Ezker Anitza-IUko koordinatzailea Gipuzkoan eta zinegotzia Donostiako Udalean

Erantzunean parte aktiboa ez bazara, konplizea izango zara

Arantza Gonzalez Garcia
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Duela egun batzuk Donostiako Udaleko Langileen Batzordeko sindikatu guztiek jakinarazi zuten udalaren lan esparruko ustezko sexu-jazarpen kasu baten inguruko salaketa anonimo baten berri izan dutela.

Anonimoa izateak ez dio sinesgarritasunik kentzen; beraz, salaketa horrek alarma guztiak piztu beharko lituzke udaletxe barruan. Zerbait gertatzen ari delako zantzua izan daiteke, eta udal gobernuaren jarrera publiko irmo eta zalantzarik gabekoa eragin beharko luke, horrelako egoerak udaleko lan esparruan gertatzen ari ote diren ikertzearen alde. Horrez gain, kasu horietarako dagoen protokoloa aktibatu behar luke, salatutako gertaerak argitzeko asmoz.

EAJren eta PSEren udal gobernuak, ordea, justu kontrakoa egin du. Salaketa formalik ez dagoela argudiatuta, zalantzan jarri du sindikatuen jarrera, lanean ustezko sexu-jazarpen kasu bat publiko egiteagatik, «mezularia hiltzea» bezala ezagutzen dena.

Eta are okerragoa dena: ez duenez publikoki adierazi auzia ikertuko duela, eta salaketarik gabe ez duela ezer egingo esan duenez, mezu bikoitza jaurtitzen du. Bata, sexu jazarpenaren biktima izan litezkeenei: udal gobernuaren pasibotasunaren aurrean, nekez sentituko dira horrelako egoerak gertatzen direnean salatzeko behar den indarrarekin eta babesarekin. Eta bestea, balizko erasotzaileei, gobernuaren geldotasunak zigorgabe sentiaraziko dituelako.

Ezer gutxirako balio du legeak eta berdintasun planak izateak, sexu jazarpenaren aurkako protokoloak izateak, emakumeen aurkako indarkeriaren sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak egiteak, edo horren aurkako kontzentrazioak egiteak, baldin eta udal eremuan ustezko kasu bat dagoenean beste alde batera begiratzen bada, eta prebentzio jarduerak indartu ere ez badira egiten. Hori egitea konplize izatea da, eta inork ez luke izan behar, ezta lan arloan ere.

Ez da erraza emakumeentzat sexu erasoak salatzea, lanean edo beste edozein esparrutan, horretarako beharrezkoa baita behar den indarra eta akonpainamendua izatea, hori nahikoa aztertua eta frogatua dago. Hori dela eta, gertatzen diren sexu erasoen %8 bakarrik salatzen dira.

Donostiako Udalaren Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako prebentzio eta jardute protokoloa delakoak honela definitzen ditu sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena: «Lan eremuan agertzen diren indarkeria matxistaren adierazpenak dira, genero arrazoiengatiko diskriminazio egoerak eta oinarrizko eskubideen urraketa, hala nola duintasuna, berdintasuna, osotasun fisikoa eta morala, sexu askatasuna eta lanerako eta laneko segurtasunerako eta osasunerako eskubidea. Botere harremanen adierazpenak dira, sexuen arabera pertsonei esleitu izan zaizkien rolekin zerikusia dutenak. Horregatik guztiagatik, prebenitu, saihestu eta, gertatzen direnean, geldiarazi eta zigortu egin behar diren jokabideak dira». Udal gobernuak izan duen erreakzioa ikusita, ez dirudi prebentzioa indartzeko asmorik duenik, horrelako egoerak gerta ez daitezen, eta hala egiten ez badu ere, ezingo du atxilotu, eta are gutxiago zigortu, gertatzen direla frogatzen bada.

Ezin ditugu sexu jazarpeneko jarrerak normalizatu lan eremuan, nonahi gertatzen delako edo hainbesterako ez delako aitzakiarekin, ikusten ari garen bezala Luis Rubialesek Jennifer Hermosori emandako baimendu gabeko muxuaren kasuan, edota #MeToo mugimendua ekarri zuen Harvey Weinsteinen kasuan bezala. Ez da normala emakume bakar batek ere hortik pasatu behar izatea, inork ez dezala hortik pasatu beharrik izan.

Donostiako Udalak jarritako Bulebarreko puntu morearen atzealdean hau irakur daiteke: «Erantzunean parte aktiboa ez bazara, konplizea izango zara». Horrek ez luke izan behar herritar guztiei zuzendutako eslogan hutsa, Udalaren barruan ere hitzez hitz aplikatu beharko litzateke.

Horrela bakarrik lortuko dugu emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea eta pertsona guztientzako gizarte aske bat eraikitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.