Plangintza terminoari beldurra diote mentalitate kontserbadoreek, korronte politiko aurrerakoiekin eta are komunistekin lotuz, gaur egun autoritarismo berriek egiten duten bezala (Milei, Meloni, Orban, Aznar, besteak beste). Hala ere, plangintzaren ideiak osasun onean jarraitzen du, formalki behintzat. Hori ikus dezakegu Eusko Jaurlaritzaren energia-politikan, poliki eta modu aski interesatuan EAEko lurraldearen antolamendurako planak garatzen ari baita. Badirudi plan horiek energia-politikaren garapena antolatu nahi dutela, batez ere eguzkia eta haizea bezalako iturri berriztagarrietan oinarritutako energiaren ekoizpena. Dena den, gure ustez, bere ezaugarri nagusia kontrakoa da, hau da: energia berriztagarrien planek plangintza ezabatzea bilatzen dute. Ikus dezagun.
Energia berriztagarriek eragin handia dute lurraldean instalazioak eskala handikoak direnean, eta, beraz, azalera handiak hartzen dituztenean eta ingurumen- eta nekazal-balio handiko lekuak hartzen dituztenean. Horretarako, garapen hori agintzen duen egikaritze-erregimena behar da, Eusko Jaurlaritzako Sail eskudunaren arabera.
Energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) errealitatea oso bestelakoa da, jarraian azalduko dugun moduan. Planak instalazio fotovoltaikoak eraiki ezin diren eremu batzuk aurreikusten ditu. Lurraldeko gainerako eremuetan, karta zuria. Tramitazioan dagoen LPSa eremu batzuetan energia berriztagarrien instalazioen eraikuntza lehenesten eta errazten dela esatera mugatzen da soilik. Instalazio fotovoltaikoen kasuan, esaterako, eguzkiak argitzen ez duen eremuetan instalaziorik ez dela egingo dio bakarrik, nolabait esatearren. Planak eskala ezberdinetako instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko aukera nola baloratzen duen egiaztatzeko, interesgarria da planak ezartzen dituen eta egokitasun graduazio-eremu definitzen dituen guneen tipologia aztertzea.
Planak lau gune mota ezartzen ditu, eta honela definitzen ditu hurrenez hurren: egokitasun handiko guneak dira «instalazioak hartzeko egokienak diren eremuak»; egokitasun ertaineko guneak «aurreko guneak baino egokitasun txikiagoa duten guneak»; egokitasun baxuko zonak «aurreko bi guneak baino egokitasun baxuagoa duten guneak»; eta egokitasun oso baxuko guneak instalazio mota hauek hartzeko «gutxieneko egokitasuna duten lurrak». Hain gai serioa ez balitz, horrelako definizioak komentatzeko, ironia erabiliko genuke. Planak ez du esaten «gaitasuna» zertan datzan, beraz, definizio horiei nekez eman diezaiekegu baliorik lurralde antolamenduaren ikuspegitik. Sailkapen horien egileen lanak nekagarria behar izan du, inongo zalantzarik gabe.
Jarduteko modu horren aurrean, lurraldeak pertsonentzat duen garrantziari erantzungo dion lurralde plangintza exijitu beharko genuke. Lurraldean eta lurraldetik bizi gara. Lehena beharrezkoa da, baina bigarrenak lurraldeko baliabideen ustiapen «eraginkorra» kontzeptu ekonomizista hertsiarekiko obsesioa ekar dezake, bertan bizi diren pertsonen bizimoduen duintasun eta jasangarria kolokan jarriz. Km 0 energia berriztagarriak izatea garrantzitsua da energia-segurtasunerako, baina lurraldea zaintzea ere bai trantsizio ekosozial bidezko eta jasangarria lortzeko, eta horretarako plangintza beharrezkoa da.
Lurralde batean bizi bagara, nolakoa izatea nahi dugu lurralde hori? Gasteiztik Araiara, edo Murgiara, Trebiñura edo Oionera bidaiatzen dugunean zer ikusiko dugun jakitea interesatuko zaigu. Lurraldea ezagutuko dugu edo, hobeto esanda, geure burua ezagutuko dugu? Lurraldea eta horren baitan paisaia ez dira gugandik kanpoko elementuak, gure izatearen, gure subjektibotasunaren, gure identitatearen, parte baizik. Plangintzaren kontzeptua ezin da sinplifikatu energia berriztagarrietarako gune «egokien» amalgama baten gisa. Gure lurraldearen eta paisaiaren parte gara eta nor garen eta non gauden jabetzen gara lurraldearekiko erlazio horretan, bizitzarekiko segurtasuna eta lasaitasuna emanez. Saihestu behar dugu hiri batzuetan gertatzen dena. Hiri handietako auzoetako jendeak gabezia handia sentitzen du bere bizitzan, besteak beste, ez baitute bizi den lekua ezagutzen edo sentitzen.
Planak ez ditu aztertzen energia-instalazio handiak ezartzeak dakartzan lehenengo sektoreari buruzko ondorioak, beharbada dena zabalik uzten duelako. Arabako kasuan kezkagarria da bere eta gainerako euskal lurraldeei eragiten dien nekazaritza-ondasun eta zerbitzuen hornikuntzaren gai garrantzitsua aintzat ez hartzea eta oso tentuz ez aztertzea. Nekazaritza sektorearen etorkizuna bermatzea ezinbestekoa da landa eremuak hustea saihesteko.
Ondorioa argia da. Energia berriztagarrien LPSa ez da plan bat, ez duelako planifikatzen. Kitto. Aitzitik, lurraldearen kontrolik gabeko okupazio bati ateak zabaltzen dizkio, aldi baterako zehaztutako okupazio neurtua eta orekatua aurreikusten duen politikatik urrun. Beraz, plana enpresa handiek eskala handiko energia-instalazioen ezarpena errazteko diseinatuta dago, ez botere publikoek energia-plangintza egoki baten beharrei erantzun egokia emateko. Plangintza oztopo gisa ulertzen duen kontzepzioa du planak eta ez ditu gure gizartearen garapen jasangarrirako politika energetiko gako baten jardun-ildoak behar bezala ezartzen.
Planik ez izateak jadanik oso eragin bortitzak ditu. Adibidez, Solaria IBEX35ko enpresak dagoeneko Araban 300 hektarea baino gehiago hartuko luketen hiru zentral fotovoltaiko handi eta 100km baino gehiagoko elektrizitatea garraiatzeko linea bat eraikitzeko baimena jasotzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Linea hori Arabako hegoaldetik Bizkaiko iparralderaino (Zierbenaraino) joango litzateke, lurraldean inpaktu bortitza sortuz. Goi tentsio oso handiko linea horrek duen elektrizitatea garraiatzeko ahalmena, 300 hektareak sortuko luketen ekoizpen fotovoltaikoarena baino hamar aldiz handiagokoa da. Enpresak beraz 300 hektarea beharrean, hamar aldiz biderkatuko lukeen lurraldea nahi du bere negozioa egiteko. Argi eta garbi esan behar dugu: enpresaren eskaera legez kanpokoa da.