Errusiak Ukraina inbaditu izanak ezustean harrapatu gaitu, bai, baita gure gobernariak ere. Eraso hau giza mailan izaten ari den ondorio latzetatik haratago, eta geoestrategia eta kanpo-politika alde batera utzita, etxean bertan harrapatzen gaituen zerbaitetan zentratuko naiz: zer gertatu ote da Europak eta Euskadik tresnarik izan ez dezaten gerrak hiritarrengan izango duen eragina saihesteko, hala nola energiaren prezioen igoeraren edo produktuen eskasiaren eragina? Nolatan egin behar dio aurre Euskadik egoera honi %90eko mendekotasun energetikoarekin? Ezin al zen hau dena aurreikusi?
Agian ezinezkoa zen Putinek Ukraina inbadituko zuela susmatzea, baina duela urte asko, gehiegi akaso, energiaren inguruko eztabaida mahai gainean dago, eta, zoritxarrez, duela egun gutxi arte, beharrezkoak ziren aldaketak ezartzeko boterea zutenek ez zuten honi aurre egiteko borondate handirik. Berandu gabiltza, eta badira horretan erantzukizun zuzena dutenak.
2015. eta 2019. urteen artean, gaur egun erakundeetan ikusten ari garen energiari buruzko eztabaiden oinarri politikoak sendotu ziren. Teresa Ribera presidenteordeak PPren politika energetikoa amaitu zuen. Horri esker, berriztagarrien instalazioan eta trantsizio energetikoan sakontzeko hasiera puntu hobeagoan gaude orain. Baina, hau gertatu baino lehen, gehiengo absolutua izan zuen azken estatu mailako agintaldian, Rajoy presidenteak eta Soria ministroak ez zuten aurrera egin nahi izan etorkizun posible bakartzat hartzen zena lortzeko: erregai fosilekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa izatea. Gizarte-mugimenduek eztabaida azaleratu zuten, eta zentsura-mozioaren eta gobernu-aldaketaren aurreko bi urteetan zehar gauzak aldatzeko tartea bazegoen, horretarako gehiengo bat eraikitzea posible baitzen.
Baina EAJk gobernuari jarraipen osoa egitea erabaki zuen. Energiaren arloan, bere botoak beti egon ziren popularren botoei lotuta, energia-trantsizioa atzeratzeko eta geldiarazteko helburuarekin. Sistematikoki autokontsumoaren, energia berriztagarrien, prezioen aldaketaren edo egiturazko edozein aldaketaren aurka bozkatzen zuten, beti. Bitartean, Euskadin energiaren eta trantsizio energetikoaren alde egindako lana euskal enpresen elektrizitaterako diru-laguntzak ematea baino ez zen izan, inoiz ez baitzuten onartu merkatu elektrikoa eraldatuko zuen ekimenik.
Urte horietan, gainera, Euskadik zuen energia berriztagarrien ehunekoa lotsa emateko modukoa zen; azken postuetan egoteaz gain, Eusko Jaurlaritzak ez zuen berriztagarrien ezarpena bultzatu, ezta babestu ere. Orduan, Lakuak argudiatzen zuen ez zegoela lurralde nahikorik horretarako, baina inoiz ez zituen industria-nabeen edota etxebizitzen teilatuak kontuan hartu (EDPren arabera, Euskadiko etxeen %89k eguzki-panelak jar zitzaketen, eta eskari elektrikoaren %100 bete). Horiek, autokontsumoa onartu zenetik aprobetxa eta bultza zitezkeen, berriztagarriak epe luzerako herrialde-apustu bihurtuz.
Horrek apustu estrategikoa behar bazezakeen, zergatik erabaki zuten EAJk eta Eusko Jaurlaritzak aurrera ez egitea? Erantzuna erraza da. Rajoyk gobernatzen zuen bitartean, energia-enpresak aktiboki aritu ziren trantsizio energetikoari oztopoak jartzen eguzkiaren gaineko zergaren eta berriztagarriei jarritako beste oztopoen alde eginez. Eta, horretan, EAJ beti izan zen lagun leialena, argindar enpresena oro har, eta Iberdrolarena bereziki.
Baina, azkenaldian, Iberdrolak berak ere aldatu du diskurtsoa (eta bere negozio-modua): ikatza alde batera utzi zuen, eta berriztagarrien eta hidrogeno berdearen bidezko elektrifikazioaren aldeko apustua egin du. Ondorioz, EAJk lagunik onena aldatzea erabaki du. Orain, euren interesek Repsolek defendatzen duenaren antz handiagoa dute: erregai sintetikoak, hidrogeno urdina edo karbono-harrapaketa. Hori dela eta, gaur egun Euskadi da gasolina eta diesel autoak erosteko diru-laguntzak ematen jarraitzen duten autonomia gutxienetako bat.
Azken hamarkadetan gertatutakoak erakutsi digu planetak eta gure osasunak ezin dutela gehiago, eta gas kutsatzaileen isurketak behingoz murriztu behar ditugula. Azken asteetan gertatutakoak erakutsi digu Europako Batasunetik apurtu egin behar dugula gutxieneko portaera etiko eta demokratikoa ez duten herrialdeekiko dugun menpekotasuna.
EAJ oso kontserbadorea izan da, trantsizio geldo baten aldeko apustua eginez. Statu quo-ari eusteko egin dituzten ahaleginek ekarri gaituzte egungo egoerara. Orain, galdutako denbora ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-gastu handiekin soilik berreskura daiteke. Edonola ere, iritsi da aspalditik egin beharreko aldaketak errealitate bihurtzeko unea: garraioa elektrifikatu, merkatu elektrikoaren erregulazioa aldatu, gasaren eta energia elektrikoaren arteko loturak hautsi, eta berriztagarriak sustatu. Orain ala inoiz ez.
Energiaren erronka: orain ala inoiz ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu