Hasi da matrikulazio kanpaina Haur eta Lehen Hezkuntza eta DBHko ikastetxeetan. Hasteko, eskola publiko bat ala pribatu bat nahiago duten erabaki behar dute gurasoek. Gure hautua eskola publikoaren aldekoa da, eta beste aukeraketa baten garaia iristen da: erlijio ikasgaia bai ala ez.
Legeak hala aginduta, eta Konkordatua eta beste akordio batzuk aplikatuz, Espainiako Estatuko eskola guztiak behartuta daude erlijio-ikasgaia eskaintzera, nahiz eta matrikulatzeko orduan erlijioa edo haren ordezko ikasgaia jasotzeko aukera izan. Itunpeko eskola pribatu askotan hautatzeko aukerarik ez dagoen susmoa dugun arren, matrikulatzeko baldintzen artean sartzen da Erlijioa; hezkuntza administrazioak ez du interes handirik jartzen legea betearazteko, publikoan soilik ikuskatzen du legea betetzen den ala ez. Hori dela eta, Laikotasuna taldetik ere zenbait puntu azaldu nahi genuke, aukera egiterakoan lagungarriak izan daitezen:
Gaur egun erlijio-aukera oso txikia da eskola publikoan. 2019-2020ko ikasturte honetako matrikulazio-datuen arabera, EAEn %16,05ek soilik aukeratzen du erlijioa derrigorrezko mailetan. Gainera, ehuneko horiek gutxituz doaz ikasturtetik ikasturtera. Erlijioa da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen etapan aukerazko gai bakarra. Beraz, hautatzen duten gurasoek kontuan har dezatela ikasturteko 40 ordu gutxi gorabehera euren semeak bere taldetik kanpo igaroko dituela. Ez dugu esango horrek kohesio arazoak sortzen dituela, baina lagundu, ez du laguntzen.
Gela bakoitzeko oso ikasle gutxi direnez, ikastetxeen joera mailako guztiak batera jartzea da. Horrek maila guztietako ordutegi osoa baldintzatzen du, erlijio-orduak lehenengo ezartzen baitira, eta gainontzekoak horren baitan banatzen dira.
Ikasleak «bizitza etikoa» ikastea beharrezkoa dela esaten digute, baino erlijio-orduetan ez dute etika ikasten, morala baizik. Batzuetan etika orokorraren aurka doan moral hori (emakumeen diskriminazioa, aniztasun afektibo-sexuala, eta abar). Gainera etika irakastea ez da irakasle baten lana, irakasle guztiena, gurasoena eta gizarte osoarena baizik, eta haren oinarria giza eskubideak izan behar dira.
Adin hauetan ikasleak oraindik ez dira nahiko helduak honelako gogoeta sakona egiteko. Fededunak gurasoak dira, eta umearen eskubidea kolokan jartzen da. Eredurik egokiena da pertsona nahiko hazi eta hezi denean aukeratzen uztea.
Urtean 700 milioi euro baino gehiago gastatzen ditugu batzuen pribilegio hori mantentzeagatik. Bai, pribilegioa da; eskubidea balitz, guraso guztiek (ateoek barne) bere sinismenak (edo sinesmenik eza) beren umeei ezartzeko aukera izango lukete denon diruarekin. Izan ere, 700 milioi horiek denok ordaindu ditugun zergetatik ateratzen dira. Horrek demokrazian oinarrizkoa den berdintasuna zapuzten du.
Amaitzeko, berretsi nahi dugu beharrezkoa dela eskolak erakunde publiko gisa izan behar duen ezinbesteko izaera laikoa bermatzea, erlijio konfesionala hezkuntza-sistema ofizialetik kanpo utziz, hau da, curriculumetik eta eskola-eremutik kanpo. Eta hori lortzeko, Espainiako Gobernuari eskatzen jarraitzen dugu Espainiako Estatuak Egoitza Santuarekin (1979ko Konkordatu ospetsua) egindako akordioak salatzea eta indargabetzea, baita beste erlijio-konfesio batzuekin zentzu berean sinatutako akordioak ere. Horrengatik, gure aholkua hauxe: ez matrikulatu zure umea erlijioan.
Erlijioa eskola publikotik at
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu