Emakumerik gabe, bakerik ez

Arantza Urkaregi, Mila Amurrio, Bittori, Lantaron, M. Luz Esteban, Irantzu Mendia Azkue eta, Maria Oianguren
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Orain dela hiru urte hasi ginen ikuspegi ideologiko eta eremu desberdinetako emakumeak biltzen Emagune ekimenean. Batzuk unibertsitatetik gentozen, beste batzuk bakearen aldeko mugimendutik edo lankidetza mundutik, asko mugimendu feministan era batean zein bestean ibilitakoak. Guztiok helburu komuna genuen: ETAk armak utzi ondoren euskal jendartean sortutako egoera berriaren inguruan hausnartzea eta emakume gisa gure ekarpenak egitea.

Oso esperientzia ezberdinak genituen, baina guztiok aitortzen genuen gatazka politiko-armatuaren ondorioak jasan ditugula. Gatazkak gure bizitza, harreman pertsonal eta sozialak eta geure identitatea bera ere baldintzatu dituela, nahiz eta gatazkarekiko harremanak askotarikoak izan: emakume batzuek sentitu dute gatazkak alderik alde zeharkatu dituela zuzenean; beste batzuek, aldiz, zeharka eragiten diela uste dute.

Norberaren esperientzia eta bizipenetatik hasi ginen eztabaidatzen zer zen guretzat «euskal gatazka». Eta ondorio komuna izan zen ez dagoela euskal gatazka singularrean; are gehiago, «euskal gatazka» deritzonak itzalpean utzi dituela indarkeria sortzen duten beste hainbat egoera, hala nola genero desberdintasunek, arrakala sozioekonomiko eta laboralek, erlijio, identitate eta hizkuntza inposizioek eta kultura eta arraza bereizkeriek eragindakoak.

Ikuspegi horretatik, beharrezkotzat jotzen dugu Euskal Herriaren iraganaren eta orainaren diagnostiko zabalago eta osoago bat egitea, euskal errealitate aldeaniztunago, konplexuago eta ertz gehiagokoa islatuko duena, hortik abiaturik bake egoera baterantz ibiltzen has gaitezen.

Gaur egun, apirilaren 8an izandako ETAren desarmatzearen ostean, are beharrezkoagoa dugu diagnostiko zabal hori egitea. Hain zuzen, ETAren desagerpenarekin, bakea lortu den ideia nagusitzeko arriskua dagoelako.

Emakumeok euskal gatazkaren eta haren konponbidearen parte gara, baina ikusezin bihurtu dute gure rola, bigarren mailakotzat jo dute, ez dute parekotzat hartu, ez da aitortua izan eta batzuetan gainbegiratua ere izan da. Apirilaren 8ko egun berean eta aurrekoetan geure buruari galdetzen genion: ez al dago bakearen artisau emakumezkorik? Eta egon badaude, jakina, hor egon dira zuloak babesten eta bestelakoak egiten, baina bigarren lerroan, protagonismorik gabe.

Errazago aitortzen eta sustatzen da emakumeen rola elkarbizitzako espazioetako gizarte-hezitzaile eta bitartekari gisa, baina ez subjektu politiko gisa guk geuk ezarritako baldintzetan.

Zalantza barik, genero harremanek zeharkatu dute gatazkaren bizipena: indarkeria politikoaren ondorioz erailak, zaurituak, bahituak, bortxatuak eta mehatxatuak izan diren emakumeak badaude. Aldi berean, emakumeak gehiengoa dira horrelako giza eskubide larrien urraketak jasan dituzten senideen artean. Euskal presoen kasuan, emakume gutxiago daude, baina, hain zuzen gutxiago izateagatik, bakartze handiagoa jasaten dute. Kartzela bera, instituzio patriarkal gisa aztertzen hasi gara. Eta zer esan tortura sexistez! Sandra Barrenetxearena ez da kasu isolatu bat, emakumeei egindako torturek inpunitate bikoitza dute, ezen torturak ez baitira zigortzen, are gutxiago tortura sexistak.

Emakumeok gure ahots propioa garatu dugu eta garatzen ari gara gatazkaren inguruan lanean eta gatazkaren kontakizunak idaztean. Ahotsak izan zen alderdi politiko ezberdinetako emakumeak eta mugimendu feministako kideak bakearen alde bildu zituen lehen ekimena. Eta gehiago etorri dira, Bilgune Feministak Hau ez da gure bakea izenburu pean antolaturiko eskola feministak; Kalera Kalera dinamika barruan, emakumezko preso ohiek egindako itxialdia eta plazaraturiko manifestua; Emagune ekimen bera, guztiak bere bidetik, emakumeok bakea eta elkarbizitza eraikitzeko lanean, gure ikuspegia txertatzen, euskal jendarteak emakumeen ahots propioa behar baitu bakea eta bizikidetza eraikitzeko prozesuan.

Argi dugu euskal emakumeon parte hartze soziopolitikoak lotura zuzena daukala gure jendartean dagoen boterearen banaketa eta erabilerarekin, eta horrek aparteko azterketa bat eskatzen du.

Boterearen banaketa desorekatua arlo guztietan ematen da, eta emakumeen kontra jotzen du, gure gorputzean eta gure bizitzan ezartzen dizkiguten baldintza pisutsuak direla eta: indarkeria zuzena, gutxiespena, beldurrak, familiari eta zaintzari lotutako rolen ardura, amatasunari ematen zaion garrantzia, sexu eta ugalketa eskubideen gainetik, sexualitate hertsatu eta kontrolatua derrigorrezko eredu heterosexualak baldintzatua, bazterketa lan merkatuan edo laneratze prekarizatua eta ez-parekoa, eta bestelako indarkeria matxistak.

Euskal Herrian bakea eta elkarbizitza finkatzeak gizon eta emakumeen artean dagoen botere-desoreken kontra jotzea eskatzen du, botere-banaketa bidezkoa lortzeko, bai arlo politiko-instituzionalean eta bai sozialean.

Bakea eraikitzeak demokrazian sakontzea eskatzen du. Guztiontzako bakea eraiki ahal izateko, guztiok barnean hartuko gaituen elkarbizitza lantzeko, emakumeon bizipenak, irakurketak eta proposamenak kontuan hartu beharko dira. Bide horretan, emakumeok ezinbesteko subjektuak izan behar dugu. Horretan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.