Joseba Gabilondoren España postimperial: ideologías del imperio restaurativo saiakeraren ariora, konstatazio bat: XIX. eta XX. mendeko ideologien porrotak. Nazionalismoarena eta komunismoarena, bertzeak bertze. Kapitalismoaren aurkako jardunbidean, ekologismoaren eta feminismoaren jardunak aintzat hartu behar dira, eta modu bereziaz populismoarena.
Ez dago Mendebaldeko fenomeno populista aztertzerik eta ulertzerik, iragan mendeko ideologiek frakasatu dutela onartu barik. Ideologia horiek balizko «egia» idealizatu zuten, betiere «errealitatea»-ri uko eginez. Gaur egungo «izate populista» utopiek elikatutako ideologiez gorpuztuta dago. Dela ezkerreko dela eskuineko populismoa. Biek ala biek elkar elikatzen eta gorpuzten dute.
Espainia postkoloniala edo postinperiala al da? Saiogile honen hitzetan Espainiak daukan arazoa Ilustraziotik heldu da. Aroz aro eraldatuz joan da, baina artean konpondu gabe dago. Espainiako Estatuaren egungo soberania aparatu postinperial errestauratiboan eta bere logika histerikoan datza. Bere tesiaren aurrean, nire burutazioa: Ados. Espainia, subjektua, hilik egon daiteke. Subjektu nagusi horrek herriak eta herritarrak sakrifikatu ditu berea osatzeko. Subjektu horrek are «sujeto»-ago edo «lotu»-ago bihurtu du pertsona. Ados. Nola askatzen da sujet hori, ordea?
Espainiako Estatuaren historia berraztertu beharra dago, dio Gabilondok. Gaurdainoko aroak aztertu ditu. Eszenatoki guztiak miatu ditu, eta ez bide dute beraren historiaren konplexutasuna ulertzen laguntzen. Hauxe galdera: «Arazo postkolonialari buruz mintza gaitezke, Espainiako Estatu penintsularrari gagozkionean?». Ez. Irtenbide gabeko bideetatik garamatzate eta hau aditzera eman: «Espainiaren ikuspegi postkoloniala ez da historikoki zuzena».
Filosofo eta pentsalari askoren terminologiez baliatzen da –marxistak gehienak– «menderakuntzarako dispositiboak eta aparailuak» halakoxeak izan direla baiesteko. Ni, gezurrari zor eta «egia»-ren beldur, ez naiz gauza teoriko marxista horien terminologiekin eta pentsamenduekin bat egiteko. Tira, berdin dio. Ontsalaz, Gabilondoren tesiaren alde egin beharko nuke. Ni ere Gabilondoren terminologiaz eta pentsamoldeaz baliatzen naiz, kontrobertsia sorrarazteko, dialektikaren bidez eztabaida sustatzeko, helezina den errealitatera iristeko, historiaren kontakizun oro errealitate orotatik urrun dagoela pentsatzen baitut.
Historialariak eta historiagileak. Lehenbizikoek historiaren «gertaerak» eta «egiak» kontatzen omen dituzte. Bai ote? Bigarrenek historia egiten dute/dugu. Nago, baina, gero eta historialari gehiago dagoela eta gero eta historiagile gutxiago. Kapitalismoa dela, globalizazioa dela, neoliberalismoa dela… honezkero historia ez da erlijioaren, filosofiaren edota literaturaren laguntzaz gauzatzen. Geroz eta gehiago, Googlen betaurrekoetatik behatzen dugu mundua –euren atzean kukututa–: Whatsappez, Facebookez, Twitterrez… Idealismoek –erlijioek eta filosofiek– errealitateari bizkarra eman bazioten, mundu globalizatuan «errealitatea» zer den –jakin-nahi– izatetik urrun bizi gara. Anartean, adibiderako, literatura hiltzen ari da, askatasunerako konstruktu baitezpadakoa.
Espainia dekolonial-postkoloniala ote? Bai, dio Gabilondok. Hobe da, halere, «estatu espainiar postinperial» gisa deskribatzea. Nolanahi den ere, nago, jendeari –gehiengo oso zabal bati– bost axola zaizkiola izendapen horiek. Nazio espainiarrean bizi da eta. Horietako asko nazio euskaldunean bizi den ustetan. Ideologiek, jendearen arrazionalizatzeko ahalmena lantzen lagundu beharrean, erregimen zaharreko erlijioek bezala, ideologiek pertsona «nor izatera» iritsi ez den ilusio baten «engendroa» sorrarazi dute. Beldurrez sorrarazia.
Hona pertsona karakterizatzen duten hiru ezaugarri: beldurra, gezurra eta errua. Edozein dugula ideologia, ezein klase, nazio edota generoren partaide garela, beldurrak kokiltzen gaitu. Gezurrak biziarazten du pertsona. Errealitatean ezin bizirik, gezurraren bidez ekiten diogu bizitzeari. Hara, eta errua? Errua da, edozein erlijioren –elizak tarteko– edota ideologiaren eraginez –Stalin eta Hitler gogoan– gure kontzientzia inarrosten duena. Pentsa, Mendebaldeko elite politiko-ekonomikoek «herritar xumeei» egozten dizkiete sistema demokratikoaren erruak. Aro globalizatu inperial honetan pertsona «esklabo/preso» ezarri dute. Noski, badira «esklabo-preso» izanda ere, libreak «sentitzen» direnak. Sentimenduak, hara!
«Ez da sekula espainiar naziorik izanen», dio Gabilondok. Ederto. Adierazpen ideologiko ongi funtsatua izan daiteke. Tira, Hendaian bizi naiz, eta nazio espainiarraren existentzia bizi dut egunero, baita Frantziako nazioaren existentzia ere. Iparraldeko euskalduntasuna urtu bazen nazio frantziarrean, halaxe ere bizi dut Hegoaldeko euskalduntasuna. Hots, nazio espainiarrean urtua. Diluitua. Ipar eta hegoaldeko euskaldunaren idiosinkrasiak etnia baten ezaugarri, aiurri eta seta gordetzen ditu –bon, ez naiz antropologoa–, baina historikoki nazio-estatu biren menpe «hazi eta hezi» izan da. Bi hiritar moldeko –nagusiak aipatu arren– euskaldunak «sorrarazi» ditu: «Engendratu'».
Mendebaldeko pentsamendua kristau-erlijioaren «egia»-n sustraitu zen eta halatsu segitzen du egungo ideologien bitartez. Oraindik ere «egia» delakotik «erreala» delakorako bidea egin gabe daukagu. Pentsamendu suerte hori «errealaz» ari denean –errealitateari begiratzen dioenean– guztiz sekularizatu gabeko ideologiari atxikitzen zaio. Egun, ideologia suerte orok «psikoanalisi»-ra deribatu du.
«Zientziak ez dauka munduko dilema hauentzako erantzunik». Saiogile honek filosofia lehenesten du dilema horiek argitzerakoan. Argitzeko eta haiekin bizitzen ikasteko, gehitzen dut nik, dilema horiek konpontzeko modurik ez dagoenez kontziente izaki. Gabilondoren ustez, zientziak ez du «erantzunik» munduko arazoak bideratzen laguntzeko. Bada, ez dut ikusten filosofiak erantzun gehiago duenik, edo hobeagorik. Erlijioaren eta filosofiaren aldean, hobe literatura. Literatura interpretatzea «zientzia» modura hartzen dut.
* * *
Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan: https://blogak.eus/begizolia/espainiar-naziorik-ez-dagoela-hala-ote