Joan den abenduan, bizitzaren garestitzearen inguruan egiten dugun irakurketa plazaratu genuen Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik. Garestitze honek adierazpen ezberdinak ditu, eta azken urtean larritasun handiena izan duenetako bat etxeko hornidura energetikoei dagokiena da. Izan ere, argiaren eta gasaren fakturak errekor historikoetan daude. Gainera, hornidura energetikoen gaiarekin kea saldu digute etengabe, eta hala egiten jarraitzen dute.
Batetik, Pedro Sanchezek hitzeman zigun 2021. urtean elektrizitatearen fakturagatik 2018. urteko berdina ordainduko zela. Baina errealitatea da 2021ean batez besteko kontsumitzaileak 2018an baino %21 gehiago ordaindu duela. Beste adibide bat Espainiako Gobernuak azken hilabeteotan eskaini digun ikuskizun lotsagarria izan da. Lehenengo ekitaldian, oligopolio elektrikoaren maltzurkeriari aurre egingo ziotela iragarri zuten, haien irabazietan esku hartze ikaragarria gauzatuz fakturen igoerari eusteko. Bigarren ekitaldian, hasierako dekretua aldatu eta itzuli beharreko irabazien zatia proportzioan ia ezerezera murriztu zuten. Horren ordez, beherapen fiskalak eta miseria leuntzeko apurrak izan dira hobetsitako behin-behineko neurriak. Ikuskizun hau noren gustukoa izan den asmatzeko, adierazgarriak dira Endesa eta Iberdrolaren amaierako txaloak.
Noiz arte iraungo du egoera honek? Kasu honetan ere kea saldu digutela ematen du. Neguaren aurretik espainiar zein europar autoritateek energiaren garestitze hau aldi baterakoa izango zela adierazi zuten, udaberrira artekoa asko jota. Berriki, ordea, Europako Banku Zentraletik aitortu dute energiaren kostuak eta ondorioz inflazio orokorra 2022. urtean zehar maila altuetan mantenduko direla ziurrenik. Gasolina eta gasolioaren prezioak ere ia errekor historikoetan egoteak aurreikuspen hori indartzen du: badirudi garestitze orokortu honek luze joko duela.
Urtarrilaren 29an Gazte Koordinadora Sozialistak Iruñean eta Bilbon burututako mobilizazioetan azpimarratutako ideia bat hona ekarriz, geroz eta agerikoagoa da politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatzeko beharra. Miseria kudeatzera mugatzen diren instituzioetan ez dugu arazoaren konponbidea aurkituko. Energiaren garestitzearen kasuan, baliabide energetikoen gaineko kontrol kapitalistaren ondorioak —baliabideen erabilera irrazionala, gatazka geopolitikoak eta abar— langile klaseak ordaintzea da aurkezten diguten aukera bakarra. Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik hornidura energetikoak doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izan daitezela aldarrikatzen dugu, eta hori osotasun kapitalista gaindituz soilik izango da posible.
Energiaren garestitzeari ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu