Erraustegiaren kontratuak agiriak betetzen ditu, eta auditoreak hala dio

Jose Ignacio Asensio
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Otsailaren 28an erraustegiari buruz BERRIAk argitaratutako informazio okerra zuzentzeko Legeak eskaintzen didan eskubidea baliatuz zera azaldu nahi dut:

BERRIAk argitara emandako informazioak adierazten du esleipendunek aurkeztutako Ekonomia eta Finantza Planak ez duela betetzen finantzaketaren %20 baliabide propioen kargura bermatzeko eskakizuna, eta ondorioztatzen du horrek enpresei etekin handiago lortzeko aukera ematen diela, kontratuaren kudeaketaren ondorioz.

Informazio hori ez da zuzena, agiriak eskatzen duen %20ko finantzaketa propioa errespetatzen baita eta etekina esleipendunek aurkeztutako proposamenean aurreikusitakora egokitzen baita. Hori guztia egiazta daiteke Deloitte auditoriak kontratua sinatu aurretik egindako txostenean. Bertan argitu zenez, akziodunek (enpresa esleipendunek) 23.955.954€-ko ekarpena egingo dute, eta hori obran egin beharreko inbertsio osoaren %10 da; horrez gain, inbertsioak aurrera egin ahala, gainerako %10a mendeko zor bidez jartzen ari dira (akziodunek berek jarritako baliabide propio bidez). Hartara, inbertsioaren %20 baliabide propioekin finantzatzen ari dira une oro. Jardunbide hori bat dator agirien 25.1. puntuarekin, bertan ezartzen baita inbertsioen %20 akziodunen inbertsio propioekin finantzatu behar dela eta, horretatik, %10 kapital sozial moduan finantzatu beharko dela. Hori guztia ikusirik, auditorearen txostenak ondorioztatzen du kontratua koherentea dela lizitazioaren agirian ezarritakoarekin.

Horrenbestez, eta auditoria-enpresaren txostena aintzat hartuta, egiaztatzen da Gipuzkoako Ingurumen Konplexuaren kontratuak zorrotz erantzuten diola agirian eta onartutako Ekonomia eta Finantza Planean ezarritakoari.

Azkenik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak nabarmendu nahi du kontratuarekin lotzen diren alderdi guztiak eta dokumentazio osoa aurrez ikuskatu direla, Batzarreko kide guztien jakinaren gainean jarri direla eta Batzarrak onartu dituela; guztia Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako plangintzari jarraitzen dion prozesu guztiz garden baten barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.