Seguruenik, zuotako batzuok jakingo duzue ezkerreko alderdi batzuk (ERC, BNG, En Comú eta Compromís) berde ekologisten taldean egongo direla Europako Parlamentuan, eta ez Europako Ezker Batuarenean. Beharbada, jendeari bost axola izango zaio non sartzen den alderdi bakoitza. Niri, baina, kezka eragin dit ideologia aurrerakoia omen duten indar politiko horien jarrerak, hartan ere europar berdeen taldeko alderdi batzuk, ekonomiari, afera sozialei eta bakeari dagokienez, liberalismotik, kontserbadurismotik eta belizismotik gertuago daude eta.
Errepasa dezagun ba zer-nolako lagun parlamentarioak izango dituzten Diana Riba (ERC), Ana Miranda (BNG), Jaume Asens (En Comú) eta Vicent Marzà (Compromís) eurodiputatuek hemendik goiti. Riba eta Miranda dagoeneko eskarmentudunak dira berdeen talde parlamentarioan, hortaz, beren kasuan, aspaldi hasi zen ezker orlegi bitxiarekiko harremana.
Has dezagun ibilalditxo hau Alemaniako Die Grünen alderdia aztertzen. Die Grünen Alemaniako Gobernu Federala osatzen duten hiru alderdietako bat da, eta Europako Parlamentuko Talde Berdeko indar nagusia. Jite ekologistako alderdi hori, 80ko hamarkadan ofizialki «bakezalea» bazen ere, azken urteotan otanismoaren irozkai handienetakoa bihurtu da.
Ukrainako guda hasi zenean, europar guztiok izan ginen sobietar herrialde ohira egindako arma-bidalketaren lekuko. Bidalketa haren gainbegiratze- eta kudeaketa-lanak, hein handi batean, Scholzen kabineteko Kanpo Aferetarako ministrari Annalena Baerbocken esku geratu ziren, eta gogora dezagun Baerbock Die Grünenen kantzilergaia izan zela 2021eko hauteskunde federaletan.
Bada, hori ikusita, egiazta dezakegu nola alemaniar berdeek Estatu Batuetako administrazioaren morroien pare jokatu duten Zelenskiren gobernuari militarki laguntzeko. Eta, alderdi berde horretan, jakin badakite Zelenskik kolaboratzaile nazi baten izenean bataiatu zuela Ukrainako indar armatuen unitate bat. Otanismoa eta gobernu nazizaleentzako laguntza militarra, dena batean.
Estrasburgon eta Bruselan egoitza bana duen parlamentuan, ekologistei erreserbaturiko jarlekuetan, Finlandiako Liga Berdea ere esertzen da. 1987an fundatua, protesta-alderdi alternatibo izatetik bere iraganaz arnegatzera igaro da, eta larriena da alderdiaren kandidatu nagusietako batzuek ez dutela batere atsegin beren burua «ezker-eskuin» espektroan definitzea.
Politika jakin batzuei dagokienez (ezkontza homosexualak, kalamuaren legeztatzea, oinarrizko errenta unibertsala), bere herrialdeko alderdirik aurrerazaleenetakoa da, baina, afera ekonomikoez bezainbatean, kideek zer defendatu ere ez daukate argi. Izan ere, barne-korronte batzuek «liberalismo berde» deritzona aldezten dute. Bitxia, franko bitxia, ingurumena suntsitzen ari den kapitalismo basatiari petxua eman nahi dion ekosozialismoari uko egiteko erabiltzen duten terminoa.
Irlandako Alderdi Berdea ere espezimen exotikoa dugu. 1981ean jaioa, zentro-ezkerreko alderdi horrek bere historiako emaitzarik pozgarrienak erdietsi zituen 2020ko Irlandako hauteskunde orokorretan, hartan ere bi eserleku izatetik hamabi jadestera iragan zen eta. Gau hartako datu elektoralen arabera, posibleena zen Fianna Fail eta Fine Gael eskuindarren arteko koalizioa egotea. Eta zer egin zuen Alderdi Berdeak? Oposizioan geratu, bertatik kontserbadoreei buru egiteko? Ez horixe. Hirutariko gobernu batean sartu zen, dena kabinetean karguren bat edo beste lortzearren. Jarrera progresista al da? Juja ezazue zeuek.
Azken alderdia eta bagoaz! Zein izango ote da? Lituaniako Laborari eta Berdeen Partidua (hemendik aurrera LVŽS). Berez, alderdiko militanteek beren burua «zentro-eskuinean» kokatzen dute. Lituaniako Seimaseko (bertako parlamentua) oposizioko lehen indarrak, ERC, BNG, En Comú eta Compromísen printzipioen aurkako postulatuak babesten ditu. Adibide ezin hobea dugu genero bereko elkartzeekiko hartu zuten posizioa, alderdia halako ezkontza edo elkartze zibilen kontra agertu baita.
2021eko maiatzean, Elkartze Legearen debatean zehar, LVŽSko diputatu Tomas Tomilinasek, nahiko kritikoa alderdiaren jarrera ofizialarekin, boto-disziplina hautsi eta bikote homosexualek eta heterosexualek legezko estatus bertsua izan zezaten ahalbidetuko zuen testua sostengatu zuen. Ondorioz, talde parlamentarioaren zuzendaritzatik egotzi zuten, baita alderdiko presidenteorde kargutik ere. Ez da harritzekoa gerora Tomilinasek afiliatu gisa baja eskatzea, batik bat partiduko «barne-demokrazia urria» eta «manugaitzen ehiza eta erreketa» salatzeko.
Dakusagunez, indar politiko hautak daude talde hartan (suma dadila ironia). Benetan hor sartu nahi dute Ribak, Mirandak, Asensek eta Marzàk? Ba al dira kontziente zer-nolako politikak defendatzen dituzten alderdi horiek? Eta, gehiago dena: ba al dira kontziente ez datozela bat eurek sostengatzen dituztenekin? Erantzuna ezezkoa bada, engainatu, bairatu egin dituzte, ziria sartu diete. Erantzuna baiezkoa bada, hausnarketa sakon eta luzea egin beharko dugu estatuko ezkerreko alderdi eta ordezkarien jardunaren gainean.