Errausketa Europan

2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Erakundeetako ordezkariok ate eta leihoak irekitzeko egin dezakegun edozein ariketa pozgarria da: kalera atera, jendearekin topo egin, zer eta nola egiten dugun azaldu, politika publikoen eztabaida, hausnarketa eta horien garapenean parte har dezaten».

Prentsan argitaratutako artikulu batean sarreran zioen hori Imanol Lasa diputatuak, eta pentsa dezakegu baietz, horrela izango dela, baina benetan egia balitz...

Komunitate batean askatasuna gobernukideentzat soilik bada, nahiz eta oparoa izan, ez da askatasuna osotasunean. «Askatasuna» «pribilegio» bihurtzen bada, askatasunaren muina eta oinarria hautsi egingo da.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorraren azkeneko bilkuran Juan Carlos Cano Alderdi Popularreko ordezkaria Luxenburgoko Rosaren zita hori aldarrikatzen ari zela zirudien, Zubietako Erraustegiaren kontratua blindatu eta enpresa pribatuei ematean gertatzen ari den iluntasunaz jardun zuenean.«Egitasmoaren ezagutza nahikorik ez...».

Juan Carlos Cano, industria ingeniaria da, eta Europako Zuzentaraua ezagutzen du (Energia berriztagarrien zuzentaraua 2009/28/EK). Beraz, badaki administratiboki Europar Batasunak sistemaren energia errendimenduaren arabera egiten duela errausketaren tratamenduaren sailkapena. %65 gainditu behar da balorizazio gisa hartzeko; gainditzen ez bada, isurketa eta ezabaketa da, inola ere ez balorazioa.

Xavier Elías Castells, ingeniari eta nazioarteko aholkulariaren iritziz, ez dago inon %20tik gorako energia elektrikoko etekina lortzen duen errauste plantarik. Birziklatzen den plastiko kilo bakoitzeko orduko 5 kw aurrezten dira. Aldiz, errausketaren bitartez, orduko 2 kw sortzen dira. Hor dago aldea.

Agian, Elias jaunak Europako Batasunaren ahotan jarritakoak eragina izan du Cano jaunarengan, eta horregatik eskatu du Eliasek energia balantze orokorra hobetzea egungo garaietarako; zehazki, Zubietako termoelektrizitate zentralak izango duen batez besteko errendimendu orokorra argitaratzeko proposatu dio GHKri, kontuan izanik emaitza negatiboen kasuak eta aurrekariak badaudela. Hor dago, agerian, De Vlaamse, Belgikako Energia ministroak esandakoen oihartzuna ere. Horrek argindar berriztagarria sortzeagatik ematen diren prima eta laguntzak kentzeko eskatu du, entropia horretatik atera eta azpiegitura alorrean Europak emandako laguntzen erabilera txarra saihesteko.

Prima horiek erretiratzen badira, nola ziurtatu bi aldeen artean adostutako irabaziak? Enpresa pribatuekin sinatzeko lehen ahaleginaren atzerapena Asensio jaunak salneurria hobetzeko birnegoziazioari leporatu arren, benetako kezka da GHK-k ezin dielako %10,5eko irabazi garbia ziurtatu proiektua bere gain hartuko duten enpresa pribatu horiei. Gogoan dugu Bidegi kasua, eta gogoan ditugu baita Swapp-ak ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa sinesgaitza da. Zigarro purua erre, eta, aldi berean, txistua joko duela esaten duenak daukan sinesgarritasun berbera. Gogoan badugu, gainera, Europako Batasunean kontsumitzen den energiaren %20 energia birziklagarrietatik sortzea derrigorrezko izango dela 2020tik aurrera; Zubietan XXI. mendeko teknologia, baina XIX. mendeko errendimendu termoelektrikoa izango dela; Europako Batasunak debekatu egingo duela 2030etik aurrera birzikla daitekeen edozer erraustea; eta ezingo dela sortutako errefusaren ehuneko %30etikgora erraustu...

Egia ispilu zatikatu batean dagoela zioen Manuel Machadok, eta inork ez dituela puska guztiak. Nire egia? Ez. Zure egia? Ezta ere. Baina elkartzen baditugu, egia zati handiagoa izango dugu. Canok arlo politikoan gardentasun handiagoa eskatzen duen bezala, Gipuzkoako gizarteko hainbat sektorek eta herritarrek eskatu dute Asensio jaunak argitu dezala ispiluaren beste pusketan zer dagoen. Eskaera hori egin dutenetako batzuk dira, esaterako, GuraSOS elkarteko aita eta ama kezkatuak. Ispiluaren beste aldean dauden «irudi» ezkutuak ezagutu nahi dituzte Asensioren ahotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.