Euskal Herria Bizirik sarea

Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

Iraitz Elordi eta Rebeka Gonzalez de Alaiza
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean ezkutatzen den eredu ekonomikoa. Hazkunde ekonomikoa ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan —kapitalismoan, alegia—, ongizate ekologiko eta sozialik ezin baita lortu. Artikulu honetan, EAEko eta Nafarroa Garaiko instituzio eta berriztagarrien enpresa multinazionalen jardunaren nolakotasuna datu zehatzekin azaltzen saiatuko gara, argi gelditu dadin instituzio eta berriztagarri enpresen interesa, funtsean, bera dela: edozein ondorioren gainetik, hazkunde ekonomikoa.

Alde batetik, urtarrilaren erdialdean Arantxa Tapia sailburuak iragarri zuen EAEn hamabost parke eolikoren esleipenak tramitatzen ari zirela, nahiz eta oraindik lurralde plan sektoriala (LPS, gaztelerazko PTS) onartu gabe izan. Ez zuen esan, ordea, LPS horren diseinuari dagozkion hainbat kontratu Saitec enpresari esleitu zizkiotenik. Kontratu horietako batean, esaterako, 168.000 euro eman zizkieten, bigarren kontratu batean 141.570 euro eta hirugarren kontratu batean 7.400 euro. Garrantzitsua da azpimarratzea Saitec, bere filiala den Itsas Wind-en bitartez, Armintzan itsas parke eoliko handi baten sustatzailea dela. Beraz, energia berriztagarrien zabalpen masiboaren bitartez negozioa egiteaz gain, EAEko lurralde plan sektorialaren diseinuaren parte izan da. Negozio borobila Saitec enpresarentzat.

Bestalde, esanguratsua da Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Iberdrola eta Repsoleko aholkulariek gidatuta, esku pribatuen interesetarako egiten ari den lan guztia. Horren adibide dira EEE eta Iberdrolaren parte hartzearekin Aixeindar operadorea aurrera eramaten ari den proiektuak, hala nola Labrazakoa eta Azazetakoa. Edota EEE eta Solariaren artean bultzatzen ari diren Vitoria solar I y II proiektuak. Aipatzekoa da Solaria Blackrock putre funtsek gidaturiko enpresa dela. Argi dago, beraz, zein den EAJ-PSEE koalizioaren trantsizio energetikoaren ideia: orain arteko logikari jarraituz negozio bide berriak ustiatzen jarraitzea.

Bide beretik doa Nafarroa Garaiko gobernua ere eta horren adierazle da Agrowind Navarra 2013 S.L.-ren gertakaria. Agrowind enpresa 2012an hasi zen Larraga, Berbintzana eta Miranda de Argako udaletan eolikoak ezartzeko proiektua aurkezten eta 2018rako obra baimen guztiak zituen. Hala eta guztiz ere, ez zituen azpiegitura lanak hasi eta hiru urteren ostean, eolikoak ezartzeko baimena iraungitzat eman beharrean, beste bost urteko luzapena eman zion Nafarroako Gobernuak guztiz modu irregularrean. Hori ulertzeko beharrezkoa da jakitea benetan zein zen enpresa hau sortzearen helburua. Agrowind enpresa sortu zutenean 4.000 euroko kapital soziala besterik ez zuen, horrek argi erakusten du bere asmoa hasieratik ez zela eolikoak eraikitzea, proiektu hau saltzea baizik. Azkenean 2022an enpresa bere proiektu eta guzti saltzea lortu zuen Saudi Alfanar taldeari, 202 milioi euroren truke. Operazio hau guztia aurrera eramaterakoan, Nafarroako Gobernuko Habitat Sailaren 2013ko abenduaren 31ko ingurumen-inpaktuak ebaluatzeko txostenak ontzat ematen ari dira, zaharkituta dagoen ingurugiro baimen bat alegia. Negozio borobila Agrowind enpresarentzat, ingurugiroaren kaltetan.

Lekunberri eta Etxeberri artean eraiki nahi duten gas-hodia dugu beste adibide bat. Politikari guztien ahotan energia berriztagarrien zabalpen masiboa egitea dagoen unean eta auzi ekologikoa kinka larrian den honetan, Aralarko mendilerrotik gasa garraiatzeko baimena emana dago, gasbidearen trazadurak Aralar mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE, ZEC gazteleraz) eragingo lioke bost kilometroko luzeran. Zortzi metro zabal eta 0,8 m-1,5 m arteko sakonera du ireki beharreko kanalak; horrek 6.000 zuhaitz moztea esan nahi duelarik.

Beraz, argi ikus daiteke Nafarroako Gobernuan urte hauetan guztietan parte hartu duten alderdi politiko guztien gestioak norabide berean eman dituztela pausoak. Irabazi ekonomikoak lehenesten dituen norabidean, hain zuzen.

Edozein kasutan, zorrotz begiratu behar zaio EH Bilduk kudeaketa eredu horri planteatzen dion alternatibari ere, argi ibili beharra daukagu gestio eredu horren aurrean bere burua alternatiba gisa aurkezten duen EH Bildurekin.

Hasteko, garrantzitsua da gogoraraztea EAEko Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legea EAJ, PSEE eta EH Bilduren babesarekin onartu berri dela. Horrek hiru alderdi politikoek trantsizio energetikoaren auzian duten antzekotasuna agerian uzten du. Norabide honetan sakonduz, EH Bilduk orain arte defendatu duen enpresa eredua aztertuko dugu jarraian, Statkraft enpresa zehazki.

Statkraft eta Equinor energia arloko Norvegiako enpresa publikoak dira. Bi enpresek garrantzia handia dute Europa mailan. Equinor Europan kontsumitzen den gasaren %20ren hornitzailea da eta hidrokarburoen offshore ustiaketan mundu mailako enpresarik handiena. StatoilHydro izenpean egiten du lan gaur egun. Statkraft enpresa, berriz, Europako energia berriztagarrien ekoizle handiena da, fiordoetan ezarri dituzten presa hidroelektrikoen bitartez ekoizten du elektrizitate gehiena. Horrez gain, mundu osoko hogei herrialdetara zabalduta dago.

Statkraften defentsa egin asmo dutenek enpresa publiko izatearen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriz. Baina gorago EEErekin ikusi dugun moduan, publiko izateak ez du esan nahi herritarron interesak defendatzeko asmoa dutenik. Horren adibide garbiak dira Sami komunitatean, Txileko Litueche komunan edota Galizian izandako gertakariak.

Norvegia iparraldean 152 eolikoz osatutako parke eoliko erraldoi bat ezarri zuten, eta horren aurrean Sami komunitateak oposizio argia erakutsi zuen, mobilizazio, ekintza eta abarren bidez. Ibilbide luze horretan, bide judiziala ere jarri zuten martxan eta azken instantzian arrazoia eman zieten; baina, gaur-gaurkoz, proiektua martxan dago eta elektrizitatea ekoizten ari da. Adibide horrek argi erakusten digu Statkraftek duen balizko kode etiko hori hitzontzikeria besterik ez dela, bere interesak zalantzan ikusi zituen unean irabazi ekonomikoa lehenetsi baitzuen bertako biztanleen interesen aurrean. Bide beretik doa Norvegiako Estatuaren jokabidea ere. Izan ere, proiektuaren defentsan atera zen, atzera egiteak etorkizuneko inbertsioak oztopatu ote zitzakeen beldur. Credit Suisse, esaterako, parke erraldoi horren parte zen, zaindu beharreko inbertitzailea.

Txileko gertakariak ere antzeko bidetik doaz, eoliko erraldoiek aterako zuten zaratak inguruko biztanleen gain sortu zitzakeen osasun arazoen ondorioz, bertan behera gelditu ziren proiektuak, baina Statkraft ez zegoen ados eta honela zioen: «Hiru parkeen eraikuntzari dagokionez (%90etik gorako aurrerapena dute, eta, beraz, azken eraikuntza fasean dago), enpresak eskura dituen tresna guztiak erabiliko ditu hau aurrera eramateko, herrialdeak helburu gisa jarri duen trantsizio energetikoan pauso oso garrantzitsua baita proiektu hau».

Galizian 2021. urtean mobilizazio jendetsuak izan ziren Statkraftek Espainiako Estatuan egin nahi duen lurreko proiektu handienaren aurrean. Proposatutako proiektu guztien artean 400Mw ezartzeko asmoa du enpresak. Ingurunearen aberastasun natural eta arkeologikoak eta herritarren desadostasunak, momentuz, ez dute lortu proiektua bertan behera uztea, nahiz eta orain dela gutxi jakin dugun Trantsizio Energetikoaren Ministerioak behin-behineko geldialdia eskatu duela proiektu batzuentzat.

Bestalde, datuei erreparatzen badiegu,

  • Norvegiako Estatuaren esportazioen %40 hidrokarburoen salmentan oinarritzen da, eta argi esan dute datozen urteetan oraindik esploratu gabe dagoen gasa eta petrolioa aurkitzen jarraituko dutela Artikoan;
  • Statkraft enpresak 2023ko ekitaldian inoizko irabazi handienak izan ditu: 2.300 milioi eurorenak;
  • Statkraftek Enerfin (1.800 milioi) eta Solarcentury (130 milioi) erosi ditu.

Garrantzitsua da aipatzea EH Bilduk beste modu bateko enpresa eredu gisa saldu nahi duen Statkraft enpresak, eta zehatzago esanda Norvegiako Gobernuak, Iberdrolarekin duen lotura zuzena. Iberdrolako hiru akzionista esanguratsuenen artean dago Norgest Bank Investment Management Norvegiako Estatuaren pentsio funtsa, Qatar eta Blackrock-ekin batera. Bestalde, Statkraft eta Iberdrola elkarlanean ari dira Polonian aurrera eramaten ari diren proiektu batean.

Hori guztia ikusirik, argi gelditu da Statkraft eta Norvegiako Gobernua, tokian tokiko herritarren interesen aurrean eta bizi garen krisi energetikoaren aurrean, hazkunde ekonomikoa lehenesten ari direla. Ondorioz, EH Bilduk energia trantsiziorako duen proposamenak alternatibotik ez du ezer. Eredu ekonomiko berean kudeatzaile izan nahi duenak eginiko proposamena da, besterik ez.

Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurrari aurre egiteko, bihar Azpeitian egingo dugun manifestaziora batzeko deia egiten dugu. Animatu eta parte hartu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.