Lehenik belar motak arakatzen laketu zen. Gero Euskal Herriko flora eta fauna liburutegian ikasten. Erretreta hartutakoan, auzo elkartean aurkeztu zuen proposamena. Ingurualdeko belardiak txukun edukitzeko ardura bere gain musutruk.
Bazuen motosega utziko zion koinatu bat. Bazekien bereizten belar zintzoa eta belar gaiztoa. Ikasia zen nola tratatu kurkuilua, matxinsaltua, beldarra, zizarea, luhartza, kirkila, barea...
Horrela bihurtu zen gure Patxi hainbat piztiatxoren esker begiko eta zenbait auzotartxoren ezker begiko. Goizegi hasten haiz belarra mozten. Zarata atera bertzerik ez duk egiten. Lanpostu bat ari haiz okupatzen.
Horra non daukagun orain akutsatuen ahulkian.
Legezainak hirugarrenez aholkatu dio gezurretan ez nekatzeko.
— Belarrek behar, eta ni behartu.
Publikoaren ehuneko laurogeita hamarrak egin du txalo berriro. Iisiltasuna eskatu du diplomatuak, eta erarik xarmagarrienean jakinarazi dio gehiengo zalapartariari akutsatuen ahulkian dagoen herritar hori dela hemen epaitzen dena, eta ez belarra. Eta Patxi Sanduzelai Belardi den edo ez den argi dezala galdegin dio Patxiri paper bati beha.
— Hori bera naiz, bai. Lanbidez epaile... bolondresa.
Publikoa barre-txaloka ostera.
Kuku-praka bezain zut, aretoa soiltzeko hagindu du soldatadresak.
Ez dago eskubiderik! Ez bulka!
Justiziak ez daki euskaraz! Injustua da!
Akutsatuaren ahokatua estradora hurbildu da. Argudiotan abiatu da ahapetik. Auzo horretako lau biztanle kaikuren kereilan ez da ageri lasaitasun publikoaren urradurarik, Porruzaintzara ez delakotz nehoiz heldu belarretan bizi diren piztien salaketarik. Eta, barka beza atrebentzia, hain arinki akutsatu duten hau erreinuko epailerikfinena dugu.
Akutsazioaren ahokatuak defentsakoa epaiketaren gaia ihartzen ari dela azaldu du ahogainetik.
Gogoeta gogorretan justizia banatzailea.
Azak ontzeko Porruzainen buruzaina heldu da ostera, izerditan gizona. Estraditatutakoak orroka eta irainka ari dira plazan, hobe epaiketa bertze egun edo bertze gau baterako hitzordutzea.
— Epailean gaude, orain da epaiketa egiteko sasoia —hausartu du Patxi egoskorrak.
— Zuri al dagokizu epaiketaren tempoa ezartzea?
— Orain tenporek dantza bihurriak asmatzen dituzte urtaroz urtaro, ez dira fidagarriak.
— Aski da! Aitortzen duzu, beraz, zu izan zarela belarra mozten ibili dena?
— Nik ez dut belarrik moztu. Nik epaitu egin dut.
Estraditatutako publikoaren marruma alai bat infiltratu da aretoan atepetik.
— Epailea izateko belarra bereizten jakin behar da. Berbena, albitza, hirusta, pagotxa, alpapa, barrabasa, txamiza...
Kopeta izerditzen hasi zaio oraino epai mahaian dagoena bera dela ziur samar dagoen zigor banatzaileari.
— Taktika honekilan ez duzu deus lortuko.
Porruzainen buruzainak, urduri, plazan grabatutakoa erakutsi dio. Arraioa irten zaio hamar segundoko dokumentala ikusitakoan.
— Errefortzuak eskatu ditut, baina zeregin garratzetan ahultzen dauzkagu indar guztiak.
Txantxapota baino zutago justizia jauregiko maizterra.
— Ireki bitez ateak zabalen zabal, sar dadila populua berriz eta jesar dadila guztizko isilean.
Prentsako jendaila ere sartu da saldoan. Eta Legez Kanpo irratikoak, zelan ez. Nor den epailea galdetu du Sukaldunon Egia aldizkariko kazetariak, ozentxo. Ahulkian pozik dagoen akutsatuarengana luzatu du eskua gure epaile jaun dohakabeak, horra hor zuen santua erranen bailuan belaxkatzen ari den mitxingorriaren irriño akitua ezpainetan zintzilik. Patxi Sanduzelai Belardi psikiatrikora eramatea komeni dela ebatziko du.
Baina aretoan gaudenok ez dugu oihartzun dardaragarriren bat edo bertze gastatu barik ilundu gura.
— Belar gaiztoak garaiz epaitu ez genituelakotz kendu zizkiguten foruak!
Patxi! Patxi! Patxi! denok aho batez.
— Eta zer daukagu orain?
Porruak! Porruak! Porruak! denok harro batez.
Delituaren frogatzat ekarri dugun Peruzzo Motofrog 75 motosega mutu dago behintzat eta gaitz erdi, Porruzain nagusiak erre ala urka errailearen belarri belartsura.