Erantzunik gabeko galderak

Itziar Fernandez Mendizabal eta Andoni Louzao Bustamante
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Christos Stylianides, Laguntza Humanitario eta Krisi Kudeaketarako Europako Komisarioa, Deustuko Unibertsitatean egon zen joan den astean, ustez herritarrekin solasean egiteko, Elkartasuna bizitzak babesten eta salbatzen dituen Europa honetan lelopean. Kontatu zituen, politikaren arloko «profesionalek» bakarrik egiten dakiten bezala, nagusiek ordain diezaioten esan behar duena, hots, EBren «lorpen» paregabeak gai honetan.

Alabaina, ez zion erantzun Europako jendarteko sektore ugarik (eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak) geure buruari galdetzen diogunari. Ezin izan zuen, Europako Batasunaren diskurtso ofiziala eta eguneroko jardunbideak, bai batasunarenak bai estatu kideenak, gero eta urrunago daudelako. Urruntasun bera dago EBren politiken —interesgune merkatuak eta kapitalak ezarrita— eta Kontinentea hesiz, poliziaz eta gorpuz inguraturiko gotorlekutzat jotzen ez dugun pertsonon beharren artean.

Galdera hauek daude, besteak beste, erantzunik gabe:

Kontatuko al diguzu nola litekeen 1993. urtetik gutxienez 35.597 pertsona hil izana Europa gotorleku honetara iristeko ahaleginean, ez zutelako izan segurtasunez eta bermez erabili ahal izateko bide eta prozedurarik?

Azalduko al diguzu zergatik, EBko estatu kideen borondate politikorik eza tarteko, ezin izan diren sikiera birkokatu hilabeteak eta urteak Europako hegoaldeko herrialdeetan bizi-baldintza tamalgarrietan pilatuta daramatzaten milaka pertsonak?

Kontatuko al diguzu zer-nolako sexu-erasoak pairatzen dituzten emakumeek herrialde batetik besterako ibilbidean, bai eta haien salerosketan aritzen diren mafien mende dauden bitartean ere, eta EBk ez duela horrekin guztiarekin amaitzeko inolako neurri eraginkorrik jartzen?

Justifikatuko al duzu EBk —muga guztiak desagerraraziko zituenak— azken urteotan bertako herrialdeen artean munduko beste edozeinek (Trump barne) baino muga gehiago eraiki izana?

Argudiatuko al duzu mugen eta kostaldeen guardia europar berria (AEGFC) zergatik bihurtu den erdi-pribatizatua, zergatik handitu zaion sei aldiz aurrekontua, zergatik zaintzen dituen barneko mugak ere, horrela estatuen subiranotasuna murriztuta, zergatik ez duen zaintza demokratikorako kontrolik, edo zergatik jardun dezakeen migratzaileen jatorrizko herrialdeetan (Afrika, Asia) bertako poliziak / miliziak exodoak eragotz ditzaten entrenatzeko?

Emango al duzu aditzera zenbat diru publiko erabiliko den, europarren eta migratzaileen bizi-baldintzak hobetzeko barik, Marokon edo Turkian atxiloketa/kontzentrazio eremuak eraikitzeko?

Emango al duzu ezagutzera Segurtasun eta Defentsa politika europarrak milioika euro gastatzen dituela Libian, Nigerren, Malin, Somalian edota Ugandan, besteak beste, poliziak eta militarrak entrenatzeko, herrialde horietako armadek immigrazioaren kontrako eginkizunean parte har dezaten, «terrorismoa» ekiditeko aitzakiaz?

Eskubide horien urraketari, lehen, kolonialismoa esaten zitzaion, eta historiak, azkenean, kondenatu egin zuen. Orain, Europako Batasuna atzera ekartzen ari da, eta Salvinik, Orbanek, Amanecer Doradok eta Voxek txalotu eta gorrotoa astintzen dute. Era berean,egunetik egunera nabarmenagoa da horixe dela Espainiako Gobernuak hautaturiko bidea. Une honetan ankerrenetakoa da EBren politika aplikatzeko orduan.

Bere nekropolitikaren baitan, erreskaterako ontzien lana eragozten du, hego muga esternalizatu du, «lehengusu marokoarraren» erresuma batere demokratikoari eginkizunik zikinena egin dezan ordaintzen dio, eta eskubideen aldeko ekintzaileen zein migratzaileei elkartasuna adierazteko erakundeen lana kriminalizatu egiten du.

Europan, justizia gehiago eta laguntza humanitario gutxiago behar dugu. Gezurrezko krisien kudeaketa gutxiago, eta pertsona orori eta edonon giza eskubideen aplikazio gehiago. Hain zuzen,horixe aldarrikatuko dugu maiatzaren 5ean, Durangon, Herrien etapertsonen arteko besarkada ekintza europarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.