Emilio Ybarra Churrucaren ibilbide politikoa (1960-2001)

2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Duela aste bat, Emilio Ybarraren (1936-2019) heriotzaren harian, BERRIAn eta beste hainbat komunikabideetan bankariaren ibilbidea azpimarratu zen. Baina edozein Ybarratarren ibilbidean negozioak eta politika nahasten dira, eta Emilioren kasuan ere izan da horrelakorik. Pedro Luis Uriartek idatzi du, 1990ean, BBV banku berriko presidente zela, lehen kontseiluan adierazi zuena, «bankua, aberria eta familia» zirela bere goiburuak. Espainiar aberria alegia, bankuak berez ez baitu aberririk. Beraz, grina politikoa ere bazuen, jakina, eta bere ibilbidean Banco de Españaren agintarien eragina nabarmena izan zen.

Jose Antonio Ybarraren (1774-1849) ekimenez, meategietan, burdinoletan goratu zen Ybarratarren leinuan eta ondoren, XIX. mendean barrena, industriagintzan eta finantza arloan buruzagi bihurtu ziren; eta gaur egungo Euskal Herriko historian eragile zuzen-zuzen bihurtu ziren. XX. mende hasieratik, Ybarratarrak monarkiazale eta espainolismo politikoaren bultzagile izanik, Bilbon El Pueblo Vasco egunkaria argitaratzen zuten. Euskaltzaleak ere agiri dira tartean, Julio Urquijo Ybarra adibidez, Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindiaren sortzailea.

Sanjurjo, Mola, Franco eta bestelako militarrak Errepublikaren aurka 1936ko eraso militarra prestatzen ari zirela, Fernando Ybarra (Emilioren aitonaren anaia) diru bilketaren arduradun nagusietakoa izan zen, eta, 1936ko uztailaren lehen astean jadanik, Italian armak eta hegazkinak erosiak zituzten (A.Viñas), gerra moderno latza prestatzen ari zirelarik. Une berean, Neguri aldean, prestakuntza militarrean ari ziren gazte aberatsak, eta Emilioren aitak, 27 urteko tenientea baitzen armada frankistan, 1937ko uztailaren 18an Madrileko Bruneteko gudan galdu zuen bizitza. Javier Ybarra, Emilioren osabak 1941ean idatzi zuen, 43 Ybarratar ahaide, Bilboalde eta Sevillakoak alegia, gerran hil zirela.

Emilio Ybarra, 25 urte zituela jadanik Bilboko lehen alkateordea izan zen (1961-02-05). Ikasketak amaitu eta senitartekoen meategi eta enpresetan lanean zegoela, Bilboko zinegotzi izendatu zuten (1960-12-11) frankismoak ezarri zuen legedi korporatiboan oinarriturik, Lorenzo Hurtado de Saracho (1889-1984) Bilboko alkate zela.

L. Hurtado de Saracho alkatearen ibilbide politikoa eta Emilio alkateorde egin zuen pertsona, 1918ko abenduaren 15ean nabarmendu zen. Euskal abertzaletasuna aginte politikora iritsi zen garaian, M. Aranak, Bizkaiko udalak deitu zituen Bilboko udaletxera, euskal autonomiaren estatutua aldarrikatzeko eta Hurtado de Saracho, Emilioren gidari politikoa izan zenak,Gueñeseko ordezkari legez, aurka azaldu zen. Urte hartan bertan (1918), jeltzaleek Bizkaiko Aldundiko gehiengoa izaki, autonomiarako estatutua proposatu zuten; gainera, Hermes aldizkariaren bitartez, autoerabakikuntzaren bidean, Eusko gobernua (Gobierno Vasco) sortzearen alde agertu ziren. Kontzeptu berritzailea zen euskal politikagintzan, euskal naziotasunaren erakusgarri alegia, Europan barrena Estatu-nazio berrien sorkuntza garaian.

Baina hurrengo hilean, 1919ko urtarrilean, Artxandan (Bilbo), zatikaturik zeuden monarkiazaleguztiak bildu eta partidu politiko berria eratu zuten: Liga de Acción Monárquica. Ligako monarkiazaleek 1919an berriz Bizkaiko Aldundian gehiengoa lortu zuten eta euskal abertzaleak alboratu. Baina Ligako gehienak, demokraziaren bidez ezin bazen aginte politikoa kudeatu, militarren bidezko diktadurak arduradun jartzea ondo ikusten zuten. Horrela, Primo de Riveraren diktadurari (1923-1931) kemenez eutsi zioten, eta, gero, Errepublikaren aurka gerra gogorra eragin eta piztu zuten, ekonomi egitura guztiak desegin arren.

Francoren diktadurapean administrazio politikoa kudeatzera sartu ziren. Demokraziarik eza ez zegoen auzitan beraientzat, aginte ekonomikorik eza baizik. 1963an, adibidez, L. Hurtado de Sarachok dimititu egin zuen, bitarteko ekonomikorik ez zuelako Bilboko arazoak konpontzeko. Eta Bilboko alkate berria izateko Emilio Ybarra gaztea zegoen. Baina haren osaba, Javier Ybarra Berge izendatu zuten alkate. Espainiako «gobernazio ministroak» kontrolatzen zuen izendapena, eta Camilo Alonso Vega, 1957tik 1969arte ministro izan zena, polizia eta errepresio politiko nagusiaren antolatzaile zorrotza, Javier Ybarraren adiskide zen, gerran bere buruzagi militarra izan zenetik. Emilio Ybarrak lehen alkateorde postuan jarraitu zuen 1967ko otsailaren 5 arte. Bere esperientzian oinarrituz, kudeaketa publikoaren (1961-1967) ebaluazioa egiterakoan, zera azaldu zuen: alde batetik, udalean erabakiak astiro doazela, eta, beste alde batetik, Bilboko premia larriak konpontzeko bitartekoak ez zirela behar adinakoak (El Correo español-El pueblo vasco, 1967-02-08).

1960ko hamarkadan hazkunde ekonomiko berebizikoa abiatu zen, baina ahaztu gabe gerrak, gosetea eta 20 urteko geldialdia ekarri zuela. Banco Vizcaya eta Banco Bilbaoren artean zegoen lehia, nork bereganatu Bilboko udaletxea, kudeaketa publikoa ere negozio iturri oparoa zelako. Hirigintzaren bidez dirua egitea zen helburu. Hirigintzaren bidezko diru goseak erakunde publikoetan duen eragina gaur egun ere agiri da, adibidez, Bilboko erdigunean udalak jabearen interesak lehenetsiz, Cervantes inguruko eskolaren alboan geratzen den espazio librearen ezabatzea ahalbidetuz, irakaskuntzarako eta arnasgune izan dena ezabatuz.

Emilio Ybarra, Bilboko udaletxean zegoela, 1964an, Banco Bilbaon sartu zen lanean. Senitartekoak bankuaren jabedun nagusietakoak ziren, eta, aurrerantzean, bankuan, Ybarratarren ordezkari buru ere bihurtu zen. Bankugintzan aritzeagatik ezaguna egin zen, baina politikak eragin zuzena du bere ibilbidean. Diktadura garaian kargu politikoetan hasizen, eta politikak ebatzi zuen Banco de Españaren bidez 1990ean BBVko presidentea izatea, sozialisten garaian; ondoren Banco de Españak eraginik, Aznar Espainiako presidente zela, 2001ean, kargua utzi egin behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.