Artikulu interesgarria argitaratu zuen Manuel Castells irakasleak joan den apirilaren 16an Kataluniako La Vanguardia egunkarian. «La utopia independentista» zuen izenburua artikuluak hauxe zioen amaieran: «La raíz está en las mentes y en muchas mentes ya habita la utopía independentista». Gogoeta guztiz zentzuzkoa iruditzen zait, «euskal kasuari» ere bete-betean egokitzen zaiona.
Aintzat hartzekoa da, zalantzarik gabe, Manuel Castellsen ekarpena; baina ez da egin den bakarra utopiak gauzatzea egunetik egunera ohikoago bihurtzen ari den mundu honetan. Altxa ditzagun, beraz, begiak eta ikus dezagun zer gertatzen den gure inguruan; horrek emango digun ikuspegiak ilusioa berreskuratzen lagunduko digu Giza Eskubideen begirunea eta Printzipio Demokratikoaren aplikazioa oinarri izango duten egitasmo politiko eta sozio-ekonomikoak garatzeko; oinarri horiek izanik, helburu, beti ere, Giza Garapen Iraunkorra lortzea izango duten egitasmoak. Horiexek baitira XXI. mendean merezi duten egitasmoa bakarrak.
Urte honetan bertan, joan den urtarrilean, Jaume Lopez irakasleak berak zuzendutako ikerketa baten ondorioak aurkeztu zituen Europar Parlamentuan: «New Statehoods and processes of sovereignty», Europan eta Amerikan gertatzen ari diren subiranotasun prozesu demokratikoei buruzkoa. Ez dugu ikerketa honen berririk izan, ia. Zergatik ote?
Nolanahi ere, benetan interesgarriak dira ikerketa horren ondorioak. Lehena da demokrazia izan dela gakoa, nazioa baino areago, azken urteetan sortu diren estatuetan (Bosnia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Kosovo, Letonia, Lituania, Mazedonia, Montenegro eta Ukraina). Izan ere, kasu askotan, independentzia ez zen lehen aldarrikapena. Eskabide demokratikoei entzungor eginaz, zegokion estatuaren jarrerak eragin zuen oldar sezesionista. Zientzia politikan «failure to recognition» esaten zaio eragin honi. Hitz batean, demokrazia gutxiago, independentzia gehiago (Albert Hirschman-en «voice-exit» binomioa).
Bigarren ondorioa, estatu ez garen nazioen erreklamazio demokratikoei dagokie (Eskozia, Euskadi, Flandria, Groenlandia, Ipar Irlanda, Katalunia eta Quebec). Ikerketaren ondorioa da bi eredu daudela, estatuak ematen duen erantzunaren araberakoak: kanadar-daniar-belgikar-britainiar eredua batetik, eta espainiar eredua, bestetik. Lehen ereduan, estatuek (Kanadak, Danimarkak, Belgikak…) onartzen dute irtenbide bakarra, aipatu nazioen erabakitzeko eskubidea errespetatzea dela; guztiz kontrakoa da beste eredua, Espainiarena, subiranotasun bakarra «nazio espainiarrarena» eta bere Madrileko instituzioena dela defendatzen duena. Bitxi irudi dakiguke, baina itxuraz sendotasuna ematen duen jarrera hau, funtsean ahultasuna baino ez da.
Horri dagokionez, merezi du Amerikako Estatu Batuek, eta bere presidente den Barack Obamak berrikitan eginiko saioa aztertzea, demokrazia gutxiago, independentzia gehiago, edo «voice-exit» binomioari bidea eragozteko. Puerto Rico eta bere etorkizunari buruzko proposamena da 2011ko martxokoa. Lehen aldia da, gainera, Amerikako administrazioak iniziatiba hartzen duela eta puertorricarrei adierazi berei dagokiela etorkizuna erabakitzea; Estatu Batuek errespetatuko dutela hartutako erabakia eta egingo dituztela egin beharreko aldaketa instituzionalak erabaki hori gauzatu ahal izateko. Hala jakinarazi die Barack Obamak berak Puerto Ricoko instituzioei. Honetaz ere ez dugu hitzerdirik entzun… bitxia, ezta?
Etxe Zuriak bultzaturik, eta berak ere parte harturik, Ministerioen arteko talde batek landu du proposamena, Barck Obama presidentearen konpromiso instituzionala jasotzen duena Puerto Ricoko herriaren erabakia errespetatzeko eta errespetarazteko: «I am firmly committed to the principle that the question of political status is a matter of self-determination for the people of Puerto Rico».
Proposamenak, gomendio sozio-ekonomiko sortaz gain, argi eta garbi adierazten du zein den bere nahia, 2012. urtearen amaierarako Puerto Ricok adieraz dezala demokratikoki nolako etorkizuna aukeratzen duen:
«Lantaldeak gomendatzen du alde guztiek —presidenteak, Kongresuak, Puerto Ricoko buruzagiek eta herriak berak— ahalegina egin dezatela ziurtatzeko puertorricarrek aukera izango dutela uhartearen estatusari buruzko nahia adierazteko eta borondate hori 2012ko amaierarako gauzatu dadila».
Eta erreferendum bikoitzeko hipotesia jasotzen du: lehen erreferenduma, Estatu Batuetako kide izaten jarraitu nahi duten erabakitzeko —gaur bezala estatu aske elkartu gisa, edo guztiz Estatu Batuetako estatukide bihurtuaz—; edo, subiranotasun bideari ekitea —nahiz estatu independente bihurtuaz, nahiz Estatu Batuekin libreki elkartzeko formulapean (hau da, gaurko autonomian sakonduaz) —. Eta bigarren erreferenduma ondoren, irabazle gertatu den aukerak —Estatu Batuetako kide izatea edo independentzia— aldi berean dituen bi aukeren artean hautatzeko:
«Lantaldeak edozein bide onartzen du puertorricarren nahia zein den erabakitzeko, baina nahiago luke bi plebiszituko sistema. Izan ere sistema honek aukera ematen du Puerto Ricok lehenik erabaki dezan Estatu Batuetako zati izan nahi duen ala independente izan nahi duen; eta ondoren, lehen botazioaren emaitzen arabera, estatus bakoitzak dituen aukeren artean egin hautua».
Zalantzarik gabe, demokrazia gauzatzeko modua da; eta, gainera, ekimen politiko buruduna, munduan zer gertatzen ari den ikusi eta hortik ikasi duena. Nori burura dakioke Espainiako presidenteak Euskal Herriari buruz antzeko ekimenik har dezakeenik? Agian ez dago, ordea, guk uste bezain urrun… nolatan ez gaituzten konbentzitu nahi independentzia dela bide bakarra gure nortasuna errespetarazteko eta euskaldunentzat mundu hobea eraikitzeko.
Gaur argi baitago nortasuna, kultura, hizkuntza, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea defendatzea ez dagokiola bakarrik mundu globalizatuan nazio-proiektu zilegi bat defendatzeari. Herri gisa dugun nortasuna defendatzea, gure ekonomia defendatzea da, gure lanpostuak, gure ongizatea… Areago, ezinbestekoa da Giza Garapen Iraunkorra lortzeko. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde dabil haizea… denborari berea eman.
Erabakitzeko eskubidearen alde haizea dabil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu