Haur Hezkuntzako goi mailako graduko ikaslea

Emozioekin hazten

Oihan Illarramendi
2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

―Kaixo?! ―Esan zuen batak.
―Bada inor? ―Atzetik besteak.
―Entzuten gaituzue?! ―Haserre hirugarrenak.
―Emozioak gara, eta hemen gaude! ―Oihukatu zuen azken batek.

Isiltasuna nagusitu zen jarraian, bakardadea, basamortuan baleude bezala. Inork ez zien erantzun.

Orain bai, ipuinak alde batera utziz, halakoa da gizarte honetako pertsona askoren barneko mundua, eguneroko ogia. Kateatua, itzalia, bizia. Bizia, ez bizi izandakoa baizik eta azkar pasatutakoa. Erritmoak behartuta, inertziak bultzatuta. Grisa eta hutsa. Latza. Ez dut erromantizatu nahi, ez dut jendeak «ke guay» esan eta bizimodu azkarrak erreproduzitzen jarraitzea nahi. Dena eskura daukagu, nahi duguna nahi dugun momentuan. Ordea, gazteen artean gero eta ugariagoak dira buruko gaixotasunak. Gero eta ondoez gehiago dago. Depresioa, suizidioak, antsietatea, elikadura nahasmenduak, harreman toxikoak... Nola da posible?

Analfabeto emozionalak gara. Txikitatik entzuten ditugu «ez negar egin», «ez haserretu», «ez izan beldurrik» eta halako esaldiak. Horrela, emozioak erreprimitzen ikasi dugu. Denaren gainetik funtzionalak izaten. Etxe askotan, debekatua dago emozioak edukitzea; hezkuntzan erabat zapalduak dira. Ondorioz, gure bizitza sozialean ere hori errepikatzen dugu, ez baitugu ikasi emozioak kudeatzen, adierazten, ezta enpatizatzen ere.

Haurtzaroan, gainera, gure garapenerako etaparik garrantzitsuenean, berebiziko garrantzia hartzen dute emozioek. Gure garapenean, ikaskuntzan, autoestimuan, harremanetan eta ongizate orokorrean eragin zuzena dute. Haurrak hazi, hezi eta aurrera egiteko barne oreka behar baitu eta hori ez da lortzen bere barne munduari entzun, bide eman eta adierazi ezean. Emozioek norbera hobeto ezagutzen laguntzen gaituzte, gure behar eta nahiak asetzen. Adieraztean, berriz, funtzio soziala betetzen dute, gainontzekoei norberaren jarrera ulertaraziz eta partaide eginez.

Pertsona batek sentitzen duenari erresistentzia jartzen dionean, energia asko gastatzen du sentitzen duen horri kontra egiten. Horrek, emozioa desagerrarazi beharrean, areagotu egiten du, gainera. Gorputzean ainguratzen da eta eragin fisikoa izaten du. Bukle horietan sortu daitezke gaixotasun mental eta psikosomatikoak.

Beraz, garrantzitsua da pertsona bakoitzak emozioak sentitzen, bideratzen ikastea. Ez da erraza, hezkuntza emozionala ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, baina pertsona bakoitzaren oreka emozionala areagotzen du. Haurrak bere emozioetan konfiantza hartzen duenean, segurtasuna lortzen du. Eta hemen sartzen da gure garapeneko kontzeptu klabe bat: segurtasuna. Haurrak segurtasunik ez badu, konfiantzarik ez badu, ez du autonomiarik izango. Ez du esploratzeko, ezer berririk ikasteko edota inorekin interaktuatzeko nahirik izango. Familiak eta hezitzaileek ezinbesteko rola betetzen dute hemen. Haurrak edozein beharren gainetik (elikatzea, higienea, loa...) atxikimendu beharra baitu. Atxikimendu seguru batek eskainiko dio haurrari behar duen segurtasuna eta autokonfiantza bere ingurunea esploratzeko, ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko.

Hezitzaileen eta familiaren ardura izango da haurraren atxikimendu irudiak izan eta garapenerako testuinguru apropos bat eskaintzea, eta bien arteko lankidetza funtsezkoa da. Haurrak egunaren heren bat lo pasatzen du, ia beste bat eskolan eta beste bat familiarekin. Bion arteko elkarrekintza ezinbestekoa da haurrari bidelaguntza eraginkor bat emateko. Gaur egun askotan ikusten da eskoletan haurraren ardura txirrina jo artekoa izatearen filosofia hori, gurasoak arduratuko dira hortik aurrera eta hezitzaileari bost axola, bakoitzak bere bideari jarraitzen dio. Horrela, ordea, alferrikako geratzen da irakasleen lana. Eskolan, haurra behatzen da, ondoren ebaluatu ahal izateko, gabeziak eta beharrak identifikatu eta behar izanez gero esku hartzeko. Esku hartzea eraginkorra izateko, familiaren inplikazioa oinarrizkoa da, elkarri ondo ulertzen diogunean haurraren garapena desblokeatzen da eta hobekuntza nabariak izaten ditu.

Hezitzaile, guraso, irakasle, zaintzaile... garenontzat oroigarri bat: denaren gainetik, geure burua zaindu eta landu behar dugu gure lana eraginkorra izan ahal izateko. Sekulako ardura da haurrak heztea, ezin diegu gure txikiei garapen oso eta orekatu bat lortzen lagundu, gure barneko mundua hankaz gora eta piezak falta direla badago. Oso garrantzitsua da hezkuntza emozionala gureganatzea, emozionalki sasoiko egotea eta egunerokoan izango ditugun erronka emozionalak kudeatzeko erremintak izatea.

Demagun, adibidez, aspertzen garen bakoitzeko edo zerbait bukatzen dugun bakoitzeko mugikorra ateratzen dugula, ohituragatik, dopamina merke bila alegia. Demagun mugikorrera edo beste edozein momentuko plazeretara kateatuak gaudela. Demagun ez dakigula aspertzen. Zer erakutsiko diogu hezi behar dugun haurrari? Gure gabeziak transmitituko dizkiogu. Beraz, aldaketa handienak norberarenetik datoz.

Gehiago luzatu gabe eta ipuinera itzuliz, has gaitezen emozioei erantzuten. Hemen gaudela! Tristuraz, pozez, beldurrez, maitasunez eta beste hainbat eta hainbat emozioz bizitzeko prest. Horiei bide eman eta gure albokoekin partekatuz. Erakutsi diezaiegun gure haurrei aspertzen. Errespetatu, entzun eta maitatu ditzagun, lasai eta presarik gabe. Bizi orekatu eta oso baterako bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.