Ane Larrinaga Renteria.

Emozioak politikan

2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Politika modernoan nagusitu den ohiko ikuspegian egintza politikotik baztertu beharreko osagaitzat jo dira emozioak. Gaur egun, oraindik ere oso arruntak dira emozioen agerpen publikoa eta politikoa gutxiesten dituzten diskurtsoak, bereziki botere kokapenetatik egindakoak. Emozioak eta arrazionaltasuna bateraezinak direlako ideia izaten da halakoetan hunkipenaren aurkako argudiorik erabiliena. Ildo horretan, emozioen txertatze politikoaren ondoriotzat hartzen da egintza politikoaren beraren zilegitasun eza. Hartara, emozioen presentziaren salaketa arerio politikoaren jardueraren aurkako jaurtigai arruntenetakoa izaten da, sentipenek (nahitasunek, adiskidetasunek eta elkartasunek, nahiz beldurrek, uste txarrek eta haserreek) politika egiteko modu egokia, alegia, arrazionala, desitxuratzen dutelakoan.

Emozioen ustezko agindupean jokatzen duten aktore politikoen arbuioaren adibide ugari daukagu gure testuinguru politikoan, esaterako gure artean oso ezagunak diren espainiar patriotismo errepublikarraren paradigmaren izenean egindako diskurtsoena. Diskurtso horiek komunikazioaren eta eztabaida arrazionalaren gune gisa irudikatzen dute patriotismoa, eta, aldi berean, oinarrizko eztabaida demokratiko arrazionala burutzekoahalmena ukatzen diote osagai «identitario eta sentimentaletan» oinarrituriko nazionalismoari. Sinesgaitza badirudi ere, behin eta berriro egiten dugu topo diskurtso mota horrekin, oraintsu ere Madrilgo erreferentziazko prentsan Kataluniako iraileko hauteskundeen harira. Baina, arbuioak arbuio, bestelako adibideak ere baditugu, erakusten digutenak botere politikoari ez zaiola inondik ere arrotza emozioen kudeaketa, eta hortik lortutako etekin politikoa. Esaterako, Parisko atentatuen ostean frantziar herritarrak ikusi ditugu, hunkiturik, La Marseillaise kaleetan ozenki kantatzen, eta denbora berean estatu agintariak herritar horien askatasuna mugatzen duten neurri politikoak abian jartzen, ziurgabetasunak edo beldurrak jotako gehiengoaren onespen nabarmenarekin.

Ilustrazioaren irakurketa kamutsetik datorren pentsamendu politiko modernoan indar handiz gailendu da arrazoiaren eta emozioaren arteko oposizio baztertzailea, egia jakina izatera iritsi arte eguneroko politikagintzan ez ezik mundu akademikoan ere. Dikotomia horretatik abiatuta, logika politikoa ikuspegi hiper-arrazionalistaren arabera eraiki da, hainbesteraino non, emozioen, grinen eta sentimenduen kanporaketa egin nahi izan den esparru politikoan, bihotzaldiei loturiko guztia pribatizatu asmoz. Hala, gure ingurune sozialeko esparru politiko «legitimoan» banakoen ordezkaritza interes arrazional indibidual edo kolektiboetatik eratorrita baino ez da ulertu, demokrazia adostasun arrazionalaren eta argumenturik onenaren inguruan irudikatu da (eta ez gatazkaren inguruan), eta nazionalismoa «patriotismo zibikoaren» itxurapean besterik ez da onartu ahal izan.

Emozioen bazterketa horrek esparru politikoan egindako esklusio askoren berri ematen digu historia modernoan. Batetik, emakumeena. Bada, grinak eta afektuak emakumezkoaren ustezko ontologiari egotzi zaizkionez, arrazoia eta gaitasun politikoa, baita herritartasuna eta boterearen kudeaketa ere, emozioen menderapena gara dezakeen gizonezkoaren gaitasun esklusibo izan dira luzaroan. Bestetik, langile eta talde sozial menderatuena. Izan ere, Mendebaldeko historia garaikidean erreboltek eta matxinadek nahiz mugimendu sozialek bultzatutako aldaketa ahaleginek jokabide sozialki desbideratuaren estigma jaso dute eskuarki, eta masen demagogiaren, arrazionaltasun ezaren eta kontrol faltaren adierazpen gisa interpretatu dira. Halatan, erabaki politiko zuzenak hartzeko ezgaitzat jo dira egintza horien subjektuak, eta zentzugabekeriatzat haien jarduna, behin baino gehiagotan.

Arian-arian, arrazoiaren mesedetan emozioen errealitatea ezkutatu duen politika modernoaren ikuspegi hegemonikoak zuzenbidearen, irizpide tekno-ekonomikoen eta kudeaketaren erreinu bilakatu nahi izan du esparru politikoa, eta mozorro estrategiko hutsez jantzi bertan aritzen diren aktore politikoak. Horrela, politika itxura humanoa galduz joan da, herritarren itxaropen eta nahietatik urrunduz. Ikuspegi horren aurkako erreakzio gisa, gaur egun gero eta onartuago dago teoria politikoaren ildo berrietan emozioak ezin direla ezabatu pertsonen jardueraren emaitza diren egitate sozial nahiz politikoetatik. Psikologia sozialak, filosofiak nahiz neurozientziek adierazten digutenez, emozioak eta kognizioak ez dute elkar baztertzen. Aitzitik, emozio nahiz kogniziozko alderdiak, biak ala biak agertzen dira, ezinbestean loturik, edozein jarduera sozialetan. Baita politikagintzan ere. Bada, beldurrek eta mesfidantza sentimenduek erabaki politikoak baldintzatzen dituzte. Eta mobilizazioa eta parte hartze politikoa ezin dira emoziorik gabe ulertu. Ezta proiektu eta identitateen arteko gatazkak ere. Emoziorik ezean ez dago enpatiarik, eta enpatia barik ezin liteke eraiki partekaturiko ideologiarik ez identitate kolektiborik. Emoziorik gabe ez dago sumindurarik ez errukirik ankerkeriaren aurrean, eta horiexek dira moralaren eta justiziaren oinarrietako batzuk. Engaiamendu politikoak zentzua hartzen du elkartasunari, konfiantzari eta afektuari esker, baita bidegabekeriak eragindako amorruari esker ere. Eta menderatzea bera ezin da azaldu eta ulertu menderatuaren emoziozko atxikimenduarekin ez bada.

Espainiako Gorteetarako azken hauteskunde kanpainan emozioek politikagintzan duten garrantzia deskubritu dute, harriduraz, analista etapolitikari batzuek. Benetan, inoiz baino agerikoago azaldu da emozioak erakartzeko lehia politikoa. Agian, aspaldian ez bezala, Espainiako agertoki politikoan aurreikusita zeuden aldaketaren aldeko baldintzek ilusioak (eta beldurrak) piztu dituztelako lehenago itzalita zeuden toki askotan, eta hautesleriaren hainbat taldetan aurrez garatuta zeuden haserrea, ezinegona eta pozik eza bideratzen jakin dutelako indar politiko batzuek. Agian «politika berriaren» eraginez, komunikazio estrategiek modu kontzienteagoan baliatu dituztelako emozio horiek, eta lidergo berriek jendearen bihotzerako bidea nabarmen bilatu dutelako, hedabideetan eta sare sozialetan. Eta, testuinguru horretan, Euskal Herriko esparru politikoan proiektu politiko batzuetan orain arte metatuta zegoen emoziozko energia gehitu ez ezik galdu eta beste aukera politiko batzuetara tokiz aldatu daitekeela ere ikusi da, aldaketarako hautematen diren aukerak nora, hara bidera daitezkeela askoren gogoak eta itxaropenak, ondasun emozionalen merkatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.