«Ez diot uzten emakumeariirakasten eta ezta eregizonarekiko autoritaterikhartzen; isilik egon behar du,Adan lehentasuneansortua izan baitzen».
San Pablo, Timoteori Lehen Epistola, K. O. I. mendean.
Emakumeoi zuzendu zaigun agindua mendeetan zehar argia izan da: isiltasuna. Eremu publikoa ezzegokigun; bai, ordea, zaintza eta etxearekin zerikusia zuen guztia. Mendeak aurrera igaro ahala, mezua berdina jarraitzen zuen izaten. Adibide moduan, Europa mailan emakumeei zuzenduriko XVI. mendean argitaraturiko liburuak, non Ama Birjinaren eredua eskaintzen zitzaigun jarraibide moduan: apaltasuna, haurren eta etxearen zaintza, gutxi hitz egitea ziren eskaintzen zitzaizkigun gomendioak. Nobleziako emakumeei, zehazki, euren haurrentzako inudeak kontratatzeko garaian gutxi hitz egiten zuten emakumeak aukeratzea gomendatzen zitzaien; izan ere, alaben kasuan, inudeak hiztunegiak baziren, neskatilek euren adibidea jarraituko zuten, eta gero ez zuten beraiekin ezkondu nahi zuen senarrik aurkituko.
Kastitatea, zaintza eta isiltasuna ziren mendeetan zehar inposatu zaigun emakume idealaren oinarriak. Gertuago geratzen zaizkigun garaietan ere. Pilar Primo de Riverak, 1940. urtean Madrilen ospaturiko Sección Femenina de Falangeren IV. Kontseilu Nazionalean aldarrikatu zuen Espainiako gizartearen gaitz guztien jatorria Errepublika garaian emakumeak hezteko ahaleginean zegoela. Izan ere, ikasketen amuarekin, emakumeek beraien lekua ahaztu zuten, eta pentsatu zuten «bazutela zer esanik». Ama Birjinaren ereduari jarraituz, gizarte osasuntsu baten gakoa emakumeen apaltasun eta ixiltasunean zetzala aldarrikatu zuen.
«Aberatsek, gizonek, boterea dutenek… lekua duzue, eta ohituta zaudete entzunak izatera. Baina pobreak garenok, emakumeok, marikoiok, Lur planetako dohakabeok, azkar hitz egin behar dugu, guretzat lekurik ez dagoelako, eta entzunak izateko espazioa sortu behar dugulako».
Esaldia ez da nirea, Marc Giróri entzun nion Gabriel Rufianekin egindako elkarrizketa batetan, baina laburbiltzen du orain arte esandakoa. Eremu publikoa, hitz egiteko aukera, gizonena izan da, eta emakumeak heziak izan gara eremu publikoan ez parte hartzeko, isilik egoteko. Arrotza egiten zaigu mundu hori, horren maskulinizatuta egon dena.
Belaunaldiz belaunaldi jaso duguna izan da gure helburua zaintza izan behar zuela, eremu pribatuarekin zerikusia duen guztia, emozioen erresuma, besteen zaintza; beraz, gu enpatikoagoak izan behar gara, gure beharrak bigarren lerroan utziz. Horregatik, politikan, asanbladetan eta borroka eremuetan oso zaila egin zaigu beti parte hartzea. Alde batetik, eta esan bezala, eremu publiko hori arrotza egiten zaigulako (eta gizonei, orokorrean, oso erosoa); bestetik, eremu horren kodeak ez direlako guretzat naturalak. Beraz, kontrakanon bat irentsi dugu: hau da, emakumearen kanon hegemonikoa xamurtasuna, edertasuna, isiltasuna, sumisioa bada, kontrakanona litzateke estetikari garrantzirik ez ematea, gure irudia maskulinizatzea eta gure parte hartzeko moduak agresiboagoak izatea; adibidez, hitza etengabe hartzen. Beraz, zer gertatzen da asanbladetan edo borroka gune ezkertiarretan? Ba epaiketa bikoitza jasotzen dugula; kanonikoak bagara, ez omen gara feministak (gure irudia gehiegi zaintzen dugulako edo apaintzen garelako); kontrakanonikoak bagara, orduan ez gara erakargarriak sexualki, eta ikertuta dago normatiboki ederrak ez diren emakumeei horrelako espazioetan ez zaiela hitza horrenbeste ematen edo euren iritzia ez dela hainbeste kontuan hartzen. Horregatik hitz egiten da oraindik hainbeste espazio ez-mistoen beharrari buruz. Matxismoa transbertsala delako, ezkerrean zein eskubian.
Adibide historiko gisa, Espainiako Gerra Zibilean gertatutakoa. Garai horretan, lehen urtean batez ere, emakumeak deituak izan ziren borrokara. Miliziano emakumezkoen kasua hor dago, lehen lerroan borrokan gizonen parean. Baina berehala hasi ziren kezkak; emakumeak distrakzio hutsa omen ziren gizonentzat, eta gaixotasun sexualen transmititzaileak. Beraz, 1936. urtean emakume milizianoak ikusten ziren bitartean, 37ko diskurtsoak aldatzen dira; emakumearen papera zaintzan zegoen, eta bigarren lerrora pasatu ziren (erizain, garbitzaile, sukaldari eta abar). Oso argia da, adibidez, lan munduan gertatu zena ere. Eskulanaren beharra zegoen momentu horretan; gizonezkoak soldadu bezala gudan zeudenez, fabrikek eskulana behar zuten (hori Historian beti gertatu da gerra garaian) eta deia egin zitzaien emakumeei. Orduan, Ezkerraldeko gizonen kezkak piztu ziren, «zer gertatuko da nire lanpostuarekin gerra amaitzen denean?». Iturri bezala interesgarria da Dolores Ibarruriren diskurtsoa, non gizonei zuzentzen dizkien ondorengo hitzak: «Lasai egon, ze gerra amaitzen denean zuen lanpostuak berreskuratuko dituzue, emakumeak dagokien lekura itzuliko dira, etxera, zuen zaintzara».
Eremu pribatua, beraz, izan da hitz egiteko baimendutako leku bakarra; kanpoan, isiltasuna. Bi emakume baino gehiago elkartzen direnean oilategia dirudiela entzuten duzuen hurrengoan, gogoratu zergatia; Marc Girók azaldu bezala, emakumeok azkar hitz egin behar dugulako, ez dakigulako zein izanen den esan beharrekoa esateko izanen dugun hurrengo aukera.
Emakumeok azkar hitz egin behar dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu