Gutxi hitz egin da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak (honela, sinadura nominalik gabe) irakasleoi bidali zigun gutunaren edukiaz, «hainbat sindikatuk deitutako grebaren harira». Aipatzekoa da, nonbaitetik hasteko testu iruzkina, lerro batzuk aurrerago, azken urteetan indarrean egondako akordioaz hitz egitean, sindikatu horietako gehienek (lautik hiruk) gehi beste batek (oraingo greba-deialdia partekatzen ez duenak) trataera adeitsuagoa merezi dutela, ohore handiagoz «gehiengo sindikala» baitira. Hauek ere «hainbat sindikatu» izan zitezkeen, eta greba deialdia plazaratu dutenek gehiengo sindikala osatzen dute; oker ez banago, gutunak aipatzen duen gehiengo sindikal hura baino handiagoa.
Bihotza ukituta daukat: gurekin harremanetan inoiz jartzen ez den Hezkuntza Saila (guraso-bezeroren bati atsegin emateko izan ezik, akaso), adeitasunagatik ere telefonoa hartzen ez diguna, harekin komunikatzea online eta aplikazio izugarrien bidez eskatzen diguna, sail horrek berak korreo bat idatzi digu «lankide» hartzen gaituena. Hunkigarria. Are gehiago, nabarmentzen eta aitortzen ditu gure lana, dedikazioa eta erantzukizuna; txori batek esan dit aho txikiarekin egiten duela, baina, tira, idatzita dago betirako. Kontxo, gure lana aitortzeko detailea apur bat aztoratu egiten da «lehen lerroan» gaudela aipatzean, ezinbestez borroka eta batailarekin lotzen baita esapide hori (frontearen lehen lerroaz mintzo da inoiz). Psikoanalista batek esan lezake gutunaren idazle anonimoaren subkontzienteak traizio egin diola eta agerian utzi duela berarentzat (edo haientzat) ikasgelak gudu-zelai antzekoak direla, eta gu, hain zuzen ere, lehen lerroan gaudela. Jarraian, eta lehen paragrafoan oraindik, Hezkuntza Saila egiten ari den urratsak gurekin partekatu nahi dituztela diote. Partekatu, benetan hitz polita, sailak sarri askotan erabiltzen du. Bada, partekatu nahi dute «argi eta garbi», hau da, klarki, argiro, bene-benetan, ez pentsa gurekin partekatuko dutenik ezer modu ilunean, zerbait ezkutatuz edo azpijokoekin.
Zalantza arrastorik edukiko bagenu bezala gaineratzen dute (hurrengo paragrafoan jada) irmoki sinesten dutela hezkuntza sistema guztion proiektua dela. Aitortu behar dut Eusko Jaurlaritzaren publizitate-hizkuntzara ohituta egon arren (egia esan, ia guztiz anestesiatuta) harritu samar geratu naizela «entzute aktiboaren» beharra aipatzera atrebitzen direla ikustean. Zein ausartak eta ekintzaileak diren! Ea, lankideok, hori apur bat muga pasatzea da, ezta? Bankuak egiten duen bezala, esaten digunean haientzat garrantzitsuena gure ongizatea dela. Edonola ere, «entzute aktiboa» baino gehiago (formula apur bat hipokrita eta modazkoa, onar dezagun) behar duguna zera da: Hezkuntza Sailak eskatzen ditugun neurriak martxan ipintzea (benetan eta brometatik kanpo), gure lana erraztu aldera, greba deialdian agertzen direnak (eta HezkuntzArtea taldeak zerrenda batean dituen beste batzuk ere bai, hurrengo batean kontatuko dizuegu, lankide maiteok, oso aktiboki entzuteko aukera edukitzeko). «Etengabe aldatzen ari den testuinguruaren» aipamenaz, bada, nire ikasle bati zuzendu beharko banion idazkia (barkatuko didazue, lankideok), topikoak eta betiko leloak saihestea ahal beste aholkatuko nioke.
Gogoratzen dut orain gure hizkuntza irakasle batek azpimarratzen zuela esaldi batean subjektua eta galdegaia zelako garrantzitsuak diren. Horregatik, esaldi honen ordez («Negoziazio-prozesu sakona burutu dugu sindikatuekin»), beste hau proposatuko nieke: «Negoziazio-prozesu sakona burutu dugu sindikatuek eta Hezkuntza Sailak». Huskeria dela pentsa dezakezue, baina nire irakasle hark ezetz erakutsiko luke. Bestela, zergatik ez «Negoziazio-prozesu sakona burutu dute sindikatuek gurekin»?
Gutunaren idazle-lankideek diotenez, lan baldintzak hobetzeko urratsak egin dira (eskerrak!), baina ahaztu egiten dute pausoak atzeraka ere eman direnez balio duena emaitza orokorra dela. Ea: bi urrats aurrera eta lau atzera egiten badituzu, zenbaketa negatiboa ateratzen zaizu eta bi pauso atzera ematea bezala da. Mateko irakasle oso onak ere izan nituen nik hezkuntza publikoan!
Antza denez, Hezkuntza Sailak irakasleen lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko asmoz, 2024ko abenduaren 2an azken proposamen «integrala» aurkeztu zien sindikatuei. Sindikatuek ez dutenez ontzat eman proposamena, eta arrazoiak izan ditzaketelakoan, zergatik ez dute sailak eta grebara deitu duten sindikatuek eztabaida publiko bat antolatzen? Diot, gerta ez dadin, sail maitea, entzute aktiboak ikusmena lausotzea eta ezin ikustea arrazoiak izan ditzaketela.
Jaurlaritzak uste du berak proposatutako neurriek, irakasleen lan-baldintzak hobetzeaz gain, ikasleen ongizatean eta garapen akademikoan ere eragingo luketela, «hezkuntza-kalitatea hobetzen duten ingurune egonkorrak eta aberasgarriak eskainiz» (azken hau, zinez, sobera, harira joan behar duzue, irakasleak oso lanpetuta baitaude beti). Ederto: sindikatuek gauza bera pentsatu baietz, eurek egindako beren proposamen propioez. Eztabaida dezaten egun argiz. Konfiantza eduki ko-entzutean.
Jaurlaritzak dio baita ere zaila dela grebarako deialdia ulertzea negoziazioak zabalik dauden une honetan. Gaixoak, benetan sufritzen dutela dirudi. Hala ere, topatu ahal dute tutorialen bat, aditu pedagogikoren batena (sailak hain gustukoak dituen horietakoa), non azaltzen den zelako garrantzitsua den bestearen lekuan ipintzen ikastea, enpatia, alegia; entzutea, aktiboa ez ezik, eraginkorra ere izateko. Hau diot zeren eta, agian, gutunaren idazle batzuek ez dutelako inoiz ikasgelarik zapaldu, edo beharbada batzuek aspaldi egin zuten, eta errealitatearen zentzua apur bat galdu dute (erabat ulergarria, formakuntza, saio eta mintegi askotara joan behar baitute).
Serio, ez dut ulertzen zer dela-eta planteatzen duen gutunak Hezkuntza Sailaren lehentasuna dela hezkuntza-sistema indartzen jarraitzea, ikasle guztien arrakasta akademikoa bermatzeko. Ez dakit zergatik, oraingo honetan akordatu naiz latineko ikasgaiarekin: Excusatio non petita…. Horrek oina ematen dit nire idazki hau modu zinez interaktiboan bukatzeko: baldin balego saileko lankideen artean baten bat ez dakiena (agian ez zuelako latina ikasi institutuan) zelan bukatzen zuten esaldia Erdi Aroan, bila dezala webean.
Tira, bukatu aurretik, gauzatxo bat bakarrik: euskal hezkuntza-sistema indartzen jarraitu behar dugula esatean, ahaztu zaie hitz oso garrantzitsua: publikoa. Hutsegite txiki bat besterik ez da izan, seguru. Jakina, honelako konpromiso batek (kendu faborez «orain inoiz baino gehiago», berriro publizitate arlora eramaten baikaitu), hezkuntza-komunitate osoak norabide berean elkarrekin lan egitea eskatzen du, sailak azpimarratzen duenez. Kontua da akaso sailak hartutako norabidea ez dela norabide zuzena… Diot, baliteke. Lasai, kontuan edukitzeko soilik esan dut, zentzu onean. Gutunaren azken esaldia («Horretarako, ahalegin guztiak egingo ditugu, jomuga horretatik ezerk desbidera ez gaitzan»), neuk kendu egingo nuke, benetan, rollo txar barik, epikoegia da, ez da egokia lankideen arteko eskutitz batean.
Orain bai, benetan bukatzeko: nik ere eskertzen dizuet, saileko lankideak, zuen ulermen eta mugagabeko konfiantza: benetan, zinez, bihotzez. Etorkizunean gauza handiak egingo ditugu elkarrekin, zeruertzean ikusi ahal ditut. Distira egiten dute.