Gipuzkoaz eta pertsonen ongizateaz arduratzen garelako, artikulu hau sinatzen dugunok osasunaren eta etorkizunaren aldeko deia egin nahi diegu herritar guztiei. Erraustegia eraikitzea arriskutsua, garestia eta kutsagarria delako. Herritarren mobilizazioak geldiarazi egin dezakeelako errausketa proiektua. Horregatik, bihar Donostian Foru Aldundiaren jauregia eta Onkologikoa lotuko dituen giza katean parte hartzeko deia egin nahi dizuegu guztioi. Gipuzkoa iraunkor bati bai esaten diogulako eta iraunkortasunak ez duelako zerikusirik berrerabil daitezkeen materialak erretzearekin, bat egiten dugu osasunaren aldeko eta errausketaren kontrako mugimenduaren ekimen horrekin. Europan lehengaiak gero eta urriagoak dira-eta, arduragabekeri galanta eta ikuspegi estrategiko falta nabarmena da berrerabil daitezkeen baliabideak erretzea.
Irtenbideak errefusaren murrizketa jaso behar duelako, bai esaten diogu alternatiba iraunkorrago bati. Gure lurraldean, gaur egun, 162.000 tona hondakin sortzen ditugu, baina %70 birziklatuz gero —helburu hori lor daiteke, baldin eta gaikako bilketa hobetzen badute biztanle gehien duten udalerriek—, errefusa 50.000 tona izan liteke. PNV eta PSE, ordea, 200.000 tonarentzako erraustegia prestatzen ari dira. Horrek hiru ondorio izango ditu: 1. Birziklatze indizea hobetzeko ez dute ezer ere egingo. 2. Beste lurralde batzuetako zaborra ekarriko dute Zubietara erretzera, Estatuko eta Europako gero eta planta gehiagotan egiten duten bezala. 3. Geure dirua oparituko diote enpresa pribatu bati, zeinak beti 200.000 tona erreko balitu bezala kobratuko duen 35 urtez, edozein dela ere hark benetan erretakohondakin kopurua. Gipuzkoako familiek behar baino gehiago ordain ez dezaten nahi dugulako, bai esaten diogu alternatiba ekonomikoagobati.
Gipuzkoa osasuntsu bati bai esaten diogulako, errausketaren kudeaketa alternatibo baten aldeko medikuen borroka babesten dugu. Zaborra erraustu nahi dutenek diotenez, «azken aurrerapen teknologikoez» egingo dute azpiegitura, baina kontua da denak egiten direla «azken aurrerapen teknologikoez», eta gero eta gaixotasun larri kasu gehiago agertzen ari direla erraustegiei lotuta. Geure familia eta auzokoen osasunari bai esaten diogulako, bai esaten diogu alternatiba osasuntsuago bati.
Hondakinen kudeaketa ekonomiko egoki bati bai esaten diogu, eta horregatik uste dugu 1.000 milioi euro baino gehiago materia berrerabilgarria erretzeko gastatzea, Europaren gomendioen kontrakoa ez ezik, gipuzkoarren interesen kontrakoa dela. Izan ere, gipuzkoarrok errauskailua ordaindu beharko dugu derrigor, nahiz eta garestiagoa den, eraikuntzari edo ustiaketari dagokienez, hondakinak tratatzeko beste zenbait eredu baino.
Ingurumena babestuko duen Gipuzkoa bati bai esaten diogulako, aurrera egin nahi dugu zero zabor politiketan eta konpromisoa dugu zabortegi toxikoak ezabatzeko. Ez ditugu herritarrak engainatu nahi esanez bizigabetutako materia biltegiak berehala desagertuko direla, baina egia da askoz ere txikiagoak izango direla erraustegiak eragingo lituzkeenak baino. Gipuzkoarrek aukeratu egin behar dute: edo erraustegiaren zabortegi toxikoak edo bizigabetutako materia biltegi ez-kutsagarriak. Hondakin kaltegarririk ez airera ez lurrera isuri nahi ez dugulako, bai esaten diogu gutxiago kutsatzen duen tratamendu eredu bati.
Zabortegiak zein errausketa zigortzea planteatzen duen Europar Batasunaren apustuen bidetik dabilen Gipuzkoa bati bai esaten diogulako, ezin ditugu gerora eskuragaitzak diren lehengaiak suntsitu. Aldaketaren aldeko gobernu progresistek gidatutako autonomia erkidegoetan gertatzen den bezala, Europak jatorrian sailkatzea sustatzen du, eta hori eginez gero, hondakin gutxi geratzen da birziklatu gabe. Estatuan, beste inork ez du erraustegirik nahi. Hondakinen kudeaketa moderno batek azpiegitura hauek alboratzen dituelako, bai esaten diogu Europaren helburuak betetzeko alternatiba bati. Alternatiba hori landuta dago jada: merkeagoa, malguagoa eta osasuntsuagoa da, eta errespetu handiagoaz jokatzen du ingurumenarekin. Murrizketa eta berrerabilpenean oinarritzen da funtsean eta tratamendu mekaniko biologikorako eta konpostatzeko plantak ditu.
Horregatik guztiarengatik, Gipuzkoa osasuntsu eta, ekonomia eta ingurumen aldetik, iraunkor bati bai esaten diogulako, artikulu hau sinatzen dugun erakunde politikook bat egiten dugu errausketaren kontrako eta osasunaren aldeko mugimenduak biharko, hilak 29, 11:30ean Onkologikoaren eta Foru Aldundiaren jauregiaren artean antolatutako giza katearekin. Eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu.
Erraustegiaren alternatibari 'bai' esaten diogulako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu