen zetorrenaren inpaktua arintzeko asmoz. Izan ere, honezkero konplikatua zen egoera.

Pandemia geldialdi ekonomikoaren garaian heldu da erregiorat. CEPAL NBEko batzorde ekonomikoaren datuen arabera, Latinoamerikaren eta Kariberen 2019ko hazkunde ekonomikoa %0,1 izan zen. Munduko ezberdintasun ekonomikorik handiena duen erregioa izanik, pobreziaren eta muturreko pobreziaren goranzko joerek jarraitu dute, azken urtean %30,8 eta %11,5erat iritsiz, hurrenez hurren. Ekonomia informalean ibiltzen den jendea lan egiteko adina duen populazioaren %53a da. Osasun sistema publikoak ahulak dira, geografikoki desorekatuak eta zatikatuak, zaintza medikorako sarbidea diru sarreren eta bizilekuaren menpekoa izanik.

COVID-19aren agerpenaren aitzineko hilabeteetan egoera ekonomiko eta sozial zailak, errepresio polizialak eta tokian tokiko bertzelako arrazoiek kale protestak eragin zituzten zenbait herrialdetan (Kolonbia, Ekuador, Txile, Bolivia). Bertze batzuetan (Argentina, Brasil), polarizazio politikoa areagotu zen. Oro har, maila politikoan, pandemia eredu politiko eta ekonomikoen norgehiagokaren erdian eta ezegonkortasun momentuan iritsi da erregiorat.

Etorkizunari begira, nazioarteko erakunde ezberdinek eginiko aurreikuspen guztiak ilunak baino ilunagoak dira: esportazioen galera, nazioarteko balio kateen haustura, lehengaien prezioen jaitsiera, inbertsio pribatuaren murrizketa, atzerrian diren latinoamerikarren diru bidalketen beherakada, turismoaren hondamena, pobreziaren igoera nabarmena eta, ondorioz, segurtasunik ezarena, malnutrizioaren areagotzea, hezkuntza mailako kalte garrantzitsuak... Eta halakoetan gertatzen ohi denez, horrek guztiak zaurgarrienak direnak (emakumeak, herri indigenak, afrikarren ondorengoak, migratzaileak eta errefuxiatuak) kolpatuko ditu gehien.

Halako egoeraren aitzinean, argi da merkatuak ezin dituela behar diren erantzunak eman, eta, aldiz, estatuaren esku-hartze irmo eta sakona behar dela. Alta, ez da hori erraz egin daitekeen afera, mendeetako dependentzia ekonomiko eta politikoak eta errezeta neoliberalen aplikazio sutsuak estatu hori sistematikoki mehetu duten herrialdeetan. Errate baterako, Txile, luzez Latinoamerikako garapen eredu gisa aurkeztua izan dena, erabat biluztu du pandemiak, haren ustezko kohesio soziala halakoa ez zela argiki agertuz.

Duela hilabete batzuk aipatzen nuen erregioko eredu politiko eta ekonomikoen arteko lehia hiru galderari emaniko ihardespenen ingurukoa dela: 1) Noren alde egiten da eskubideen aitortza eta baliabideen banaketa: eliteen ala herriaren mesedetan? 2) Zein abiapuntu hautatzen da: Estatu Batuekiko morrontza ala burujabetasun nazionala? 3) Erregio mailan, elkarren arteko konpetentzia ala elkartasuna eta lankidetza sustatzen da?

Badirudi pandemia osteko (edo bitarteko —ez baitakigu zenbat iraunen duen—) Latinoamerikan herriaren aldeko baliabide banaketa ezinbertzekoa izanen dela, gutxienez eliteen posizioa arriskuan jar dezaketen baztertuen asaldatzeak ekiditeko. Horrela ari dira jokatzen hainbat tokitan, zenbaitetan gogoz eta printzipioz kontra; adibidez, aparteko diru sarrera laguntza ezarriz, norbanako eta familia pobreenei euste-sarea eskaintzearren. Larrialdi egoeratik harago, herritar guztiei eskubideak aitortu eta horiek egikaritzeko aukera modu iraunkorrean emanen ote zaien bertzelako kontua izanen da.

Globala izanagatik ere, pandemiak herrialde bakoitzaren baliabide eta erantzun gaitasunaren garrantzia nabarmendu du. Astindu horretan Latinoamerikako herrialdeek ez dute beren iparreko aliatu/babesle tradizionalaren laguntzarik jaso (nola bada, berak ez baitu berea kudeatzea lortzen?...), eta bakar-bakarrik ari zaizkio egiten aurre krisialdiari. Irakaspen bat gehiago: nork bere herria zaintzeko, nork bere buruaren jabea izan behar du.

Herrialdeek harturiko hainbat prebentzio neurri denboran eta edukieran bat etorri arren, ez dira erregio mailako koordinazioaren fruitua izan, baizik eta osasun larrialdiaren premiazkotasunarena. Alabaina, erregio-lankidetza eta merkataritza gakoak izanen dira ekonomia berraktibatzeko, ondasunen hornidura eta jarduera produktiboen jarraipena bermatuz. Izan ere, erregioko herrialdeen kanpo zaurgarritasuna arintzeko eta haien nazioarteko lehiakortasuna areagotzeko beharrezkoa izanen da erregio harremanak sendotzea. Ez hori bakarrik; nazioarteko finantza erakundeen aitzinean ahots bakarrarekin aritzea funtsezkoa izanen da zor nazionalen eta finantzabideen negoziazioa herrialdeen behar eta aukera errealen arabera gauzatzeko.

Laburbilduz, COVID-19ak utzitako gizarte eta ekonomia kostu handiak Latinoamerikako eredu politiko eta ekonomikoen norgehiagoka posizio subiranoen alderat eramaten du. Zentzu horretan, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak laburbildu duenez, «hobeki berreraikitzeko, Latinoamerika eta Karibeko eredua eraldatzea beharrezkoa da». Hala ere, logika ez da berez inposatzen, are gutxiago Latinoamerikan.

Aukera badago pandemiaren ostean maila ekonomiko eta sozialean autorreferentziatua den erregioa behingoz eraikitzen hasteko, baina agintari eta elite nazionalen egoskorkeria ezagututa, mementoan ameskeria iruditzen zait hori. Joan den asteburuan Brasilek 100.000 hildakoren langa gainditu zuen; egun horretan, Bolsonaro presidenteak datu ikaragarri horretaz deus erran ez, eta txapelketa irabazteagatik bere futbol taldea zoriondu nahiago izan zuen. Tragikoa eta groteskoa. Gaur alegiazkoa dirudiena errealitatearen parte bihurtzea nahi nuke, pandemiaren osteko Latinoamerika esperpentorat bainoago, errealismo magikorat hurbil dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.