Ziklo aldaketa belaunaldi aldaketarekin ohi dator, eta gurean, gainera, mende berriaren hasierarekin egin du bat. Belaunaldi bakoitza bere bizi-esperientzia kolektiboaren parte edo ondorio da, eta norberak lantzen duen jarreraren ondorio, hain zuzen, aurreko belaunalditik jasotako arazo eta zailtasunak gainditzeko jarrera positiboaren ondorio.
Data berean zendu dira Euskal Herriarekin guztiz engaiatuta bizi izan diren bi pertsona: Nestor Basterretxea eta Lander Gallastegi. Basterretxeaz komunikabide guztiak aritu dira luze eta zabal, eta merezimendu osoz goratu dute bere izena eta izana gure herriaren kultur eragile nagusi gisa.
Lander Gallastegi Miñaurrez Gara egunkarian (2014/7/13) jardun zuen Josemari Lorenzok bere omenez idatzitako hilberrian. Bertan azpimarratzen zen Gallastegik bere aita zenaren —Eli Gallastegi Gudaria— idazkiak biltzen egindako lana, eta goratu egiten zuen bere abertzaletasuna.
Bai Basterretxea bai Gallastegi erbesteratutako belaunaldi baten kide dira. Gerra galtzaileen seme-alabak, alegia. Erbestean eratu zuten gure herriarekiko konpromisozko nortasun sendoa, eta beren prestakuntzaren bitartez gai izan ziren beren jakin-nahiak etorkizunaren erronketan txertatzen.
Lerro hauen bidez, Gallastegi gogoan hartu nahi dut, Juan Madariagaren arkitektura estudioan ezagutu bainuen, Irlandan arkitektura ikasketak amaitu eta gero Euskal Herrira itzuli zenean. Besapean zekarren ikasketak amaitu osteko proiektuak bolumenen adierazpidearen gaineko bere ezagutzak eta trebetasunak agerian uzten zituen, Frank Lloyd Wrighten eskolari jarraiki.
Juan Madariagaren estudioa Nikola Madariaga ilobak gidatzen zuen. Juan Madariaga arkitekto ezaguna zen gerra zibilaren aurretik, 1931 eta 1937 urte bitartean burututako proiektuei esker. Bilbo erori zenean, ordea, erbesteratu behar izan zuen. Hasieran, Tarben (Frantzia) egon zen lanean, lanparak diseinatzen. Ondoren Belgikara; beranduago Casablancara, eta handik 1941. urtean Mexikora joan zen. Erbesteko dramak behartu egin zuen aldi batez delineatzaile edo marrazkigile gisa lan egitera Felix Candelaren estudioan, azken hori ere erbesteratu espainola zena eta Mexikora Madariaga baino bi urte lehenago heldu zena.
Madariagak Mexikon lan egin zuen Euskal Herrira itzuli zen arte Vilagran arkitektoarekin eta katalana zen Montagut arkitektoarekin batera. 1955. urtean erbestetik itzuli zenean, Erregimen frankistak arkitekto frankistaz osatutako epaimahai batetik pasa behar izan zuen bere arkitekto titulu profesionala baliozta zezaten eta onartua izan zedin Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo ofizialean —COAVNen—. Ordurako Nikola Madariaga, bere iloba, Txilen hasi zen arkitektura ikasketak egiten, baina ikasteka horiek eten egin behar izan zituen Bilbora itzultzerakoan.
Madariaga aurretik jada nabarmendua zen bere joera funtzionalistagatik eta modernitatearen aldeko konpromisoagatik, eta ildo beretik bere estudioan ibili ginenok barneratu genuen ikasketa hauxe izan zen: forma dela funtzioa. Horrela, bada, 1959. urtean Madariagaren Estudioan Bakioko hiru etxeren proiektu berritzailea landu zen, baserriaren euskal elementuak imitatuz eta eraikin guztiz modernoak diseinatuz. Proiektu horrek 1963. urteko Pedro Asua saria jaso zuen, berrikuntza estetikoa eta kontzeptual sakona eragin zuelako.
Higikunde modernoaren garaia zen, eta proiektu berritzaile horrek berehala bereganatu zuen Bartzelona eskolako Oriol Bohigas Guardiolaren arreta. Horrenbesteko interesa piztu zion proiektu horrek, ezen Bohigasek berak Bakion antolatutako mahai-inguru baten bueltan bildu baitzituen Peña Ganchegi, Rufino Basañez arkitekto ospetsuak eta Bakioko proiektuaren arkitekto eta eraikitzaile gazteak, gogoeta egin zezaten euskal arkitektura berriaren oinarrien inguruan.
Gallastegik bere esku arinez eta Wrighten eskolaren markarekin abiatu zuen nekazari guneko euskal eraikin isolatuaren berrikuntza estetikoa eta kontzeptuala, Madariagaren Estudioan parte hartutako proiektuen bidez. Frank Lloyd Wrightek kutxaren suntsitzea burutu zuen moduan, Madariagaren Estudiora heldu ziren enkarguak Wrighten tradizio akademiko japoniarrera egokitu ziren, hots, estrukturaren irakurketa, oin-plantaren diseinua eta baserriaren harresien zabaltzea.
Gallastegi gai izan zen euskal baserriaren arkitektura tradizionalari bere ezaugarri modernoak ateratzen, diseinatzen zituen arotz-lan soilen eta sendoen bidez; horrela, eraikin moderno horiek Euskal Herriko paisaian naturaltasunez txertatzea lortzen zuen. Leiho handiak eta egongelarako espazio zabalak lorategi guneetan txertatuz edota eraikinaren zenbait elementuri indar handia emanez, hala nola eraikinaren estruktura berari, harrizko harresiei eta bi isuritako teilatu hegal zabalei, koherentzia handia lortzen zuen arkitektura eta naturaren artean.
Urteetan Euskal Herriko hainbat txokotan eraikitzen joan diren lanekin ezartzen joan da Madariaga estiloa, dudarik gabe, Gallastegi bere lankidearen marka duena. 1967. urtean Madariagaren Estudioa berriz saritua izan zenAsuan eraiki ziren Degremont bulegoengatik, urte batzuk beranduago ETApm-k zartarazi zituenak.
Sare publikoko zenbait ikastetxe eta ikastolaren enkargua izan zen bere irakaskuntzarekiko konpromisoa. Horrekin batera, nabarmena izan da euskararekiko izan duen konpromiso sendoa, lehenik Lauroko ikastolan bete zuena eta ondoren Sopelako Ander Deuna Ikastolan sustatzaile gisa arituz osatu zuena.
Horrez gain, eta ez da hori guztia, Gallastegiren lan eta engaiamenduak bizirik dirau Xabiertxo argitalpenen bidez, horiek berreskuratzen jardun baitzuen 60ko hamarkadan, ikastolen esku utziz irudien xaflak. Bere eskuerak eta berezko grafiak, euskal letren tradizio onari jarraiki, jarraituko dute ilustratzen etorkizunean sortuko diren hamaikatxo kultur ekimen.
Engaiamenduz bizi izandako belaunaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu