Urtea bete da, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eider Mendoza Ahaldun Nagusi izendatu zutenetik. 365 egun, zilegitasun osoz, baina herritarren mandatuari bizkar emanda, PPri eskua eskaini, eta besotik helduta agintaldi berria hasi zuenetik. Erantzukidetasunaren legealdia izango zela aurreratu zuen Mendozak kargua hartu berritan, baina, tamalez, iragarpen haren zantzu edo seinale bakanik ere ez, lehen urtebete honetan behintzat.
Izan ere, aginteari euste hutsagatik sortu zen Foru Gobernu hau, EH Bilduri, herrialdeko lehen indarrari, gobernatzen ez uzteko xede garbiarekin. Orduan, hauteskundeak irabazi berritan, Maddalen Iriartek, kooperazioa lehenetsita, gobernagarritasuna bermatzeko eskaintza programatikoa egin zien gobernuko kideei, baina nahiago izan zuten eurenean gotortu, eta Espainiako eskuinaren esku utzi Gipuzkoaren gobernagarritasunaren giltza. Erantzukidetasunaren esanahiarekin guztiz kontrajarria dator.
Urte oso honetako ekintzek eta egiteko moduek erakutsi dute elkarlana, kooperazioa eta erantzukizuna konpartitzea, hori baita erantzukidetasuna, hitzetarako eta idatzietarako soilik uzten jarraitzen duela Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta berean eta betikoan gotortzeko hautua egina duela hasiera-hasieratik.
Aurrekontuena da horren adibide garbia. Gutxiengoan dagoen gobernu batek badaki akordioak ezinbestean bilatu eta topatu beharko dituela aurrera egiteko, eta jakin ere badaki horrek, eskatzea ez ezik, ematea ere badakarrela berarekin. Erantzukidetasuna. Eider Mendoza ez da gai izan oposizioan dauden alderdietako bakar batekin ere adostasunera iristeko. Eta hori zerbaiten seinale da. Ondorioz, Gipuzkoak eta gipuzkoarrek zaharkitutako aurrekontuarekin onduko dute 2024a, hautetsontzietan garbi adierazi duten arren aldaketa nahi dutela herri honentzako, aldaketa. Are gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiak politika publikoak indartzeko 30 milioi euro gehiago erabiltzeari muzin egin dio, gaur-gaurkoz, zergatik eta oposizioko alderdiekin adostu beharra daukalako diru hori erabiltzeko era. 30 milioi geldirik, ezberdinekin akordioak iristen ez ahalegintzeagatik, ze ahalegindu ere ez da egin, eta proposamenik ere ez digu egin, ez alderdiei, ez batzar nagusiei.
Beste horrenbeste gertatu da legealdiko plan estrategikoarekin ere. Erantzukidetasuna da, hamarkadetan egin den bezala, legealdi hasieran Diputazio berriak bere plan estrategikoa Batzar Nagusiei aurkeztu, eta bertan ordezkaritza duten alderdiei ekarpenak egiteko saio berezi bat egitea. Legealdi honetan ez du horrelakorik egin nahi izan Foru Aldundiak, Gipuzkoako ganberari ekarpenak eta proposamenak egiteko atea parez pare itxiaz.
Izan ere, ikusten ari gara Batzar Nagusiak nahieran erabiltzeko tentazio edo xede moduko bat Eider Mendozak gobernantzen duen Foru Aldundiarengan. EAJ eta PSEren kontrako botoekin hainbat ebazpen proposamen onartu ditu Gipuzkoako ganberak urte honetan. Mandatu horiek betetzeko konpromisorik ez du hartu nahi izan, ordea, Mendozak. Beteko al dituen galdetuta, ez zuen baiezkorik eman ahaldun nagusiak; hori bai, behin eta berriz esan zigun ez zirela lotesleak. EH Bildun garbi daukagu batzar nagusiek dinamika politikoaren erdigune izan behar dutela eta kalitatezko eztabaida nagusiak bertan kokatu behar direla. Diputazioak instituzioa balia dezake eztabaida mugatzeko edo eztabaidak sustatzeko, eta, gaur-gaurkoz, aurreneko 12 hilabete hauetan, mugatzearen aldeko hautua egin du.
Erronka handiak ditugu parez pare: trantsizio ekosoziala eta digitala; gizartearen zahartzea, zaintza... Eta horiei aurre behar bezala hartzeko, ezinbestekoa dugu herri gisa aritzea, kooperazioan, batera. XXI. mendeko hamarkada erabakigarrian sartuta gaude; gaur egun hartzen ditugun eta, hartzen ez ditugun, erabakiek baldintzatu egingo dute zibilizazio moduan, baina baita herri moduan ere, dugun egitekoa. Erantzukidetasuna baino gehiago, gotorkeria sumatu diogu, ordea, Foru Gobernu honi, lehen urte honetan behintzat. Betikoari eta betiko eran heltzeko beharra eta joera, aldaketa ezinbestekoa den garai hauetan. Kezkatzen gaitu urtebete honetan Diputazioaren politiketan aldaketa estrategikorik ez ikusteak eta orain arteko bidetik jarraitzearen aldeko apustua egin izanak, hain justu, politika zaharkitu horiek ekarri gaituztenean krisi aro honetara.
Eta ez du jada EH Bilduk bakarrik esaten; gipuzkoarrek esan dute, urtebetean, lau aldiz jarraian, aldaketa nahi dutela herrialdean. Foru hauteskundeetan, 15.000 botoren aldea atera zion koalizio abertzaleak EAJ bigarren indarrari; Espainiako gorteetarako bozetan, 30.000 botoren aldea; Gasteizko legebiltzarrerakoetan, beste horrenbeste, eta Europako hauteskundeetan 38.500 botoren aldea hirugarren gelditu den alderdi jeltzaleari. Gipuzkoarrek behin eta berriz esan dute herri honen norabidea aldatu behar dela, eta aldaketa horren lemazain EH Bilduk izan behar duela. Ikusi ikusten dutelako, herriz herri, koalizio abertzaleak gobernantzen duen tokietan hobeto bizi dela jendea, eta EH Bildu dela herri honen ongizatea bermatu duen indar politikoa. Gure konpromisoa argia da: herritarrek gugan behin eta berriz jarri duten konfiantzak isla izan behar du oraingo eta etorkizuneko politiketan, eta horregatik arduraz eta erantzukizunez arituko gara.
Gotorkeriak alde batera uzteko unea da. Politika egiteko modu berriak ezinbestekoak dira garaiotan, herri moduan biziraun nahi badugu behintzat. EH Bildu beti egon da horretarako prest. Gogora dezagun, duela urtebete, Foru hauteskundeak irabazi ondoren Maddalen Iriartek proposatu zuela gobernagarritasuna bermatzeko indar ezberdinen arteko adostasun programatiko bat erdiestea, eta EAJ eta PSE izan zirela ezezkoa eman, eta herri honen giltza PPri eman ziotenak. Eta, orain ere, EH Bildu izan da fiskalitatea erreformatzeko ponentzia egitea proposatu duena, eta herritarren ongizatea helburu bakarrarekin, adostasuna iristeko ahaleginetan ari dena.
Erantzukidetasunaren legealdia izan behar omen duen honen lehen urtea, beraz, gotorkeriaren urtea izan da Gipuzkoako Diputazioan, hitzaren beraren zentzua lausotzeraino. Oraindik garaiz gaude, benetan borondaterik bada, egoerari buelta emateko. Aspalditik ari gara horretan EH Bildun, eta hala jarraitzeko konpromisoa berresten dugu beste behin, lausoa bakandu eta senari heltzeko.