'Eppur si muove'

2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Mundu imajinario faltsuak sortzearena ez da gaur goizeko kontua, oso aspaldikoa baizik; ziurrenik ere, betikoa da.

Nonbaitetik hasi behar eta, kasu paradigmatikoa delakoan, Galileorengandik abiatuko dut kontakizuna. Zeren, haren garaietan Lurra zen unibertsoaren zentroa, ofizialki izan ere, horrela adierazita baitzegoen liburu santuan. Azalpen faltsua, baina imajinario boteretsua. Ez zegoen baieztapen hura zalantzan jartzerik, egia ofiziala baitzen; irudimenaren forma baino ez zen, baina sinetsi beharrekoa, hil ala bizi. Ordea, Galileok, bere aurreko Nikolas Koperniko, Giordano Bruno eta besteren bide beretik, bestelako azalpen bat proposatu zuen, datu errealetan oinarriturik —teleskopio bidezko behaketak, neurketak, metodo zientifikoaz egiaztatu beharreko teoria...—. Eta kolokan jarri zuen bertsio ofiziala: irudi geozentrikoa baino egokiagoa ez ote zen errealitate heliozentrikoa? Laster iritsi zitzaion erantzuna: elizak ezin zuen hori onartu. Ondorioa ezaguna dugu: zigorra, debekua, zentsura, Inkisizioa... Baina, eppur si muove. Eta ia laurehun urte geroago, ofizialki aitortu behar izan dute orduko astakeria, ezinbestez. Berandu samar, ordea; kalte egina zen.

Euskal Herriaren historian behin baino gehiagotan gertatu dira horrelakoak. Aspaldiko bat aipatzearren, ez dut uste lekuz kanpo dagoenik sorginei egindakoa hona ekartzea. Orduan ere, imajinario faltsu bat asmatu zen, boteredunek beldur zioten bizimolde desberdin bat deusezteko. Horretarako, lehenik, sorginen inguruan imajina zitezkeen obsesio guztiak asmatu zituzten: erratzen gainean hegaz ibiltzen zirela, aker formako deabruarekin jolasten zirela... nik ote dakit zer gehiago? Eta ezinezko gezurrak egia ofizial bihurtu zituzten. Gainera, sorginek berek aitortu behar izan zituzten, torturapeko autoinkulpazioetan. Botere kapusaidun Inkisizioa zegoen atzean. Mendeak pasatu dira, eta agerian geratu dira orduko triskantzak ere, ebidenteak baitira; baina kaltea egina zen, betiko.

Mendetako salto batez aurrera eginez, egoki deritzot hausnarketa berbera gure egunotara ekartzea, denbora eta leku hurbiletara ekarriz, eta gure teleskopio pentsalaria Ezker Abertzaleko ingurura eta gazte militanteen babeserako aske guneetara ekarriz, askatasun-argia piztu nahian, pentsatzearena argia, alegia.

Lehenik eta behin, Casinello aipatu nahiko nuke espainiarren aldetik, bere ZEN (Zona Especial Norte) planarekin bidea markatu baitzuen. Argi aipatzen zen bertan imajinario faltsuak sortzearen beharra. Albiste eta iritziak nabarmenki faltsuak izan zitezkeen, beti ere ezkerreko mugimendu abertzalearen aurkakoak; sortu eta zabaldu ondoren, ekin eta ekin, behin eta berriro errepikatuz, egia ofizial bihurtu behar ziren.

Ikasle aurreratuak izan zituen Euskal Herrian, eta ez bakarrik kanpotik etorritakoak; euskaldunak ere bai. Adibide modura, Ezker Abertzalearen demonizaziorako eta gazte erreibindikatzaileak kartzelarako giltzarria izan zelakoan, izenik aipatu nahi ez dudan politikari batek plazaraturiko bi imajinario faltsu gogoraraziko ditut.

Hitzak ez dira zehatzak, baina ahoa etika hitzaz beterik daukan talde bateko ordezkari horrek honelako zerbait esan zuen aspaldi, gutxi gorabehera: «Egunero hainbat gramo goma-2 heltzen zaizkit egunkari batean». Pentsatzeko une laburra hartzen duen edonor kontura daiteke, haren buruan zebilen imajinario hura faltsua zela, kalte egiteko berariaz asmatua, baina, izatez, hori baino askoz gehiago zen, bide luzea egiteko sorturiko pasahitza. Lasterketa hasteko abiapuntua izan zen, indar mediatiko-polizial-juridiko... bateratua abian jartzekoa, gerora ondorio erreal latzak ekarri zituena: Egin eta Egunkaria ixtea eta desegitea. Gainera, horrekin batera epaile izar batek bigarren imajinario faltsu bat eraiki zuen, are boteretsuagoa: «Dena da ETA». Eta gu, inozoak, sinetsi egin behar, nahitaez eta legez, gezur hori egia ofizial bihurtu baitzuten Espainiako epaitegi gorenek.

Zer esan gazte euskaldun ekintzaileei buruz? Orduan ere, aipatu nahi ez dudan politikari euskaldun berberak sortu zuen berariazko imajinario faltsua, apropos, originaltasun-kutsua emanez. Zeren, euskara jakinik, hark bazekien gaztelaniazko «y» hitzaren euskarazko itzulpena «eta» zela. Hortaz, se non e vero e ben trovato, «Y taldeak» asmatu zituen; silogismoaren bigarren partean ondorioztatuz ezen «Y taldeak, izatez, ETA taldeak» zirela; ETAkoak alegia. Zer imajinario faltsu egokiagorik, euskal gazteria independentziazaleari jazartzeko!

Zirkulua ixteko, ostegunean, Eusko Legebiltzarrak azken perla imajinarioa utzi digu: «Euskal Herrian ez dago preso politikorik; ezta Espainian ere». Eta inoren lotsaemangarri, horren arrazoi nagusia azaldu dute: «Espainia zuzenbide-estatua da; beraz, ezinezkoa da preso politikorik egotea». Enteratu gara.

Besarkada bero bana imajinario faltsuetan sinesten ez duten eta gezur ofizialen gainetik egia bilatzen duten guztiei, bereziki gazteei eta existitzen ez diren preso politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.