Errausketa eta aire kutsadura

Xabier Mitxelena Iparragirre. Jose Mari Tallon Aviles
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aire kutsadura albiste da behin eta berriz,bere maila altua dela eta. Europako hainbat hiri behartuta suertatu dira zenbait neurri hartzera, gehienbat trafikoa mugatzea, maila horiek gutxitzearren. Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) txosten baten arabera, aire kutsadurak 2012an zazpi milioi heriotza eragin zituen, ingurugiro arrisku latzena dela baieztatuz. Materia partikulatua, ozonoa, nitrogeno dioxidoa eta sufre dioxidoa dira biztanleriaren osasunerako aire kutsatzailerik kaltegarrienak. Kutsatzaile horiek gure artean lehendik genituen, bereziki eritasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta minbizia sortuz, eta talde zaurgarrienak gure ume eta helduak izanik. Europako Ingurumen Agentziaren estimazio batzuk 2,5 mikra diametroko baino txikiagoko materia partikulatuari egozten diote 23.180 lagunen heriotza goiztiarra, estatuan, 2014an; Gipuzkoan lirateke horietatik 374.

OMEk aipatutako kutsatzaileei dagokienez, deigarria da erraustegien isurketekin estu lotuta daudela. Komeni da gogoratzea horiek industria instalazioak direla, eta hondakinen konbustioa, teorian kontrolatuta, gertatzen dela, hondakin horien bolumena gutxitzearren eta energia berreskuratzeko, azkeneko hori neurri apalean lortzen bada ere. Planta horiek aitortzen dute lehen aipatutako kutsatzaileen edo beren aitzindarien urtero ehunka tona beren tximiniek isurtzen dituztela. Izan ere, horiek dira halako instalazioek kopuru handienean aireratzen dituzten kutsatzaileak. Isurtzeen zenbatekoa irudikatzeko, Zabalgarbiren emaitzak estrapolatuz, Donostiako erraustegiak, errendimendu osoan, urtero 27.000 diesel auto zaharrek adina nitrogeno oxido isuriko luke, kontuan harturik autoen 10.000 km urteroko errodajea (auto baten batezbestekoa), hamar urteko adina eta beren benetako isuriak.

Carlos III. institutuko ikerlari batek duela hilabete batzuk adierazi zuen bezala, edonork uler dezake kutsadura industriala egunez eta gauez isurtzen duen foku baten inguruan urteetan zehar bizitzea ez dela izango kalterik gabekoa. Ez dirudi gure foru agintariak iritzi berekoak direnik. Baten bat prest agertu da burdin goria eskuetan hartzeko Donostiako erraustegiaren osasun ondoriorik eza defendatzeagatik. OEITko (Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko) medikuok ondorioztatutakoa Madrilgo ikerlariak esandakoaren ildotik doa. Urteak daramatzagu foru agintariekin elkartu nahian, industria-instalazioen osasun arriskuak aurkeztu ahal izateko, baina erantzunik jaso gabe. Gustatuko litzaiguke jakinaraztea, hamalau urtez errausketaren eta osasunaren arteko lotura aztertzen jardun ondoren, ezin dugula esan errausketa kaltegarria ez denik. Aitzitik, gaixotasun kardiobaskularren, arnasbideetakoen eta minbizien intzidentziaren areagotze bat agertzen duten argitaratutako azken ikerketa europarrak erakutsiko genizkieke; aire kutsadurari leporatutako antzeko gaixotasunak, hain zuzen ere. Aurrekoarekin lotuta, OMEk berriki argitaratutako dokumentu batean erraustegiari buruz esandakoa azpimarratuko genieke. Halaber, gogoraraziko genieke dioxina polikloratuen —neurtzen diren bakarrak, alegia— aire isurpenak neurtzeko ohiko moduak nekez azaltzen ahal duela kutsatzaile horren benetako isurketa kopurua, urteko batez besteko funtzionamendu denboraren %0,4n oinarritzen baita. Jakinaraziko genieke kalkulu horietan ez direla aintzat hartzen martxan jartzeko faseen ondoren isuritako dioxinak, kontuan harturik erraustegia martxan jartzen den aldiko sei hilabetetan isurtzen den dioxinen kopurua isurtzen ahal dela, Hanburgon egiaztatu zuten bezala (bai, Alemanian). Neurtuko ez diren (harrigarria bada ere) kutsatzaileak aurkeztuko genizkieke, baita dioxinen bezalako eragina dutenak ere. Azalduko genizkieke azkeneko ikerlanak, erraustegiek finantzatu gabeak, zera erakusten dutela: erraustegien inguruan ekoiztutako janariak kontsumitzeak herritarrontzat duen arrisku gehigarria, dioxinen eta metal astunen kontzentrazioa altuagoa delako, aire isurpen mugak errespetatu arren. Horrekin loturik, jakinaraziko genieke isurpen muga horiek errespetatzeak ez duela inondik ere aire isurpen horiek kaltegarriak ez direnik esan nahi. Bukatuko genuke azaltzen aipatutako arrazoi hauek guztiek pentsarazten digutela Donostiako erraustegiak sortutako aire kutsadura arrisku onartezin bat litzatekeela herritarron osasunerako, eta jokaera egokiena izango litzatekeela, berau babesteko eta ardura printzipioa erabiliaz, errausketa, hondakinak tratatzeko modua bezala, alde batera uztea, eta berauek kudeatzea herritarron osasunean eta ingurumenean kalte gutxien erakusten duen moduan, gizalegez, euskaldunok esaten dugun bezala.

Agurtu aurretik, irakurle maitea, aire kutsadurak sortutako osasun arazoei buruzko berriak berriro entzutean, oroitu zaitez Donostiako erraustegiaz eta urtero isuriko lituzkeen ehunka tona kutsatzaileez, martxan jarriko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.