Errealitatearen egoerak ondorioak dakartza, eta ondorio horiek jendea mugiarazten dute. Gazteak izan ohi gara erreboltariak gehienetan, baina luze doan eta gizarteko arlo guztiak zanpatu dituen krisi honek askoz ere jende gehiago bultzarazi du kalera: abokatuak, emakumeak, irakasle eta ikasleak, mediku eta erizainak, suhiltzaileak, garbitzaileak, meatzariak, metal arloko langileak... Nork ez du protesta egin egoera zail honetan, zenbait agintarik hartzen dituzten erabaki politikoak are eta gehiago murgiltzen gaituztenean zulo beltzean?
Hezkuntza sistema guztiz enpresara begirakoa egin nahi dute, ikasleon abilezia, jakin-minak, kritikotasunak, sormenak eta hizkuntzak bost axola zaizkielarik. Era berean, enpresa handi eta multinazionalekin egiten dituzte akordio ekonomikoak, enpresari txiki eta ertainak zergaz urkatuz eta ekintzaileentzat diru iturriak itxiz. «Ekonomia hobetu behar dugu!», diote, ahoa zifraz eta ehunekoz betez, eta herritarrak eskubidez eta askatasunez eranzten gaituzten bitartean.
Eta nori egotzi behar zaio errua? «A, ez, tira, hori... Hori Europatik dator! Bai, gaizto guztiak, eri guztiak, gogorkeria guztiak Europatik datoz!».Hori esan, eta lasai geratzen dira batzuk, sinestuko ditugulakoan. Europatik baldin badatoz, norbait izango da erantzule, eta, beraz, goazen, bada, Europako ate beldurgarri hori irekitzera...
Hau bai sorpresa! Europar Parlamentuan PP alderdiak du gehiengoa, eta, beraz, berari esker (edo bere erruz) hartu dira erabaki latz asko. Baina alderdi horrek beste talderen baten onarpena behar du halako zorigaiztoko neurriak hartzeko. Eta hara! Bigarren sorpresa: Alderdi Sozialistak eta Liberalak (PNV barnebiltzen duena) neurrion gehienak adostu dituzte PPrekin. Beraz, zein da ekarri behar duten aldaketa? Aldaketa ez dator zerutik, eta are gutxiago betiko politikak egiten. Zergatik ez dute aldarrikatu aldaketa hori orain arte Bruselan bertan?
Europar Parlamentua grisa da orain. Eta pentsa nolakoa izan daitekeen, Cañete bat izanik gehien bozkaturiko alderdiaren ordezkaria, hamaika legegintzalditara aurkeztu baina inoiz legegintzaldia bukatu ez duen Jauregui (horrek demostratzen duen erantzukizun eta gogo faltarekin), edo bertan bost urtez egon eta zertan ibili den ez dakigun Bilbaorekin. Grisa bazen, belea bezain ipurbeltz bilakatzeko arriskua du Europak horien eskutan. Gero etorriko dira esanez eskubide horien murrizketak Europak agintzen dizkigunak direla, aurpegi, buru eta begi horiek direnean Europaren pertsonifikazioa! Gazteak, aurrerakoiak eta berritzaileak, bai gero!
Badakigu Europar Batasunak puntu beltz asko dituela. Ez dela demokraziaren adibide, eta bertan hartzen diren erabakiek gero eta arrotzago bihurtzen gaituztela. Baina belztasun hori alda daiteke jende aproposa jarriaz Bruselako eta Estrasburgoko aulki horietan. Benetan gauzak aldatzeko konbentzimendua duten neska-mutilak behar ditugu han; Europar Batasuna pertsona guztien askatasun eta eskubideen bermatzaile bihurtuko dutenak, herritarron aldarrikapenak entzuteaz gain landuko dituztenak eta Europar Batasuna kapitaldun gorbatadunen atzamarretatik kendu eta langileon eskura jarriko dutenak… Herriko jendea, bere etorkizuna erabakiko duen jendea, bere ingurua, bere herria, bere aberria eraldatu nahi dutenak, eta Pepe Mugicak dioen bezala, «que se den cuenta que están tomando decisiones que afectan a la humanidad entera».
Beti esan izan da gazteok errebelde izan behar dugula. Kasu honetan, errebeldiak eraman gaitu Europar Parlamentua eta Europa aldatu nahi izatera. Eta errebeldiak eraman behar zaituzte gaur zuen Europa izatea nahi izango zenuketenaren alde bozkatzera. Ez gara bakarrik egongo; badakigu Europako hainbat txokotan ere parlamentari eraldatzaileak aukeratuko direla, Europan ere gehiengoa garelako langileak, gehiengoa garelako beste Europa bat nahi dugunak eta funtsezkoa dela gehiengo erreboltari hori Europar Parlamentura eramatea. Errealitateak ondorioak dituelako, eta ondorio horiek ekintza merezi dutelako. Horrela, eta Orreagako kopletako azken bertsoarekin bukatuz, «entzunik zuen irrintzia, xutik jar dadin Europa».
Entzunik zuen irrintzia, xutik jar dadin Europa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu