Martxoaren 11z geroztik, Japonia infernua ari da bizitzen. Lehenik, lurrikara izugarri bat eta horri jarraitu zion tsunamia izan ziren, milaka hildako eragin zituztenak. Azken informazio ofizialen arabera, 8.600 dira dagoeneko, eta beste 13.600 desagertuta daude. Hondamendi izugarria izan zen, baina ez da bukaera izan.
Japoniako historiaren lurrikara bortitzenak eta horren ondorengo tsunamiak Fukushimako zentral nuklearrean akatsak eragin zituen, eta ezin izan ziren emergentzia neurriak aktibatu, elektrizitate hornidurarik gabe geratu zelako. Zentral horietan erabiltzen den teknologia oso aurreratua da, baina begi bistakoa da oso hauskorra ere badela. Gertakari multzo horrek suteak eta leherketak eragin zituen erreaktoreetan, eta erradioaktibitatea zenbait kilometrotan zabaldu da. Ez dakigu zer ari den gertatzen, eta okerrago: ez dakigu zer gerta daitekeen, egoera oraindik ez baitago kontrolpean. Berriro ere, energia nuklearrari dagokionez informazioa eta gardentasuna falta da. Ez da gai arina.
Europan gobernuak beraien politika nuklearra birplanteatzen ari dira, eztabaida ireki da berriro. Alemaniako kantziler Angela Merkelek Alemaniako zentralak geldiarazi ditu hiru hilabetez, politika nuklearra aztertzeko. Europar Komisioko energia komisarioak Japoniako egoera apokalipsi bezala deskribatu du. Txinako gobernua ere bere hazkunde nuklearra birplanteatzen ari da. Eta zer dio Espainiako Gobernuak bitartean? Zentral nuklearren segurtasuna egiaztatuko duela, hori nahikoa izango balitz bezala.
Baina Zapaterok erabakiak hartu ditu. Otsailean Ekonomia Jasangarrirako Legea onartu zen, zeinek Espainiako zentralen bizitza 40 urtekoa izateko muga ezabatzen duen. Horren ordez, orain zentralen bizitza mugagabea da, betiere «segurtasun neurriak betetzen badituzte». Fukushimak ere betetzen zituen, betetzeari utzi zion arte. Wikileakseko kableek erakusten dutenez, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak 2007an lurrikara baten ondoren Japoniako gobernuari jakinarazi zion bazituztela 6,7 graduko lurrikarei aurre egin ezin zieten zentral nuklearrak. Oraingoak ia 9 gradu izan ditu, eta beranduegi da.
Osasunaren Munduko Erakundeak esan du elikagaietan (esnea eta alkatxofak, esaterako) eta uretan aurkitu den erradiazioa arazo oso larria dela, uste zen baino larriagoa. Itsasoko ura ere kutsatuta dago (nork usteko du kontrakoa, itsasoko ura ari badira zentralera isurtzen?). Eta hau oraindik ez da bukatu.
Baina ez dezagun Japoniara bakarrik begiratu; hemen bertan daukagu ezaugarri bereko eta Fukushiman akatsak izan dituzten segurtasun neurri berdinetakozentral zuklearra, Garoñan. Dagoeneko 40 urte ditu, eta itxita egon beharko litzateke. Zentralaren zahartzeak akats asko eragin ditu azken urteetan, gehiegi. Baina Espainiako Gobernua ez dago zentrala ixteko prest, eta bi urtez luzatu du bere bizitza, 2013 arte, eta momentua iristen denean nork daki zer gertatuko den. Hurrengo gobernua izango da erabaki beharko duena.
Zergatik jarraitzen da energia nuklearrarekin, enegia berriztagarriak bezalako alternatiba garbi eta seguruak ditugunean? Erabaki horren atzean ez al dira egongo enpresa elektriko handien interesak? Gure osasuna eta segurtasunaren gainetik jartzen diren interesak?
ELAk Garoña ixtea exijitzen du, horretarako arrazoi gehiegi daudelako. Zentral zaharra da, akats gehiegi izan dituena eta dagoeneko itxita egon beharko litzatekeena. Energia nuklearra alde batera uztea ere exijitzen dugu, energia aurrezteko eta mugikortasuna gutxitzeko politikak bultzatzea eta berriztagarrien aldeko apustua egitea, energia seguru eta garbi bakarra baita.
Energia nuklearrari ez. Garoña itxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu