Enirio-Aralar mankomunitatea bildu zen uztailaren 3an, Bilduko zazpi udalerrik egindako eskaria eztabaidatzeko: Aranzadiri azterketa integrala eskatzeko. Mankomunitateko buru eta EAJko ordezkari Santamariak kontrako mozioa aurkeztu zuen bertan, ez Aranzadik ez beste inork, azterketarik ez egiteko eskatuz. Bilera labur horretara gerturatu ginen Aralar Bizirik-eko kideok, ezta beste herritarrok ere, ez genuen ulertu gertatutakoa, bai Bilduk eta baita Santamariak berak beraien mozioak erretiratu baitzituzten, esan zutenez, Aranzadi Natur Zientzia Elkartea bere kabuz ari omen delako azterketa egiten. Oso positibotzat jotzen dugu Aranzadik azterketa integrala egitea, baina batzarrean oso informaziogutxi eman zen, azterketa horretaz eta ondorengo pausoez.
Aurretik ere, ekainaren 29an, Ordiziako Udal Batzak Ordizia Orainen mozioa eztabaidatu zuen, honako hau zioena: mankomunitateko zazpi udalerrik aurkeztutako idatziarekiko atxikipena luzatzea, eta baita Aranzadik bere lana bukatu arte Enirio-Aralarrerako proiektu eta planak bertan behera geratzea ere. Mozioa onartu zen Bildu eta Ordizia Orainen botoekin, EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE abstenitu egin zen. Baina Santamaria Ordiziako alkate eta mankomunitateko lehendakariak ez zuen horren berri eman mankomunitateko batzarrean, bere udal batzaren ordezkaritzari muzin eginez.
Egoera honetan, aurretik hainbat udaletan aurkeztu eta dagoeneko bost udalerritan onartutako —Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia— mozioaren puntuak betetzea eskatzen dugu berriro: Bertan behera uzteko Enirio-Igaratza pistaren tramiteak, baita 2015-2019ko plangintza ere, zientzia elkarteak azterketa bukatu bitartean. Ondoren, orain arteko kudeaketa plana baztertu eta, Aranzadiren azterketan oinarrituta ,Enirio-Aralarko Mankomunitatearen 2003ko Ekintzen Egitamua berrikusi dezatela, eman daitezken erabilerak naturaren babesaren menpe jarriz eta onartze prozesuan herritarren parte hartzeari eta eztabaidari bide emanez.
Landarlan ingurumen elkartea, Aralar Bizirik-eko partaidea dena, Mankomunitatearen ekaineko batzarrean ganaduzale batengandik jasotako mehatxuak ari da jasaten, hainbat herritarrek ere kalean bezala, Aralarren bertan. Aralar Bizirik-ek irmoki gaitzesten du elkarbizitzaren kontrako jokaera hori, eta Mankomunitateko buruari eskatzen dio lehenbailehen mehatxu horiek arbuiatzeko, adierazpen publiko baten bitartez.
2016ko udazkenean, Foru Aldundiko Mendietako Zuzendaritzak bultzatuta eta Ingurumen Zuzendaritzak onartuta eraiki zen Goroskintxuko pista, eta Ingurumen Inpaktuko Azterketaren arabera, proiektuan hartutako neurriak pista eta inguruko lurren higadura gutxiagotzeko eraginkorrak izango ziren. Pistaren gaur egungo egoera ikusita, begi bistakoa da Ingurumen Inpaktuko Azterketan egindako aurreikuspenak ez direla bete; dirudienez, «ahaztu» egin zitzaien higadura arrisku handiko lur hareatsuak daudela eta behorrak eta ardiak dabiltzala hankekin ezponda eta betelanetako lurrak urratzen behin eta berriro: horrek bultzatzaileen nahi inozoak ez betetzea eragiten du.
Ondare naturalaren kontserbazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako Zuzendariaren ardura denez, begi bistakoa da ez duela bere lana ondo egiten. Eta hori gutxi balitz, Mendietako Zuzendariak beste bi miloi euro bideratu ditu 2017an eta datozen urteetan Aralarren pista gehiago egiteko. Horrelako trakestasuna eta inkonpetentzia onartezinak dira.
Egoera hori dela eta, Landarlan Ingurumen Elkarteak pista horrek sortutako higadura arazoen berri jakinarazi dio Ingurumen Fiskaltzari, bai Eguzkik eta Landarlanek berak egindako Goroskintxuko pistari buruzko salaketa ikertzen ari den erakundeari ere.
Enirio-Aralarko pistari stop!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu