Eraso sexisten aurkako zuzi olinpikoa Iruñean piztu da

2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Espero genuen eta prest geunden. Aurten ere eraso sexistak Iruñeko San Fermin jaietako gai protagonista izan dira. Ez eraso gehiago (edo gutxiago) espero genituelako, azken urteotan mugimendu sozial, komunikabide eta instituzioen aldetik hartu den aktibismo, interes eta konpromisoaren lehenengo fruituak jasotzea egokitzen zitzaigulako baizik. Pozik gaude; arazoa agenda publikoan kokatu da, tinko, eta bertan geratuko da uda honetan behintzat (eta luzerako espero ere!). Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko jaietan zehar inpaktua izango du, dudarik gabe. Iruñeko gizarteak eraso sexistei kalean eman dien erantzuna erreferentzia bihurtu da, baina zer gertatu da aurten Iruñean arazo zahar honek sortu duen oihartzuna eragiteko?

Zaila da gertatukoaren muina bereiztea: 2016ko sanferminetan iraganean baino bortxaketa gehiago izan dira ala erasoak jasan dituzten emakumeek kopuru handiagoan ausartu dira salatzera? Kasu larrienei dagokienez, gorabehera estatistikoa ez da handiegia izango segur aski. Bizi izan dugun benetako eraldaketa, aldiz, horiei eman zaien garrantzia, ikuspegia eta gaitzespen sozial izugarria izan da. Hori guztia ez da egun batetik bestera lortzen den eraldaketa, hainbat faktore hartu behar dira kontuan fenomenoa ulertu ahal izateko, ordea. Besteak beste, gogora ditzagun zenbait mugarri: Nagore Laffageren hilketak gizartea astindu zuen 2008ko sanferminetan, baita testuinguru honetan emakumeok dugun askatasunari buruzko eztabaida piztu ere. Zenbait urte beranduago, 2013an Pikara Magazine aldizkari feministak txupinazoan izaten diren zirrien inguruan argitaraturiko albisteak dimentsio ikaragarria hartu zuen, estatu mailako eta atzerriko komunikabideen agendan sartu, eta mota guztietako erantzunak eragin zituen. Berriz ere, emakumeon mugimenduen mugak eztabaidan zeuden, baina, oraingoan, mundura zabaldu zen mezua zorrotzagoa zen: eraso sexistak ugariak eta ohikoak dira sanferminetan. Erlazio zuzenik ez duten bi gertakari horiek emakumeen aurkako indarkeriaren mamua mahai gainean ipini zuten, gustukoa izan ala ez, ados edo kontra, gai saihetsezin bilakatu da horrez geroztik sanferminetan.

Iruñeko jai handiak eraso sexistekin egin den lotura zuzenak pentsarazi, urduritu, haserretu eta zatitu egin du Nafarroako biztanleria. Erlazioa bidegabekoa da beharbada: sanferminetan horien antzeko beste festa garrantzitsuenetan baino eraso gehiago izaten diren aztertzeko dago. Aurtengo sanferminetako berezitasuna, aurretik egindako lanaren ondorioz, mugimendu sozialek eta instituzioek hartu duten erantzun benetan serioa izan da. Orain arte baztertuak eta zentsuratuak ziren mugimendu sozial eta kolektibo feministek, Udalarekin batera kanpaina diseinatu, haiekin protokoloak landu eta aplikatu, eta elkarrekin adierazpenak, aldarrikapenak eta manifestazioak egin dituzte. Nafarroako eta Iruñeko instituzioek ez dute lotsarik izan, eta eraso sexisten aurkako eragile borrokalari gisa agertu dira munduaren aurrean. Hori guztia sumatzen zen jada maiatzean, sanferminen atarian, Iruñean gertaturiko zenbait bortxaketaren inguruko polemikari eman zitzaion erantzuna ikusirik.

Zaila da imajinatzen beste delitu moten aurkako kanpaina publikoek (lapurretak, ustelkeria-delituak, gorroto-delituak...) hiri baten irudiari kalte egin diezaioketenik. Benetan irudi txarra islatzen al du, zenbaitek pentsatzen duten moduan, Iruñeko hiriak unibertsala den arazo larri hau kaleratzeko eta salatzeko hartu duen konpromiso sendoak? Helburua kosta ahala kosta turistak erakartzea baldin bada, orduan bai. Iruñeko biztanleriari begira, erantzun instituzionala beharrezkoa zen, merezi genuen; abiapuntu ezinbestekoa da bizi garen gizarte matxista urtero-urtero eraldatzeko, genero gizarteratze ereduak ez baitira egun batetik bestera egokitzen. Badugu baikorrak izateko adibideren bat: sanferminetan salatu zen erasoetako bat adingabe batek ipini zuen, harreman sexual bat hasi, eta aurrera jarraitzean damutu ondoren bortxatua izan zena. Gertaturikoa lagun taldeari jakinarazi zionean, horiek erasoa poliziei salatzera animatu zuten neska. Hona hemen gakoa, erasotzaileen eta erasoa jasandakoen lagunak funtsezkoak dira lehenengoak kontrolatu eta bigarrenei lagundu ahal izateko, eta, horretarako, ezinbestekoa zaigu instituzioen konpromiso feminista aktiboa, ikuspegi eta jarreren eraldaketa bideratzen lagunduko dutena. Aipaturiko neskaren salaketa azken urteotan ikusi dugun sentsibilizazioaren ondorio da beharbada; beraz, datozen urteotan eraso sexisten estatistikak gora egiteko prest egon behar dugu, bada. Hala ikusi dugu ukitze kasuekin, aurten salatu dituzten gehienak estatuan bizi diren emakumeak izan dira eta.

Euskal Autonomia Erkidegoko jai nagusienetariko batzuk aurretik ditugu oraindik, ea Iruñeak piztu duena erreferente gisa harturik, eta zuzi olinpikoaren modura, lekukoa poliki-poliki zabalduz doan. Udalerriek ezingo dute hemendik aurrera beste alde batera horren erraz begiratu, politikoki zuzena izateko bada ere, erantzuna eman beharko dute publikoki. Ea berriz izaten garen, zoriontsu, edozein herriko jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.