Filosofian lizentziatua, Historian doktorea

Enpresa pribatuen propaganda instrumentu publikoak

Mikel Larrañaga Arregi
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Azkenaldian Solaria energia berriztagarrien enpresako ordezkari den Aitor Uriarteren agerpenak izan ditugu hedabideetan, gauzatu nahi dituzten makroproiektuen onuren gorazarre egiten. Maiatzaren 28ko Radio Euskadiko agerpenaren kasuan, auzo-lotsa sakona sentitu nuen. Hor dauka Interneten entzun nahi duenak. «Bi aldeen kontsulta» bezala saldu nahi izan zigutena, funtsean Solariaren aldeko publirreportajetxo bat baino ez zen izan. Diputatu orokorrarengandik eta herrietako alkateengandik iritzia audioetan jaso, eta Solariako ordezkariari lehenek esandakoaren gain bere argumentuak lantzeko moduak ematearen ariketa baino ez zen izan, Iñaki Espiga kazetariaren laguntza estimatuarekin. Jakin nahiko nuke diputatuari eta alkateei, iritziak jaso zizkietenean, jasoriko audioak zertarako erabiltzekotan zeuden azaldu ote zieten.

Azken horiek teatro honetan jokatzen zuten papera, borondatezkoa edo oharkabekoa, jada prestaturiko erantzunetarako galderak paratzen dituen koruarena izan zen; jakitun adituak lasaituko duen ezjakin beldurtu gizagaixoarena. Eta guztia egituratzeko, aurrez zehazturiko ondorioetara heltzeko funtsezko moduetariko bat erabili zuten: premisa faltsuetatik abiatzea. Hala, behin eta berriro errepikatu ziguten ideietariko bat «beste aukerarik ez dagoela» izan zen. Europak dioela 2030erako energiaren %30ak berriztagarrietatik atera behar duela, eta hori dela-eta makromuntaketen kalteak justifikatuta daudela. Eusko Jaurlaritzak ez dituela Europatik bidaliriko etxeko lanak egin, eta Solaria, energiaren isurketak planteatzen dituen zailtasunak gainditurik, gu salbatzera datorrela. Pentsa, Solariarentzat «proyecto estratégico como país» omen da hau (etekinek ez daukate zerikusirik antza), eta hargatik arlo publikoaren parte hartzea nahiko omen lukete (jada urteak direla gauzatua dena, Energiaren Euskal Erakundearekin batera Indarberri elkartea sortua baitute). Eta tonu paternalistaraino ere helduko zaigu. Jendea kexaka entzuten duela egin beharrekoak gustatzen ez zaizkiolako, baina ostera, inoren aldetik soluziorik nahiz konpromisorik ez duela entzuten. Eta kontsumitzaileek ere erantzule izan behar dutela, eta abar.

Publizitate kanpaina badaukagu jada martxan, eta antza, hedabide publikoak ere kanpainaren parte dira. Funtsezko xedea, barrenean, entzuleen buruan trantsizio energetikorako eredu posible bakar bat dagoela txertatzea dugu. Aukera bakarra makromuntaketak direla, eta kokatzen diren lekuetako biztanleak kexatuko direla, baina onura handiago baterako sakrifikatu beharko dutela.

Baina ez da inondik ere egia. Bestelako aukerak egon, badaude. Zeharo nabaria da industrialdeetan eta gune urbanoetan teilatuak aski badirela eguzki energiaz probesteko, eta eolikoekin ere badirela beste eskala eta kokapenetarako aukerak. Eta halakoen kudeaketa gauzatzeko ereduak ere badira aski, bilatu nahi izanez gero. Gertatzen dena da eredu horiek, orokorrean, energiaren jasotzea eta kudeaketa modu kolektiboan gauzatzeko joera azaltzen dutela, eskala txikiagoetan, eta Solaria bezalako enpresa energetiko handienganako dependentziaren gutxitzea eragiten dutela. Gauzak hala, printzipioz —edo idealki— behintzat, instituzio publiko batek, sostengatzen duen biztanleriak dependentzia nozitu beharrean askatasunaz gozatu dezan, produkziorako eta kontsumorako eskala txikiagoko ereduen alde egin beharko luke. Baina noski, instituzioa bera enpresa handien etekinak partekatzera iragaten bada...

Eskala txikiagoetan, gainera, nekazaritza eta natur eremuei eragiten zaien kaltea jasangarriagoa da. Zigoitiaren kasuan, plakaz estaltzekotan dauden eremuan gizakiok eta animaliek (oreinak, basurdeak, azeriak, erbiak, hegaztiak...) partekatzen ditugun pistak, bidexkak eta natur inguruak ditugu, nekazaritza eremuekin uztarturik. 110 futbol zelairen tamainako estaldura bat ipintzen badigute, hesituta noski, nekazaritza lurrak galdu, eta hauekin eta bertako natur eremuekin daukagun elkarrekintza pikutara doakigu zeharo. Tira, eta ondare kulturalekiko kalteak ere aipatu litezke, eta ekonomiaren alorrekoak, baita noski osasunarentzako kalteak ere, eta abar. Ez gaitezen engainatu. Makroproiektuek «makrokalteak» dakartzate. Kontua da orain arte muntaketa honen aurrerapen isilean parte hartu duten alderdi politikoetako agintari nagusiei eta hedabide printzipalei, botoa eskatzen etorriko zaizkigun horiei, kalte hauek zipitzik inporta ote zaizkien... Jarrai beza teatroak, The show must go on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.