Francesc Homs, Partit Democratá Catalá-ko eledeuna Epaitegi Gorenera deitu dute. Lehenagotik Carma Forcadell, gaur egungo Kataluniako Parlament-eko lehendakaria salatuta dago. Baina horrek guzti horrek ez du Kataluniako Proces delakoa geldituko edo galgatuko, baizik eta, agian, bultzatuko eta astinduko. Estatuko hiru aginteen artean, garbiena eta askeena izan behako lukeena, Justiziaren agintea alegia, helburu politikoen esanetara murgildu dute, Homs jaunak adierazi duen bezalaxe. Homs jaunaren epaia emanik dago, zentzu gabeko Otegiren epaia emana zegoen bezalaxe. Gaigabetu edo inhabilitatu egin zuten Otegi, Homs eginen duten bezalaxe; eta biak —Otegi eta Homs— ustezko justiziaren egiturek hartutako erabakien bitartez.
Estatu batek politika judizializatzen duenean, politikaren apustua galdu duen seinale da. Kataluniaren eta Alderdi Popularraren kasuan aspaldi gelditu da hori guztia agerian. Ezin da ahaztu Alderdi Popularrak ekoizpen eta produktu katalanen kontrako kanpaina bultzatu zuela eta erreferendum irekian eta legalean onartutako Estatut delakoaren aurka sinadurak bildu eta helegitea aurkeztu zuela eta —epaitegi politikoa den— «bere» Epaitegi Konstituzionalak aldatu egin zuela erreferendumean onartutako estatut hura. Espainia «handi eta banaezina» helburu nagustitzat duten horiek «beren» legea ezartzen dute demokraziaren gainetik, eta hori onartezina da. Demokraziak beti lege guztien gainetik egon behar duelako eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren ezinbesteko zatia delako.
Euskal Herrian ezin dugu ahaztu Katalunian gertatzen denak eragin zuzena eta erabakigarria duela gurean. Alde batetik, jendartea dinamikoa delako eta historiaren arabera mugitzen ez dena zaharkitua eta baliogabetua gelditzen delako; beste alde batetik, gainera, gure eskubide pertsonalak eta kolektiboak ukatzen dizkigun estatuak jokabide berdina erabiltzen duelako Katalunian eta Euskal Herrian. Kataluniako prozesua ez zaigu arrotza euskaldunoi eta euskal politikari edo indar politiko aurrekoi den orok babestu eta lagundu egin beharko luke. Are gehiago, estatuko indar politiko aurrerakoi eta demokratiko guztiek errespetatu ez ezik, lagundu ere egin beharko lukete Kataluniako ibilbidea, Homs eta harenkideen eskubide politikoak errespetatzetik hasita.
Estatutuak ez ziren bete eta aspaldian zaharkituta gelditu dira; horien eraberritzea onargarria izatekotan, erabakitzeko eskubidearen ahalmen politikoa jaso beharko dute; bestela ezin izango baitiete euskal herritarren behar eta premiei erantzun. Zentzu honetan, «subiranotasun konpartitua» bezalako lelo eta aldarriek hutsegite sakona dira, baldin eta ez badira tranpak; batetik, estatuari eta estatuko indar atzerakoienei beto eskubidea oparitzen dietelako, eta, bestetik, erabakia eta hitzarmena nahasten dituelako; zera, alegia, bien edo askoren artean itundu edo hitzartu egin liteke, bakoitzak banaka erabaki baldin balezake. Izan ere, trikimailu hori oso zaharra da, —forua edo lege zaharra pakzioa edo paktua dela dion leloa baita— orain berri-berriki asmatua balitz bezala saldu nahi badute ere.
Erabakitzeko eskubidea poliki-poliki aurrera doa hainbat ekimenen bitartez; hasi Idiazabaletik, pasatu Igeldotik eta Itsason asteburu honetan... Galdeketa xumeak, baina aurrera daramatenak, urratsak bailiran.
Estatuak ez ditzake jasan erabaki eskubidearen preso edo errepresaliatu politikoak Katalunian eta Euskal Herrian izatea. Aldaketa badator, nahiz eta azken uneko atzaparkadak izaten diren askotan mingarrienak. Gogoratu XIX. mendean estatuak foruen kontra guduak —karlistadak— egin zituen; gero XX mendeko lehen erdian «foruak bai, estatutua ez» aldarrikapena defendatzen zuen; mende bereko bigarren erdian berriz, «estatutua bai, erabakitzeko eskubidea ez» deiadarra egin zuen bere ezaugarria eta horretan diraute atzeratuenak, baina azkarrenek dagoeneko, «erabakitzeko eskubidea bai, independentzia ez» mailara jauzi egin dute.
Homs eta haren kideei elkartasun osoa adieraziz, Euskal Herriko etorkizunarekin bat egin nahi dugu eta EAEko datorrenlegealdian erabakitze eskubidearen arloan urratsa ematea—azkeneko igaro berrian ez bezala— beharrezkoa dela deritzogu. Urrats hori emateko, Urkulluk eta erabiltzen duten «subiranotasun konpartituaren» leloa, tranpa zahar bat ez ezik, Madrileko gobernuari «betoa» oparitzea dela ohartarazten dugu.
Erabakitze eskubidearen preso politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu