Beste abuztu bat zuretzat, aurtengoa bereziki gogoz hartu duzu, lau xamarra joan den zaporerik gabeko ikasturtearen ondoren. Mediterraneoan hartuko zenuen lehen bainuarekin amestu duzu maiatzetik honako lagun-tertulietan eta teilatuari begira pasatako gauetan. Gozo hartu zaitu Europako putzurik handienak, gozoegi. Palmera azpira zoaz itzalaren bila, jada ez du hainbeste freskatzen. Azal gorriz eta garagardo markako sonbrillaz betetako hondartza pisutsu zaizu, hondarrak oin azpiak errazten dizkizu. Apartamentura zoazela esan diezu lagunei, dutxa hotza behar duzula. 44 gradu markatzen ditu etxe azpiko farmaziak.
Aldaketa klimatikoaren oinarri zientifikoak ezartzen dituen IPCCren azken txostenak argi laga zuen abuztu hasieran jakin bagenekiena, talka egiten ari gara planetako muga biofisikoekin. Pariseko hitzarmenean zehaztutako 1,5 graduren helburua prentsaurreko dotoreen ateetatik kanpo leku gutxitara iritsi da, etorkizuneko historialariek asmo politak izan genituela idaztea nahiko balute bezala, baina ez zela posible izan, herritarrak ez zeudela prest.
Gutxi aldatu da gure Euskal Herriko metabolismoa 2015ko nazioarteko hitzarmen loriatsu hartatik. Are, zientzialarien taldeak zehazten duenez, azken urte hauetako emisioen kopurua mantenduz gero, probableena da 1,5 gradu 2050. urte goiztiarrerako igotzea, eta ez 2100. urterako, hasiera batean planteatu moduan. Edozein kasutan, gaur erroko erabaki estrukturalak hartuko balira ere, jada saihetsezinak dira klima aldaketak planetako bizi-zikloetan izango dituen eragin bortitzak, eta kalte konponezinak.
Kanadan eta Grezian 49 gradutako errekor historikoetara iritsi diren uda izerditsu honetan, arreta deitzen du Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak berripaper honetan orain egun batzuk argitaratutako artikuluak, energiaren garestitzearen eta trantsizio energetikoaren inguruan, bulego jakin batzuetan sukarrak eragiten ari den seinale. Energiaren gaiaren garrantziaz ohartarazteko, bere sorkuntza eta kontsumoa ongizatearekin eta industria garapenarekin bete-betean lotua dagoela dio. Zerrenda horren katea aldatu beharko litzateke agian, eta esan industria garapena eta bere kontsumo energetiko erraldoia txarizatearekin lotua dagoela, tragedia klimatikora garamatzala. Ondo bizitzearen definizioa zer den, horra lehen auzia. Edo oparotasun materialaren gizartea, edo argaldutako gizarte bat, inguruan dituen muga ekosistemikoekin orekan bizi dena. Araba eta Nafarroa eguzki-plakez eta haize-errotez betetzen hasi aurretik, geure buruari galdetu beharko geniokeena da ea prest gauden haragia astean behin edo bitan jateko, oporretan atlantikoa hegazkinez ez gurutzatzeko, edo udazkeneko asteburu euritsu batez Europako edozein hiriburu low cost hegaldiz ez bisitatzeko. Gizarte lasaiagoetara bidea egin edo festa jarraitu, eguerdiko beroak kiskali arte.
Kuriosoa da erreferentziarik ez egitea gure gizarte sistemaren konplexutasun galera beharrezkoari, edo ez da aipatzen hazkunde ekonomikoa eta planeta finitua gaizki konpontzen diren ezagun zaharrak direla. Hausnarketa guztiak egungo kontsumo eta lehiakortasun maila mantentzearen abiapuntutik egiten dira, ez da irudikatzen industria gutxiagoko Euskal Herri bat, edo bost aireporturik, tren azkarrik eta azpiegitura erraldoirik gabeko lurralde bat. Denak behar du abiadura handian.
Arazoa ordea, jaurtitzen diren ideiekin gaurko kontsumo eta produkzio maila mantentzea zientifikoki ezinezkoa dela da. Hasteko eta behin, geure kontsumo energetikoaren %16 soilik da elektrikoa. Kopuru hori berriztagarriz hornitzea lortuko bagenu ere (lan nekeza eta arazo logistikoz betea) geure kontsumoaren gainontzeko %84 erregai fosiletatik lortzen dugu. Euskal Herriaren elektrifikazio prozesu basati bati bide emanez gero ere, ez da posible gaur erregai fosilek eskura jartzen diguten energia merke (jada ez hain merke) eta oparoa beste iturri batekin ordezkatzea, hidrogenoarekin ere ez. Bestetik, CO2a isurtzeko baimenak erostearen inguruan ere badago eztabaida komunitate zientifikoan. Baimen horiek bigarren mailako merkatuetan salerosteko aukera egonik, espekulazio ariketen bidez negozio-iturri bilakatzen da eta BPG-aren tarta handitzen du azkenean. Ondorioa, isuriak mugatu ordez, berauek areagotzen ditu eta CO2 gehiago metatzen da atmosferan.
2020. urtean isuriak %7 murriztu ziren, itxialdi, mugikortasun mugatze, etxeratze agindu eta bestelako neurri ia-belikoekin. Bada, klima aldaketaren ertz mingarrienak ekiditeko eta 2050erako 1,5 graduren helburua betetzeko urtero murriztu beharko genituzke %7 gure emisioak. Ez dirudi ariketa egingarria denik, ez behintzat isurpen-baimenak erostea edo eguzki-plaka gehiago instalatzea proposatzen duen estrategian bederen. Erantzukizun politikoa izateak eta egoeraren aurrean arduraz jokatzeak gehiago eskatzen du dagoen aberastasunaren banaketa zorrotzagoa planifikatzetik, burujabetza dosiak areagotzetik eta beharrezkoa balitz uraren, gasolioaren edo argindarraren arrazionamendu-kartillak banatzetik, green kapitalismoan lehiakorrak nola izan pentsatzetik baino.
Bien bitartean etorriko da IPCCren zazpigarren txostena, eta zortzigarrena. Albistegietan 23. minutuan egingo diote 20 segundoko tartea. Beste dutxa hotz bat hartuko duzu. Kalera aterako zara itzalaren bila, gaur bero handia egiten du.
Energia sukartsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu