Sekretu bat gordetzeko modurik onena zer da, ezkutuan gorde beharrekorik ez izatea. Sekretu bat, bi lagunek baldin badakite, lehenago edo geroago ez da izango sekretua.
Gorroto ditut zurrumurruak, bateko eta besteko txutxu-mutxuak, eta ezin txarragoak iruditzen zaizkit programa arrosak eta komunikabideetako reality-ak. Ez diet kasurik egiten, eta, belarrietara iristen baldin bazaizkit, ez diet garrantzirik ematen. Nazkagarria da ikustea bikote harremanekin zerikusia izaten dutela maiz zurrumurru horiek, eta nola bultzatzen duten jendea morbora. Norbaiti buruz gaizki esaka aritzen dira gehiegitan, hartaz gaizki hitz egiteko gogoz, informazioa ematen ari diren itxurapean. Zurrumurru horiek min ematen dute. Egia diren zantzurik baldin badago, eta delitutzat hartzeko modukoak badira, Poliziari edo justiziari aurkeztu behar zaizkio. Kontakizuna pertsona jakin batzuen bizitza pribatuari soilik badagokio, ordea, ezin dugu zurrumurru bihurtu: haren parte den norbait ezagutzen badugu, betebehar moralari segituta, zurrumurruaren berri eman diezaiokegu, laguntzeko.
Iñigo Errejonen kasuan, berriki argitara atera diren indarkeria matxista eta misoginoko jarrera horiek beste zauri bat ireki dute aurrez ere politikarien inguruan geneukan pertzepzioan. Horrek argi erakusten du emakumeen kontrako indarkeria ez dela ideologia kontua, eta ezagutzen ditugun gizon batzuentzat aukera bat dela, sekretu bat; gizon horiek, zoritxarrez, atzean utzi ez ditugun garai batzuen fruitua dira.
Egiazko demokrazia lortzea posible da baldin eta hari eusten dioten politikariak berak etikotasuna errespetatzera emanak bizi badira, eta beren burua egokitu badute herritar eredugarrien eskakizunak betetzeko. Arlo pribatuan eredugarriak ez bagara, res publica-n ere ez gara izango. Nelson Mandelak zioenez, «buruzagi politikoek moralaren eta etikaren eredu izan behar dute beren jardunean eta jokabidean».
Errejonen kasuan, nahiz eta aurrez ere bazegoen zurrumurrurik, baliteke zaila izatea argitzea jokabide horiek zenbateraino izan ziren delitu moral eta zigorgarriak, eta, horregatik, ezinbestekoa da guztiok ahalduntzea. Ebidentzia zientifikoek argi eta garbi erakutsi dute onespen librean oinarrituta ez dauden harremanak toxikoak eta indarkeriazkoak direla. Harremana aldi baterakoa izan zein luzea izan, bikotekideak jarrera patriarkal eta matxista hartzen badu zerbait egin beharra dago, eta dagokionari horren berri eman. Bestela, emakumeak jarrera gorrotagarri eta/edo zigorgarrien isilpeko biktima izango dira aurrerantzean ere, eta ingurukoak isilik geratuko dira.
Albiste horren harira, berriz ekin diot Javier Gomak Ejemplaridad pública (Eredugarritasun publikoa) liburuan bildutako testuak irakurtzeari. «Gaur egungoaren gisako askatasun garaietan, non subjektibotasunak eta arrunkeriak hartua baitute dena, bertuteak zeharkatu gabeko jokabideek basakeriara daramate ezinbestean».
Bukatzeko: jende gehiegik nahi du ospea lortu. Zeren ospea, eta zertarako? Zuhurtzia, isiltasuna eta ohitura onak dira bizitzarako bidelagunik onenak. Zweigek aipatu bezala Rainer Maria Rilkek dioenez, fama zera da, «izen baten inguruan pilatzen diren gaizki-ulertu horiek oro».
(*) Erredakzioan itzulia