Euskararen Jatorriaren Elkarteak ETBk egindako Euskararen jatorria: enigma europar bat izeneko dokumentalari buruzko iruzkin batzuk egin nahi ditu, herritarrak ikustera animatzeko baina, baita ere, horren irakurketa kritikoa egiteko, ez duelako eskaini, zoritxarrez, gaur egun gure hizkuntzaren jatorriaz dauden proposamen garrantzitsuenei buruzko informaziorik.
Alderdi positiboen artean, asko aipa daitezke. Batetik, ikerle anitz ezagutzeko aukera ematea; edo genetikaren aurkikuntzek eman berri diguten informazioa zabaltzea; edo dokumentala bera eskaintzea, urte askoan gai hau erabat baztertuta egon ondoren argi izpi bat bezalakoa izan delako.
Baina baditu alderdi negatiboak ere. Garrantzitsuena ikusleek atera dezaketen ondorioa da, euskararen jatorriari buruz gauza esanguratsurik ez dagoela oraindik; edo euskara beste hizkuntzekin erlazionatzeko egindako saioei buruz emandako irudi penagarria; edo, nahiko larria dena, euskara «txiripaz» salbatu zela esatea, gure arbasoek hizkuntzari izan zioten atxikimendua hutsaren hurrengotzat hartuz.
Baina, ikuslearen iritzia osatzeko, lehendabizi, hitz egin dezagun agertutako adituei buruz. Euskara hizkuntza zaharra edo beste hizkuntzekin nolabaiteko lotura duela esaten duten bi ikerle baino ez dira dokumentalean agertu. Kontrakoa diotenak, ordea, zortzi izan dira. Futbol partidu batean bi jokalari zortziren kontra aritzea bezala.
Ribero Menesesi buruz asko hitz egin liteke, baina orain dela 30 urte mendebaldeko Europako populazioa aterpe kantabriar-euskal-akitaniarretik zetorrela esan zuenean inor gutxik sinistu zion, baina bete-betean asmatu zuen. Theo Vennemann hizkuntzalari, matematikari eta filosofoak Alemaniako ibai askotan dauden «iz» eta «ur» erroak euskararekin lotzen dituenean, dokumentaleko beste adituek ez dute denbora galdu berau kritikatzeko. Kontua da latinez «iz» ura izan balitz aditu berberek ez luketela inolako arazorik izango erro hori latinetik datorrela esateko. Hori da hemen dagoen sakoneko arazoa. Genetikak dioenaVennemannen teoriarekin bat datorrenez, Stephen Oppenhaimerrek, bere hitzaldi guztietan, Theoren teoria aipatzen du, arlo biak lotuta egon litezkeelako.
Bigarren multzoan aditu asko agertzen dira. Adibidez, Javier de la Hoz hizkuntzalariak dioenez, euskaliberismoaren teoria bertan behera geratu zen Manuel Gomez-Morenok historialariak iberieraren alfabetoa deszifratu zuenean. Hori ez da inondik inora zuzena, euskaliberismoa toponimian oinarrituta sortu zelako, ez irakurtzen ez zekiten idazkunetan. Eta, horretarako, nahikoa da dokumentalean aipatzen den Humboldt-en Los primitivos habitantes de España liburuko toponimoak irakurtzea: Larrena, Ilunum, Laberris, Egurres, Bilbilis, Burum, Buruesea, Barea, Arsa, Aspis, Iturissa, Ursaon….
Bestetik, Ricardo Gomezek «hizkuntza guztiek adin bera dutela» aipatu du, gure hizkuntzari orain arte gizarte osoak ontzat emandako balio bakarrenetakoa kendu nahian: zahartasuna, eta horrekin batera, hizkuntzarekiko atxikimendua. Gai hau oso garrantzitsua da ulertzeko Euskal Filologian dagoen irakasle honek Lakarra eta «Gorrochategui»-rekin batera Arabako Iruñako ostraken kontra egindako itzelezko gurutzada. Ondarea zaintzen duten herri guztiek bere aztarna arkeologikoak datatzen dituzten bitartean, hemen, ostrakak ez dira arkeometria laborategietara bidali nahi izan eta faltsutzat hartu dituzte datatu baino lehen. Hiru irakasle hauek datazioak ez direla egin behar behin eta berriz esaten ari dira, ostrakek euskara oso gutxi aldatu dela froga dezaketelako.
Baina aipatu behar dira, ezinbestean, dokumentalak baztertu dituen baina gaur egun euskararen jatorriari buruz dauden teoria nagusiak; alegia, lehen aipatutako bi jokalariekin batera futbol zelaira atera behar izan zirenak. Une honetan euskararen jatorriari buruz bi ildo nagusi daude, eta horien inguruan badira beste teoria osagarri batzuk. Ildo baten arabera, euskara naturaren interpretaziotik sortu zen. Horrela fonema bakoitzari esanahi zehatz bat egokituko zitzaion. Teoria honetan kokatzen dira, besteak beste, Imanol Mujika, Jesus Segurola eta Martin Mendizabal.
Beste ildo baten arabera, hitzen sormena oinarrizko erro batzuetatik abiatu zen, hiru egintza nagusiren inguruan: izatasuna, egintza eta getasuna. Bittor Kapanagak sortu eta Josu Naberanek jarraitzen dion teoria honen arabera, adibidez, izatasuna adierazten duen eta argi zentzua duen «iz» erroarekin izarra, izetu, piztu, goiz… hitzak sortuko ziren. Edo egintza adierazten duen «in» erroarekin: egin, zain… Eta getasuna adierazten duen «il» erroarekin: ilun, isil...
Naberanek Bittorrek proposatutako hiru iturburu horiek zeintzuk izan daitezkeen iradoki du: hizkuntza piriniar-europarra, azken glaziazio aldiko mendebal babesgunean sortu eta Europa mailara hedatu zen substratu zaharrena. Horrek bigarren substratu baten ekarpena jasoko zuen: hizkuntzamediterranearra, nekazaritza Europako ekialdetik mendebalderantz zabaldu zenean edo lehenago agian. Eta euskararen hirugarren substratua, berriz, berberera eta iberiera hizkuntzen aztarnek osatuko lukete.
Kapanagaren teoria honek euskararen ahaidetasunen gaia argitzeko balio lezake. Gaur egun euskara beste hizkuntzekiko ahaidetasuna bilatzerakoan euskara osotasun bakar gisa ikusi izan da eta, noski, beste hizkuntzekin terminologiaren %5 baino gutxiago konpartitzen duenez, ez dago ahaidetasuna dagoela esaterik. Baina euskararen barruan hiru eremu geografiko zabaleko hitzak ditugula baieztatuko balitz, euskararen %100a alderatu beharrean, %33a alderatu beharko genuke eta, orduan, milaka «kointzidentzia» ulertzeaz gain, harremana egon badagoela esan liteke.
Teoria gehiago ere badago. Agosti Xahok gure arbasoak hitz egiten ikasi baino lehen eskuen bidez komunikatzen zirela eta euskaran horren aztarna asko daudela proposatzen du: eskuen bidez egiten ziren «eskain, eske, eskertu»… Bestetik, Felix Zubiagak dioenez, gizakiak bere lehen jakindurian gizadiaz ulertu zuena hizkuntza ahoskatuan adierazten zuen. Gizakiak lau elementu bizigarri ikusten eta izendatzen zituen gizadian: «uhin, su, aire eta loi» eta jainko izenok hartzen zituen hizkuntza ahoskatuaren hastapen edo arketipotzat. Hor sortu zen protoeuskara. Jatorriari buruz dauden teoria hauek osagarriak izan litezkeela, hitzak sortzeko beharren arabera joera desberdinak egon zitezkeelako.
Euskara ez zen «txiripaz» salbatu. Seguruenik arbaso euskaldunek hizkuntzari zioten atxikimendu handia izango zen, bestela ezin delako ulertu agian 15.000 urtez iraun izana geure euskarak, Barandiaranek eta genetikak iradokitzen duten moduan. Egunen baten dokumental inpartzial batek euskararen jatorriaren gai hau hobeto jasoko duela espero dugu.
Enigma europar bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu