Azken egun hauetan irakurri izan ditugun berri ikaragarriekin amorratuta gaude oraindik.
Orain dela egun batzuk gizon batek emakume* bat erail zuen Arrotxapean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak esaten duen bezala, indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean.
Beraz, horrelako gertakarien berri ematerakoan komunikabideek ardura berezia izan behar dute. Erail duten emakumea* eta haren senideak errespetatzea eta jendarteari informazioa modu egokian ematea dagokie.
Azken berri hau ez da salbuespena izan eta, berriro ere, ez dira ez datu pertsonalak ez bizitza intimoa babestu eta ez zaie senideei arreta eta errespetua erakutsi. Babesgabetasun egoera batera bultzatzeko arriskua areagotzen da, eta, hori gertatzen denean, albistea emateak izateko asmoa duen informatibo eta kontzientziatzaile izaerak huts egiten du, ikusleen morboari baino ez baitio erantzuten. Eta horren ondorio izan dira egun hauetan sentsazionalismoz beteta irakurri ditugun albisteak, titularretatik hasita, testuaren azken puntura arte.
Bestetik, erasotzailearen jatorria behin eta berriz azpimarratzea arrazismo gordin baten isla da, eta horrek ondorio sozial larriak dakartza. Erasotzailea migratutako edota arrazializatutako pertsona dela adieraztean, narratiba horrek protagonismoa hartzen du, eraso matxistaren arrazoi estrukturalak bigarren plano batean utziz. Kasu honetan gertatu den bezala, sentsazionalismoak eta arrazismoak eztabaida mediatikoak kutsatu dituztelarik.
Honek bi arazo nagusi sortzen ditu: batetik, indarkeria matxistaren erroak estaltzen dira, hau da, gizon eta emakumeen* arteko botere-harremanak eta emakumeen* zapalkuntzan oinarritutako indarkeria, ezaugarri kulturalei edo kanpoko eraginari egotziz. Bestetik, etnia edo jatorri konkretu bati lotzen zaion imajinario kolektiboa, horrek dakarren arrisku guztiarekin: eraso xenofoboak bultzatzea, jendartean arrazismoa normalizatzea eta pertsona migratu eta arrazializatuen komunitatea estigmatizatzea.
Gainera, kontakizun horrek gizon zuriak errugabetasun posizioan jartzen ditu zuzenean, erasotzailea kanpoan dagoen munstro beldurgarria, pobrea, arrazializatua eta migratua dela irudikatuz. Ez da horrela. Erasotzailea gizona da beti, berdin du jatorria.
Beraz, indarkeria matxista ez da pertsona jakin batzuen edo talde etniko edo kultural konkretu batean gertatzen den arazoa; jendarte osoan errotutako arazo estrukturala da, eta horri aurre egiteko ongi jakin behar dugu nondik eutsi behar diogun; arazoa estrukturala den heinean, alternatiba estrukturalak eraiki behar ditugu. Modu horretan, komunikabideen papera indarkeriaren atzean dauden ondorioak azaleratzea eta ikuspegi feministatik informazioa helaraztea izan beharko litzateke.
Hau da, matxismoaren eta indarkeriaren aurkako borrokan eragile aktiboak izan behar dute, eta ez sentsazionalismoaren bidez morboari men egin edo narratiba arrazistak sustatuko dituena.
Beraz, faborez, indarkeria matxistari aurre egiteko, jarrera arduratsua hartu eta 2016an Iruñeko Udaleko Berdintasun Arloak komunikabideekin egindako lan-jardunaldietan sortutako gogoetak praktikan jarri.