Urola erdialdea aztoratuta dabil Arauntza mendirako aurkeztu den haize-erroten zentralarekin. Aztoramendua Gipuzkoa osora zabaldu da, energia berriztagarriei begirako egitasmoak herrialde osoan ugaritu baitira. Herritarrok badugu ardura energia kontsumoan, dudarik gabe; baina etxeko kontsumoa hutsala da jarduera industrialaren kontsumoarekin alderatuta. Horregatik, presazkoa da administrazioen planifikazioa energia-kontsumoa gutxitu eta energia berriztagarriak garatzeko.
Egun, hainbat herritan, administrazioa bera da enpresarik ia handiena. Eztabaida ezina da burokraziak hartu duen pisua eta konplexutasuna; beraz, ulergarria izan daiteke tamainako giza baliabideez hornitu izana. Baina, azken helburua bada erakundeetatik behar bezala planifikatu, justifikatu eta administratutako arauen baitako funtzionamendua bermatzea gizartean,energia eolikoaren kasuan, ardura hori duena da arduragabekeriaz ari dena.
Hitz jokoa badirudi ere, baieztapen horren atzean egon daitezke Tapia legeak ireki duen atetik sar dakizkigukeen munstrorik handienak. Energia eolikoaren sorkuntza eta banaketa planifikatu behar lukeen EAEko Energia Eolikoaren Bigarren Lurralde Plan Sektorialaren Hasiera Dokumentua (PTS) 2018an aurkeztu bazen ere, oraindik ez da onartu. Alegia, Jaurlaritzak berak zaharkitua gelditu zelako berritu behar duen 2002ko PTSa dago, oraindik, indarrean.
Azpeitian, udalak antolatu eta Statkraft enpresako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian, haize-erroten zentralaren kokapena justifikatzeko baliatutako argudioetako bat izan da bertan haizea dabilela. Eta? Nahikoa izango da? Planifikaziorik gabe, datu horrek ez du ezer esan nahi.
Ekitaldi hasieran, alkateak, Statkraftek proposatu haize-erroten zentrala baimentzeko, kontuan hartu beharreko araudiari buruzko azalpenak eman zituen. Azaldu bezala, onartu gabe dagoen PTSaz gain, Azpeitiko hirigintza antolaketarako planean haize-errotak jarri nahi diren eremuak duen izendapenari begiratu behar zaio. Kokapena ez dago Natura 2000 sarean, ez du naturaren babeserako eremurik ukitzen; baina zentralaren zati bat korridore ekologikoan legoke, eta beste zati bat interes paisajistikoko izendapena duen eremuan.
EAEko Korridore Ekologikoen Sarea 2005ean planifikatu zuen Jaurlaritzak. Berriagoa da aldundiak argitaratutako Gipuzkoako azpiegitura berdeen sarea planifikatzeko diagnostikoa, 2019koa. Ez bata eta ez bestea ez dira garatu, Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunerako Estrategia garatu ez den bezala. Plan hauek ez badira garatu ez da baliabide faltagatik izan, administrazio horietan EAJk eta PSEk osatutako gobernuek natur ondarea eta biodibertsitatea babesteko borondate politikorik ez dutelako izan baizik. Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz lotuko lituzkeen korridore ekologikoa garatzeko eskaera mahai gainean du Azpeitiko Udalak.
Ekitaldian esan zenez, halako proiektuek aurrera egiteko ingurumen eraginak hartu behar dira kontuan. Aipatu zuten nola inguru horietan dabiltzan hegaztien azterketa egiten ari diren. Emaitzak jaso aurretik, badakigu desagertzeko arriskuan dauden zerrendetakoak eta bestelako babesekoak diren hainbat espezieren migrazio-eremua ez ezik, habia lekua ere badela inguru hori. Kontua da, Europako legediak hala agintzen badu ere, Gipuzkoako Aldundiak babestutako hegazti horien kudeaketa planak onartu gabe dituela. Halakoetan, neurri zuzentzaileekin onartu izan dira zentral eoliko hori bezalako proiektuak, ondorioetan arreta gutxi jarrita.
Udalek paso emanda, ezingo da aldundiak eta Jaurlaritzak dagoeneko Statkraft enpresari leundu dioten bidea itxi. Kasu honetan, gainera, haietan agintzen dutenei ordainsaria doakoa zaie.
Energia berriztagarriak, administrazioa eta planifikazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu