Ia ez da sinesgarria. Hainbesteko aldarria instituzioetatik eta gizarte erakundeetatik enpresa- ekintzailetza sustatzeko eta, unea iritsita, kriminalizazioari berari eusten zaio proposamen duin bati merkaturako bidea eragozteko. Norbaitek bere baita erdibituta dauka gai honetan.
Merkatuaren ezaugarri nagusietako bat da lehia, ez dago ezer ihardesterik horretaz. Baina kasu honetan beste gako batzuk daude jokoan.
Esneaz hitz egiten ari gara, bai, baina Euskal Herria Esnea markaren proiektuaz zehazki. Kasu honetan merkatuari ez zaio aukerarik ematen produktua onetsi edo baztertzeko, kalitatearen edo atzean dagoen enpresa proiektuaren sendotasunaren arabera. Jokoz kanpo jarri nahi da berau hasi baino lehen.
Hau berez deigarria bada, bereziki gaurkoa bezalako krisi garaietan, are gehiago auzian erabili nahi den azken argudioari erreparatuta. Euskara, alegia. Dirudienez, hemen zilegia da gaztelera hutsez etiketatzea, frantsez hutsean etiketatzea, baina ez euskara hutsean. Ez da berria egoera hau, eta bestalde nabarmendu besterik ez du egiten salaketaren beharra. Akusaziorako argudioak zoroa dirudi lehen begiradan. Alegia, ontziratzea eta etiketa jartzea Euskal Herritik kanpora egiten direnez, ulertu behar omen da azken produktua ez dela jatorrian guztiz ekoizten, nahiz eta onartu produktuaren jatorria ehuneko ehunean hemengoa dela. Arauaren interpretazio amorratu horrekin, beste erabaki amorratu bat hartu nahi da dirudienez, alegia, etiketak euskara hutsean jartzeko aukera eragoztea.
Aipamena eginda, atal soziolinguistikoa alde batera utziko dut horretaz gehiago dakitenentzat. Gaindegiari dagokion ekonomia eta gizarte garapenaren behategi ikuspegiari helduko diot.
Proiektu orbangabe bezain laudagarria, enpresa zein gizarte ikuspegitik begiratuta. Kooperatiban biltzen den esne-ekoizle taldea, euren ekoizpena ustiatu eta merkaturatzeko. Ikur bezala ekoizle bakoitzari berdin ordaintzen dio ekarritako esne litro bakoitzeko, bakoitzaren ekoizpen osoari erreparatu gabe. Esne zentralek oro har litro bakoitzeko gehiago ordainduaz saritzen dituzte ekoizle handiak, txikien aurrean. Merkatu ikuspegitik, zilegiak dira irizpide bat zein bestea, bakoitzak izango du gero bere kuttuna.
Merkaturatzeko garaia iritsi da. Marka bat hautatzen dute: Euskal Herria Esnea. Esnearen jatorriari erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoa alde batetik eta Nafarroako Foru Erkidegoa bestetik, indarrean diren administrazio izenak kontuan hartuta. Bi izenen gainetik, biak bil ditzakeen eta haiek baino lehenagokoa den bat: Euskal Herria. Badago marka bat Bizkaia Esnea izena daramana, beste bat Araba Esnea daramana eta hirugarrena Nafesnea daramana, zentzuzkoa dirudi beraz marka berriak. Are gehiago etorkizunean Iparraldeko ekoizleak ere biltzeko asmoa izango balu. Ez nintzateke harrituko ekintzaile gazte hauen buruan aukera hori balego.
Badirudi zoru soziala hor dagoela. Ezagutzen dugu penintsulako aldean azaldutako jarrera. Izan zitekeen, zergatik ez, mugaz gaineko proiektua, Europako Batasunaren hitzetan hainbeste bultzatzen dena. Badago jada bide hori ahalbidetzen duen legedia. Ikastolek erabili dute europar kooperatiban mugaren bi aldeetako zentro guztiak baldintza beretan elkartzeko. Gu geu, Gaindegia, mugaz gaineko erakundea gara. Are gehiago, gure zioetako bat da zazpi lurraldeak bere osotasunean hartu eta garapenaren gakoan abiarazteko sustapena egitea. Merkatuaren eremuan osotasun hori abiarazten laguntzea interesgarria iruditzen zaigu. Onartu beharko da aukera horrek kontuan hartzeko moduko publikoa daukala.
Arestian, produktuaren izenaz ari ginen. Esan izan da aipatutako izenak, guztiak, arauaren aurkakoak direla. Badirudi eztabaidagarria dela, eta eztabaidetan alde baterako zein besterako argudioak daude. Baina horren guztiaren gainetik esan behar da ez dela inongo argiketarik ireki agintaritzaren aldetik, nahiz eta horretarako eskariak egon diren. Ondorioztatu beharko da beraz ez dela araurik hautsi.
Alde batetik, hemen daukagu beraz publizitarioki erakargarria den marka bat, orbangabea merkaturatze irizpideen ikuspegitik. Eta badaukagu beste irizpide bat, guztiz ulergarria marketin estrategikoaren ikuspegitik, nortasunarena.
Gaur egun bi bataila nabarmen daude merkatuan, bertan lehiatzen diren produktuen aldetik. Bat fidelizazioa da, baina horren aurretik nortasunarena dago, alegia itsaso nahasi horretan bakoitza bereiztea ahalbidetzen duena. Ez da ukatzerik euskarak berez daraman nortasun karga, produktu baten komunikaziorako bide bakar gisa erabilita kasu honetan.
Bistan da marka, bere osotasunean hartuta, ideario politikoarekin limurkerian ari dela. Baina hori klasiko bat da jada publizitatean, azalpenik behar ez duena. Iparraldea aipatu dut lehen, duela aste gutxi Hendaiatik gora panel erraldoi eta koloretsua ikus zitekeen lelo honekin: Fier d'être basque (euskalduna izateaz harro), esneki marka bati lotuta.
Nire aldetik idatzi ditut jada karaktere mila batzuk eta aitortu beharko zait politikaz kanpoko gakorik erabili gabe egin dudala. Ez da hain zaila, zeren eta mingainean darabilgun proiektuak merkatu gakoari, garapenaren gakoari erantzuten baitio. Hori bai, herri ikuspegiari lotuta. Eta horrela lehian sartzen da buru-belarri. Kasu honetan herri ikuspegiari lotuta dauden lehenagoko beste proiektu batzuekin ere lehiatuz.
Horrelakoa da merkatua. Eta neure ideia propioek uzten ez badidate ere organo erregulatzaile gisako aitorpenik egiten, hura aipatuko dut kasu honetan auzo baliabide gisa, zentzu honetan argudiatzeko. Hau da, merkatua izan dadila, eta ez burokrazia, Euskal Herria Esnearen etorkizunaz erabakiko duena.
Beste edozein gazte talde ausart eta enpresa-ekintzailek gauden garaian proiektu honen protagonistek bezalako erabakimenarekin jokatu izan balute, instituzioen laudorioak ere jasoko zituen. Tamaina txikiagoko proiektuek lortzen dute. Paradoxikoki, orain arte instituzioen aldetik Euskal Herria Esneakoentzat fusileria burokratikoaren zalaparta besterik ez da azaldu.
Legerik badago, edozein bertsiotan, etiketak euskara hutsean jartzeko aukera eragozten duenik, desager dadila. Hor dagoen bitartean, beti azalduko da zelatari maltzurren bat prest esku hartzeko. Baina hori, bere larritasun guztiarekin, kasuari eratorritako atala baino ez da. Garrantzi handiko beste atal batzuk daude hemen. Norbait erratu egin da. Norbaitek zuzendu egin behar ditu bere urratsak. Administrazioaren zigorra lekuz kanpo dago.
Enpresa ekintzailetza zigorpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu