Oraintsuko inkesta baten arabera, euskal hautesleen %39k baiezkoa emango lioke independentziari balizko erreferendum batean. Hau da, ia %40k, edozein eztabaidari edo prozesuri ekin aurretik... Zer pentsatua ematen du. Horregatik beharbada, EAJk eta Sortuk urtetan elkarri mesfidantzaz eta beldurrez begiratu ondoren egin duten bilkuran nabarmendu duten puntua izan da erabakitzeko eskubidearena.
Alabaina, gure etorkizunerako serioegia eta premiazkoegia da gai hau, besterik gabe titular hutsal batekin konforma gaitezen; izan ere, kontsolamendu hutsa besterik ez da (asko gara...), auzoko jaietako su-festak.
Hasteko, erabakitzeko eskubidea delakoaren edukirik gabeko anbiguotasun kalkulatu horretan —«demokrazian» badira hamarka urte jada erabakitzen dugula, ustez— estali eta ezkutatu egiten da ez dagoela Euskal Herrian independentziaranzko prozesurik. Erretorikarik gabe. Badago Eskozian, Katalunian... baina ez gure artean. Ez dago Batzar Nazional bat, ez dago horrelako zerbaiten aitzindari den plataformarik, ez dago udalen aldarrikapenik... Hemen gaur independentziaz hitz egitea gauza nahasgarria da, eta independentziaren nahia egon badago ere (hala dio halamoduzko inkesta horrek), inora ez daramaten formula zehaztugabeetan (erabakitzeko eskubidea) urtzen da.
Inkestaren albistean ikus dezakegunez, dibagazio horietan oinarrizko eta funtsezko datu bat mozorrotzen da: Estatu propioranzko prozesua. Hori gabe, ezer ez da erreala, hitzontzikeria hutsa baizik. Nor da independentziaren subjektua! Nor ekintzaren motorra eta protagonista eta, horrexegatik, prozesuaren helmuga! Eta, horretan gabiltzala, zein da nahi dugun independentzia? Hiru probintziena? Zein dira %39 horren inguruan botoa emango luketen «euskaldunak»?
Norbaitek esango digu, borondaterik onenaz, ez gaitezela presaka ibili; pixkanaka joan behar dela; arazo hori aldarrikapen soziala zabaldu eta prozesuan aurrera joan ahala konponduko dela. Baina hasieratik mahai gainean jartzen ez badugu, ez badago garbi erabakitzeko eskubidea bultzatu duen gatazkaren funtsa zein den, aktibatzen diren indarrak sakabanatzera, ahultzera eta urrats garbirik ez ematera joango gara zuzenean. Agitazio eta aktibismo kanpainak bultza daitezke, aldaketaren irrikaz dagoen herri honetan beti aurkituko baitute babesa eta oihartzuna, eta baliteke zarata handia ere ateratzea, badaudelako horretarako arrazoiak, eta jendea ere bai, baina gerta liteke azkenean hori besterik ez izatea, inora ez doan mugimendu bat, aurrera ez doana helburu zehatz, eraginkor eta zuzenik ez dagoelako. Beste batzuetan ikusi dugunaren antzera, aktibismo bizia baina antzua izango litzateke.
Arrazoibide «politikoki zuzenak» alde batera utzita, gure ustez euskal subjektu nazionala, ekintzaren eta aldaketa politikoaren motorra izan litekeena, nazioko kide sentitzen den pertsona edo kolektibo oro da (hau da, tokirik aurkitzen ez duena estatu-egitura espainolean, eta independentzia, subiranotasuna eta askatasuna helburu dituena), botere espainolarekin (eta frantsesarekin, noski) deseroso, zapalduta eta gatazkan sentitzen dena. Eta horregatik ekiten duena, iritzia ematen duena, mobilizatzen dena... Eta munduan herri gisa, demos gisa jokatu ahal izateko leku bat eduki nahi duena, berea ez den beste subiranotasun bati konturik eman behar izan gabe.
Espainola edo frantsesa sentitzen denak, statu quo horretan eroso, ez digu lagunduko prozesu horretan. Jarrera sozialak, politikoak, identitateari dagozkionak ikusita, hainbeste urteko borroka eta liskarren ondoren, naziotasun espainola edo frantsesa bere egiten duenak ez du bat egingo inolako ekimenekin, blokeatzeko edo boikota egiteko ez bada behintzat. Eta ez du ezertxo ere egingo gure alde.
Trantsizio garaian gertatu zitzaigun jadanik, euskal mugimendu ezin indartsuago, askatzaile, antifrankista eta demokratikoa modu nahasian bideratu zenean. Azkenean, autonomia herren eta zatikatuekin geratu ginen (inoiz bete ez direnak, bide batez esanda, benetako boterea bere lekuan tinko geratu zelako). Ez ditzagun hutsegiteak errepikatu, zertarako ekiten dugun ez pentsatzeagatik.
Premisa horiekin, ikusirik Europako gure inguruko independentziaren aldeko erreklamazioak, eta Estatu espainolaren (gure herriaren zati honetan) krisi ekonomikoa, morala, legitimitateari dagokiona, etorkizun ezin ilunagoa eta abar, Estatu propioaren aldeko prozesu bat definitu, proposatu eta planteatu behar dugu. Independentziaren aldeko prozesua. Erabakitzeko eskubidea, formulazio juridiko zehatzik ez duen kontzeptu abstraktua, ez da taxuzko helburua zirkunstantzia horietan. Uneak eskatzen duenaren azpitik eta atzetik dago. Independentziaren helburua argi eta garbi planteatzeak indarrak biltzeko eta metatzeko prozesua zabalduko luke gure artean. Gaur ez dago halakorik, eta hori da behar duguna.
Erabakitzeko eskubidea: zer, nork, non, noiz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu