Enpatia eta altruismoa

2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Frans de Waal primatogo holandarrak urte asko eman ditu tximinoen portaera aztertzen. Lehenago ere idatziak ditu haiei buruzko lan bikainak. «Barruan daramagun tximinoaz» hitz egin izan du. Bonoboa eta hamar aginduak (Tusquets, Bartzelona, 2014) argitartu du oraingoan.

Frans de Waalek helarazten digun mezua ezin argiagoa da: enpatia tximinoen eta giza espeziearen berezko ezaugarria da, eta ez erlijioak irakatsitako zerbait (De Waalek, halere, begirunea dio erlijioari). Moraltasuna ez datorkigu goitik ezarria. Erlijioak sortu aurretik, gure arbasoek bazuten sen morala (behartsuei laguntzen zieten, tratu txarrez kexatzen ziren…). Primateen arteko etika frogatzeko datu eta arrazoi ugari ematen dituikertzaile holandarrak.

Tximino handietan daude gizakien ezaugarri gehienak. Inork ez du dudan jartzen gure adimen nagusitasuna, baina guk ditugun premia eta irrika berak dituzte gure ahaide hurbilek ere. Gu bezalaxe, tximinoak agintearen alde borrokatzen dira, sexuaz gozatzen dute, segurtasuna eta afektua nahi dituzte, lurraldeagatik hiltzen dute, konfiantza eta kooperazioa estimatzen dituzte. Egia da ordenagailuak eta hegazkinak ditugula gizakiok, baina gure jokaera psikologikoa primateenaren antzekoa da oso.

Txinpantzeek elkar engainatzen dute, tranpak egin eta gezurrak esaten dizkiete elkarri, baina badute errukia eta nahitasuna sentitzeko gaitasuna ere. Beste horrenbeste gertatzen da gizon-emakumeen kasuan. Etsaikeria eta gaiztotasuna ez ezik, elkartasuna eta enpatia bezalako joerak ere berezkoak zaizkio giza naturari. Tximinoak eta gizakiak ez dira ez erabat onak ez guztiz gaiztoak. Gauza biak dira batean.

Zenbaiten ustez, altruismoak ez du lekurik eboluzioan. Azalpen darwinista batzuen arabera, jokaera egoistak eragiten dituzten geneak hautatzen ditu eboluzioak. Kasu askotan, ordea, animaliek —intsektu eta hegaztiek, batez ere— elkarri laguntzen diote. Animalien artean ere bada elkar laguntzera bultzatzen dieten sentimenduak. Babuinoek, esaterako,euren taldearen alde bizia ematen dute lehoinabarraren kontra borroka eginez. Berekoikeria eta oldarkortasuna ez ezik, altruismoa eta enpatia ere geneetan daude.

Giacomo Rizolatti italiar neurobiologoak urte asko darama ekintzen neuronak aztertzen Parmako unibertsitatean. 1996an, ispilu-neuronak aurkitu zituen «ustekabean». Horrela deitu zien enpatiaren neuronei.Pentsatu gabe, instintiboki, besteen larruan jartzen gaituzte ispilu-neuronek. Enpatiaren neuronak dira: besteen ekintzak eta sentimenduak ispilatzen dituzte, besteek zer sentitzen duten jakinarazten digute, gorputz batzuk besteekin lotzen dituzte. Elkar ulertzea eta errukia posible egiten dituzten neuronak dira. Altruismo enpatikoak literalki sentiarazten dizkigu besteen egoera emozionalak geureak balira bezala (norbait sufritzen ikusteak atsekabea eragiten digu guri ere).

Altruismoa —inoren ona bilatzea— jaiotzetiko gaitasuna da gizakiengan. Zalantzarik gabe, hautespen naturalak onginahizko jarrera orokor bat piztu du gugan (elkarrekiko altruismoa deritzo Robert Trivers soziobiologo eboluzionistak).Interes berekoiak dituzten geneek kooperazioaren alde egin dezakete. «Agian, benetako altruismo desinteresatua da gizakiarena bakarrik den beste ezaugarri bat […] Sortu gintuzten gene berekoiei aurre egiteko ahalmena dugu, eta, beharko balitz, doktrinatu gaituzten memeei aurka egitekoa ere bai» (R. Dawkins).

Sarri askotan, naturan kooperazioaren bidez askoz gehiago lortzen da gatazkaren bidez baino. Darwinek espeziekideen arteko lehian oinarritu zuen hautespen naturala, baina giza bizitzaren historia ezin da lankidetza sena kontuan hartu gabe ulertu. Frans de Waal izan da alderdi kooperatibo eta altruista horiek gehien nabarmendu dituena. Gizon-emakume guztiok, lehiatzeko ez ezik, beste batzuekin batera lan egiteko gai gara. Animalien artean bakarrak gara gaixoak eta zaurituak zaintzen, behartsuei laguntzen, larrituak kontsolatzen, eta geure bizia ere arriskatzen dugu arrotzak salbatzeko.

Bada halako jarraitutasun zuzen bat primateen eta gizakien jokaeraren artean. Txinpantzeen, bonoboen, izurdeen nahiz elefanteen portaera aztertu ondoren, Frans de Waalek erakutsi digu animalia asko euren kideengatik arduratzen dela, euren antzekoak laguntzera etortzen direla, beraien bizia arriskuan jarriz zenbaitetan. Enpatia edo erruki sentimendua, bada, hainbat animalia espezieren eta gizakien berezko ezaugarria da. Darwinen eta Freuden ikusmolde iluna ezeztatzen du horrek.

Tximinoa, hala ere, ez da izaki morala. Biologian soilik oinarrituz ez da etika eraikitzen. Giza moralak halako gogoeta gaitasun bat eskatzen du sentimenduen eta ekintzen gainean (txindurriak gizakiak baino askoz kooperatiboagoak dira, baina ez dira izaki moralak). Gizakia morala da ongi dagoenaren eta gaizki dagoenaren arteko aldea zein den badakienean, eta horren arabera jokatzen duenean. Aldeko nahiz kontrako arrazoiak hausnartu eta eztabaidatu ondoren erabakia hartzeko ahalmenak ezaugarritzen du.

Badugu sortzetiko sen moral bat, baina biologiak ez digu arau etiko zehatzik ematen. Biologiak informazio garrantzitsua eskaintzen digu, baina erabaki etikoa gure esku dago (homosexualitatearen gaitzespena da horren adibide bat). Arrazionalki eztabaida dezakegu geure zalantza eta dilema moralei buruz. Gure konbikzioa zergatik den baliozkoa frogatzeko arrazoiak eman ditzakegu. Arrazoitu egin dezakegu zergatik dauden gaizki tortura, hilketa eta bortxaketak, edo zergatik aurka egin behar diegun diskriminazioari edo injustiziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.