Eneko Gorri.

Erabileraren aroa

2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Euskaraldia abian da. Iragan astelehenean bukatu zen herrien izen-emate epe ofiziala, baina asteetan ekimenean parte hartuko dutenen zerrenda oraindik luzatuko da dudarik gabe. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Xiberoan, 158 udalerrietatik laurdenak emana du izena. Martxoaren 17an adin eta profil desberdinetako 82 herritar hurbildu ziren larunbat goiz euritsu batez Itsasuko herrian, egitasmoaren berri hartzeko. Geroztik, bilkura maratoi bat antolatua izan da herriz herri, bakoitzak bere gogoei egokitutako Euskaraldia diseinatzeko. Zertan gira garai hauetan? Zein izan ziren BAM dinamikaren lorpenak eta mugak? Zer ekar diezaioke Euskaraldiak gure lurraldeari? Gogoetarako giltza batzuk partekatuko ditugu hemen.

Denek ditugu gogoan azken inkesta soziolinguistikoak agerian emandako ñabardurak. Alde batetik, 20 urteko odolustearen ondotik, lehen aldiz hiztun kopurua orekatzen zela jakin genuen. Baina perspektiba zabalago batetik begiratuta, 20 urtez 39.000 erdaldun gehiago zenbatu ditugu lurraldean eta euskaldunen proportzioa %26,5 izatetik %20,5 izatera pasatu da. Erabileraren aldetik ere, sekula neurtu den indizerik apalena atera zuen Soziolinguistika klusterrak. Azken hamarkadetan, hiztunen profila aldatzen ari da gurean ere. Gaur egun, adin piramidearen bi puntetan kokatzen dira belaunaldirik euskaldunenak. Erdian, aldiz, belaunaldi sakrifikatua. Etxean euskara jaso ez duen heldua eta eskolaren bitartez beren seme-alabak euskaldundu nahi dituen gurasoa (sinple errateko). Iragan mendean, estatuak bere esku zuen tresneria guzia erabili du berezko transmisioaren kanala hausteko. Azken hamarkada hauetan, hautsitakoa berreraikitzen ari gara, baina naturaltasuna berriz irabaztea zaila zaigu.

Hizkuntza politika publikoak hamar urte besterik ez du Ipar Euskal Herrian. Euskararen Erakunde Publikoa 2006an sortu zen, eta Euskal Elkargoa, 2017an. Uda aitzin, bi erakundeen arteko lan banaketa eta Elkargoaren hizkuntza politika aurkeztuko dituzte. Bitartean, euskalgintza sozialak bere lana segitzen du, botere publikoek bete beharko lituzketen zerbitzu publikoak hornituz.

Iragan azaroan, Lapurdiko lurralde erdaldunenean hiztun multzo batek BAM dinamika abiatu genuen. Baliabiderik gabe, denborarik gabe eta esperientziarik gabe, baina kolektiboaren indarraz jabeturik, lurralde horretako euskaldunen %10 mobilizatzea lortu genuen. Euskararen ezagutza %8 eta kale-erabilera %2 den lurraldean, 806 ahobizi eta belarriprestek euskaraz bizitzeko ariketa praktikoa burutu zuten 7 egunez. Ez genuen guk ezer berri asmatu; Egia, Añorga, Agurain, Lasarte-Oria... izan genituen eredu. Baina eraiki genuen moldean, hiri-eremu zail horretan hiztun askok beharrezkoa sentitzen zuten egitasmoa izan zen. Bilanak lorpen ederrak eta frustrazio sanoak agerian eman zituen. BAMek balio izan du basamortuko euskaldunak saretzeko, norbera bere hizkuntza ohiturez jabetzeko, euskara gehiago erabiltzeko bideak urratzeko eta erabilera espazio berriak deskubritzeko. Baina ez da aski luzea izan, lurraldean ez aski zabaldua eta epe luzean ez aski eraginkorra. Aldiz, lehen saiakera horri esker ,konbentzituak gara BAMekin bideratu ez duguna Euskaraldiarekin lortu beharko dugula.

Espektatiba egoera horretan dator Euskaraldia justuki. Proposamen berritzailea, ausarta, ezohikoa. Hala hartua da momentuz behintzat hortaz zerbait entzuna duten hiztunen partetik. Aitortu behar baita, gaurko egunean, Euskaraldia ekimena gutti eta gaizki ezagutua dela oraindik Ipar Euskal Herri zabalean, sektore mugatu batzuetan aparte. Euskaraldiak hamaika sartze ditu, hamaika ekarpen egiteko, hamaika dimentsio. Bizpahiru azpimarratuko nituzke hemen.

Lehena, dudarik gabe, bere dimentsio nazionala litzateke. Europarrontzat muga fisikoa zeharkatzea sekula baino errazago den garaiotan, euskaldunok muga mentalak inoiz baino azkarragoak ditugu. Zubiak aldarrikatzea baino eraginkorragoa da bizipen komunak partekatzea; eta aukera hori eskaintzen digu Euskaraldiak Tafallatik Atharratzera, Baigorritik Tolosara, Agurainetik Kanbora eta Gasteizetik Baionara.

Bigarrenez, Euskaraldiak hiztunei koherentzia eskainiko dielakoan nago. Gaur egun ez ote ditugu euskararen alde gauza gehiegi frantsesez egiten? Euskaratik eta euskaraz aritzeko garaia da, euskararen hautua egiten dutenenei zentzua emateko. Astean 6 ordu gau eskolan pasatzen dituen heldua, haurrekin euskara berrikasten duen gurasoa, Euskoarekin euskararen desafioa hautatu duen komertxantea, lan egiteko euskara ikasi duen funtzionarioa, Bai Euskarari ziurtagiria lortu duen enpresaria, euskarazko aisialdi eskaintza proposatzen duen elkartea... askok diote euskara ez dela aski entzuten, ikusten, erabiltzen. Egin dezagun jauzi hori, beraz.

Eta azkenik, Euskaraldia izan daiteke ahalduntze masiborako aitzakia. Ipar Euskal Herrian, «lehen hitzak euskaraz», «asertibitatea», «elkarrizketa asimetrikoak», «eusle» eta halako kontzeptuak zirkulu murritz batzuetan baizik ez dira ezagutuak eta jende askok ez du bere euskalduntasuna molde problematikoan bizi. Edo beste molde batera erranda, ez dira haien hizkuntza ohituren pisuaz kontziente. Alta, euskaldunak edozein egoeran eta edonorekin beti euskaraz hasten bagina, ingurunea sakonki eta molde iraunkorrean aldatzeko gaitasuna gureganatuko genuke. Logikoa den bezala, transmisioan finkatu ditugu energia guztiak azken mende erdian. Baina horren sendotzeko, erabileraren esparrua irekitzea dagokigu orain.

Potentzialitate handiko dinamika dugu Euskaraldia. Alta, eszeptizismo dosi batekin entzuten ditut lagun frango. Eremu arras euskaldunean bizi direnek diote haiek ez dutela txapen beharrik euskaraz lasai-lasai bizitzeko; basamortu frantsesdunean bizi diren batzuek aldiz diote txaparekin edo gabe berdin dela, ezin baita euskaraz mintzatu hirietan. Guk alderantziz, gure lurraldearen egoera ultra-diglosikoa ikusirik, Euskaraldiak bakoitzarentzat funtzio bat beteko duela diogu. Aitzakiak bide bazterrean utz ditzagun beraz, bateratu eta boteretu gaitezen eta elkarrekin ireki dezagun erabileraren aroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.