Biziki gogoratzen dut Hans Christian Andersen idazlearen Enperadorearen jantzi berria ipuina entzun nuen lehenengo aldia. Liluratuta geratu, eta ehunka aldiz eskatu nion amari berriro irakurtzeko. Noski, haur-obsesio oro bezala, beste istorio berriren batengatik utzi nuen denbora gutxira. Azken hilabete hauetan, ordea, enperadorea eta haren jantzi ikusezina sarritan etortzen zaizkit gogora.
Istorioa ezagutzen dutenek gogoratuko dute enperadoreak jantzi berri eta dotoreak ezer baino gehiago maite zituela. Bi pikarok, horretaz aprobetxatu, eta oihal «berezi» bat saldu zioten. Pikaroen arabera, oihal eder harekin egindako jantziak ikusezinak ziren pertsona tontoentzat. Oihala, bistan denez, ez zen existitzen, baina inor ez zen ausartzen tentel gisa geratzera halakorik ikusten ez zuela aitortuz. Beraz, denek subiranoaren jantziaren edertasuna miresten zutelakoa egiten zuten. Eusko Alderdi Jeltzaleak urteetan zehar baliatu duen estrategiaren metafora ezin hobea da ipuin hau. Kasu honetan, halaber, ezberdintasun ageriko batekin: enperadorea ez da kaikua, pikaro taldearen konplizea baizik. Jakin badaki aspalditik biluzik dabilela, eta gu engainatzen saiatu da.
Lehen jostura ikusezinak duela hiru urte agertu ziren, pandemian. Koroako harribitxiak, Osakidetza zenak, higadura-sintoma kezkagarriak azaldu zituen. Urteak pasatu ahala, konpondu beharrean, okerrera baino ez dute egin gure osasun publikoaren arazoek. Hilabete hauetako adibide batzuei erreparatu besterik ez dago: behin-behinekotasunaren aurkako erizainen protestak, anbulantzien greba, irregulartasunak salatzeagatik bi medikuren aurkako mendekua frogatu izana, epaitegi batek onartu izana grebarako eskubidea urratu zela garbiketaren gatazkan, edo Gotzone Sagarduik EH Bilduk eskatuta aurkeztu duen txostenean jasotzen diren datu kezkagarriak. Lehen mailako arretan, ekainetik irailera bitartean gutxienez 1.737 txandatan ez zen pediatrarik egon osasun-zentroetan, eta 2023an 2.716 paziente bideratu dira jada osasun pribatura itxaron-zerrendak murrizteko. Gainera, sindikatuek irailean salatu zuten Osakidetzak iraupen luzeko aldi baterako 2.200 kontratu amaitzea pentsatzen duela, egiturazko postuetan dauden langileenak, baina ezin dituenak egonkortu. Gure osasun zerbitzuen prekarizaziora eta ondoriozko pribatizaziora gidaturiko bidea geroz eta nabarmenagoa da.
Ez hori bakarrik, gure enperadorearen jantzi ikusezinen zerrenda luzatu besterik ez da egiten: Ertzaintzako gatazkaren kudeaketa zalantzagarria, Hezkuntza Legearen bi aldetako negoziazio kontraesankorrak edo eskola garraioaren greba. EITBko irratietako langileek ere emankizun etenak egin dituzte, hamahiru urtez lan hitzarmena berritu gabe izan dutelako. EHUn agerikoa da prekaritate orokortuarekiko ezinegona, eta, hainbat faktoreren artean, finantzaketa publiko eskasak eragiten du horretan. Eta zerrenda horri sektore publikoaren hurrengo greba-egunak gehituko zaizkio, behin-behinekotasun tasa handiak, murrizketak eta langile-eskasia salatzeko.
Euskadin enperadorea geroz eta biluziago badago, Estatuan ere ezin du disimulatu bere jantzirik eza. Euskal protagonismo osoa izatera ohituta zegoen Eusko Alderdi Jeltzaleari lehiakide bat atera zaio. Aurreko legealdian EH Bildu, bere estrategia aldatu, eta koalizio gobernuarekin akordioak lortzen hasi zenetik, jeltzaleek zailtasun nabariak izan dituzte beraien burua birkokatzeko. Bipartidismoaren kiderik gustukoena izatetik, eskuinaren atea guztiz ixtera beharturik egotera pasatu dira, Vox erdian sartu baita. Eta gobernu aurrerakoiaren aldeko esparruan beste indar politiko bat gehiago baino ez dira, beraien agenda inposatzeko ezintasunak dituena.
Hans Christian Andersenen ipuinaren amaieran, enperadorea prozesioan zihoala, haur batek, barrezka hura seinalatu, eta biluzik zegoela oihukatu zuen, hiritar guztiak ohartaraziz. Hau izan daiteke, agian, bai maiatzeko bai uztaileko hauteskundeetan gertatzen hasi zena. Kontakizunari jarraituz, enperadorea, urduri jarri zen. Bazekien mendekoek arrazoi zutela, baina erreakzionatu beharrean, esan omen zion bere buruari: «Prozesioa amaitu arte jarraitu behar dut». Tente jarri eta, txanbelanak atzetik zituela existitzen ez zen hegalari eusten, ibiltzen jarraitu zuen. Eta hori izan zuen bere akatsik larriena. Ipuin honek, inertzia hutsez aurrera egiterik ez dagoenean, harrokeria zein arriskutsua den ulertzen laguntzen digu. Txikitan, amak azaldu zidan istorioak erakusten digula besteak baino hobeak garela pentsatuz besteak baino askoz ergelagoak garela demostratu besterik ez dugula egingo. Asteburu hau aprobetxatuko dut nire ale zaharra bilatzeko,Sabin Etxean norbaitek maileguan beharko balu.
Enperadorea biluzik dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu