Espainiako estutara demokrazia «formala» iritsi zenetik hauts asko harrotu da eskoletan erlijioa erakutsi behar dela eta ez dela. Hiru hamarkada joan badira ere, eztabaidak bere horretan dirau, eta azkenaldi honetan han-hemenkako mugimenduak ageri dira zentzu batean edo bestean, erakustearen alde zein aurka. Horren harira, nire hausnarketa plazaratu nahi dut.
Ez naiz hasiko Espainiako elizako sektore tematien argudiatzeei buruz, merezi ez duelakoan nago; baina, urrutira joan gabe, BIGEk, Bizkaiko Eskola Publikoko Gurasoen Elkarteak, eta bizkaitar gurasoen izenean, azkenaldian Denontzat eskola laikoa lelopean darabilen kanpainak kezka sortzen dit, esate batera. Kristau erlijioa guztiek ikasi beharraren defendatzaile, batzuk; erlijiorik (eskola eremuan) ez dela erakutsi behar aldarrikatzen, berriz, besteak; egia esan, ez dakit non dagoen batzuen eta besteen arteko aldea, tolerantziarako joera eskasean parez pare baitabiltza. Mendetan sinesmen hertsi, zorrotz eta kohertzitiboan egituratutako gizartea gauetik egunera heziketa aske eta akonfesionalaren erdian aurkitzen denaren kontraesana dakar horrek azalera.
Eztabaidaren abiapuntua, halere, erlijioaren kontzeptua argitzetik hasiko nuke, nonbaitera iristekotan. Zer ulertu behar dugu erlijioaz? Zein da bere egitekoa? Eta zein eremu, izatekotan, bete behar luke hezkuntza-sisteman? Izan ere, asko dira oraindik adoktrinamendu itxiarekin identifikatzen dutenak; iraganaren zama astunegi zaie horiei, hortaz harago beste zerbait irudikatzeko, kristautasunaren kontzepzio baztertzailearekin zerikusirik ez lukeen harantzagoko ikuspegi batetik aztertzeko.
Egungo psikologia ikerketa aurreratuenek, humanismoaren alorrekoak behinik behin, bat datoz pertsonaren gaitasunik behinenetakoa dela nork bere burua ezagutzearena, eta norberaren izateari zentzua emango diona ezagutzeko potentzialitatea. Eta, bitxia badare, ondorio berera joan da iristen fisika alorrean munduaren eta materiaren azken hondoa edo oinarria aztertzen diharduen jende jantzia. Horrekin esan nahi da, edozein hezkuntza-ereduk, arrakasta izan nahi badu, ezin diola norbanakoari ukatu bere heziketan potentzialitate hori garatzeko aukera.
Askatasunaren izenean umearen osotasuna era integralean lantzeko helburua duen eskola garaikideak bizitzan izateko eta izateari zentzua ematen lagunduko dion alorra aintzatetsi beharko du, nahitaez. Beste kontua da alor hori garatzeaz, espiritualitatearekiko sena neritzokenaz, erlijioa, etika edo dena delakoa arduratu behar den.
Zuzentasuna ardatz hartuta eginkizun hori etikari dagokiola aldarrikatzen duten arrazoi kritikoaren defendatzaileek kale itsura baino ez gaituzte eraman azken hamarkada hauetan. Gizabanakoa gidatuko duen ardatza arrazionalitatearen egia izan behar duela nabarmentzearen nabarmentzeaz, arrazoiaren muga hotz eta etorkizun gabeak ageriratuz bukatu du. Erlijioa edo erlijio-sena Eliza Katolikoaren aldarriekin identifikatzen duten laizistak, perspektiba zabalago baten aukera alferrikaltzen ari direlakoan nago; jende anitz, batez ere gazteak, izpiritualitate kutsua darion orotik aldentzen dituzte horrela. Zer da, bada, laizismoa, beste munduikuskera bat baino? Guztiz errespetagarria, nola ez; baina —beste asko bezala— ikuspegi baldintzatzaile eta mugatzailea, inondik ere. Esate batera, sen hori bizitza normaletik ezabatu eta eremu pribatura baztertu nahi duenean.
Kontraesana dago, adibidez, Jon Sudupe saikeragile zorrotzak orri hauetan bertan orain gutxi argitaratutakoan. Onartzen du gaurko gizartea askotarikoa dela, ez laikoa eta ez erlijosoa; aukera guztientzako lekua duena, alegia. Geroxeago, baina, erlijioa eskolako curriculumetik kanpo utzi behar dela ondorioztatuz bukatzen du. Askotarikoa bada, normalena izango litzateke hezkuntzan ere horren isla izatea, ezta? Hau da, aukera guztientzat lekua egotea, inor baztertu gabe eta ezer gutxietsi gabe.
Jon Suduperi hortik datorkio, ene uztez, J. Habermas-en bilakaera ulertzeko ezintasuna. Arrazoi kritikoak arrazoiaz haragoko ikuspegiak eragozten dituelako, hain zuzen. Dio pentsalari alemaniarra «erlijio sentimenduaren goresmenera» igaro dela, eta hori ezin ulertuzkoa zaio; egitez, izatasun sena berreskuratu baino ez du egin bizitza publikorako (erlijiositatetik baino religare-tik gehiago duena), urte luzeetan ukatzen jardun eta gero. J. Habermas, gaur-gaurkoz, egile aitortuenetarioa izatera iritsi da mundu mailan, aitortuena ez bada, kulturaniztasunaren elkarbizitza begiztatzeko izan duen sakontasunagatik, eta ezinbesteko ekarpenak egin ditu gizartean ezberdinen integrazioa (dela sinesmen aldeengatik, dela kultur nahiz ahalduntzeengatik) bideratzeko, bere baitan oraindik hainbeste min eta hainbeste zauri duen gizartean.
Amaraun horren erdian, gure seme-alaben heziketarekin kezkaturik gaudenok urrats berri batzuk ematera beharturik gara. Munduko pedagogia-lan aitortuenek diote bizitzaren lehen zazpi urteetan egituratzen dela ume baten izaera, eta tarte horretan bizi eta jasotakoek baldintzatzen dutela, goitik nahiz behetik, etorkizunean garatuko duena. Zazpi urte horietan egituratzen bada, esan nahi du tarte horretan umeak bere ahalmen guztiak izangai, puri-purian, dituela. Zergatik orduan ukatu bere izatearekiko, bere arimarekiko, sen hori? Zeren izenean, eta noren beldur? Gizakiagan, eta bidebatez, umeagan, sinesten badugu, ez dugu zertan izan inoren beldur. Umeari heldutasun integrala bermatzen badiogu, bere buruarekiko konfiantzan oinarrituta arazoen eta aukeren aurrean askatasunez gidatzea errazten ari gara, eta sen horrek hor bere tartea eskatzen du.
Horrek guztiorrek ez du ideologizazioarekin zer ikusirik. Hiru seme-alaben aita naizen aldetik, zuzenean ikusi ahal izan dut sen hori nola duten berezkotik, eta txiki-txikiak direnetik. Euren urrikusi ezineko eta bere-beretiko (inoiz guk kontatuak edo aireratuak ez diren heinean) azalpenek, kontakizunek, haragoko galderek, jarduerek… horrela diote; alabaina, guk inoiz kontatugabeak edo aireratugabeak izanagatik ere, erantzuna edo laguntza eskatzen digutenak.
Zergatik, beraz, naturaltasun hori arlo pribatura mugatu? Zergatik arlo publikotik deserriratu? Gizakiak garen heinean, izaki sozialak, ehun horretan —eta, ondorioz, hezkuntzaren ehunean ere- tokia, errespetua eta tolerantzia bidelagun, berezko izan behar du.
Gaur egungo baliabideek mundu osoko erlijio eta ikuskerak gertutik ezagutzeko parada eskaini digute. Bata besteekin alderatuta, eta ñabardurak ñabardura, ikusi da guztiak antzeko balioetan oinarritzen direla, balio unibertsal berdinak balioesten dituztela. Hori izan daiteke eskolan hedatzeko abiapuntuetako bat.
Erlijioa eskolan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu