Nazio Batuen Erakundeko hurrengo idazkari nagusia emakumea izan dadin zenbait presio talde lanean dabilela irakurri ahal izan dugu azken egunotan egunkarietan. Albiste behar ez lukeen gertakari horrek emakumeen lidergoen apartekotasunaren berri eman digu beste behin ere, beste erakunde askok bezala goi mailako karguetan emakumezko oso gutxi daukan erakundea baitugu NBE, 70 urteko historian gizonezko agintari nagusiak baino hautatu ez dituena. Oro har, gaur egunera arte indarrean dirauen idatzi gabeko genero-arauak eraginkortasun handiz funtzionatzen du munduko agintaritza irudikatzen duten instituzio, erakunde eta era guztietako guneetan: horietan guztietan zintzurra gorbataz estututa bizi direnek osatzen dute nagusiki boterearen argazki monolitiko eta aldebakarrekoa. Egitura eta organizazio batzuk duten garrantzi eta ikusgarritasun sozial handiagoaren ondorioz, horietan modu errazagoan hautematen da buruzagitza osaketak oraindik orain eskaintzen duen zeharkako irudia: hala gertatzen da enpresa eta finantza erakundeetan, gobernu eta alderdi politikoetan, prestigiozko gune zientifiko, unibertsitate nahiz era guztietako elizetako zuzendaritza taldeetan, adibidez. Baina, gure ingurune sozialeko edozein eskalatan ari garela, egitura ekonomiko eta politiko ikusgarrietan ez ezik eguneroko bizitzako esparruetako harremanetan ere, etxean, lanean, elkarteetan eta herri ekimenetan, esaterako, etengabe garatzen dira aitzindaritza desorekatuak. Izan ere, lidergoa ez da soilik pertsona hautatu ikusgarri batzuen kontua. Pertsonen arteko harremanak non, hantxe agertzen da batzuen eragina eta gidaritza besteen gain, ezinbestekoa dena bizitza sozialean.
Mundu mediatikoaren burrunbaz harago, borroka gatazkatsua eta, sarritan, isila gertatzen ari da gaur egun, gurean eta mundu osoan, egitura nagusietan baita mikro-esparruetan ere,emakumeen eta gizonen lidergoak orekatze aldera. Borroka diot, aldaketaren aldeko ekimenak ez ezik, aldaketaren aurreko erresistentziak ere handiak direlako. Sinbolikoki garrantzitsuak izanda ere, erresistentzia horien icebergaren tontor ikusgarria baino ez dira hedabideetan era guztietako emakume liderrak deslegitimatu nahian establishment patriarkalaren ordezkariek jaurtitzen dituzten gezi iraingarriak, indarrean dagoen kultura androzentrikoa amaigabe elikatzera datozenak. Izan ere, egunero egunero, era guztietako leku eta egoera sozialetan jartzen dira auzitan eta oztopatzen dira, batzuetan ekintzaz, beste askotan omisioz, emakumeek izan dezaketen protagonismo soziala eta eragina. Hainbesteraino non, emakumezkoen lidergoak berak badaezpadako errealitate ezegonkorrak diren oraindik.
Zalantzarik gabe, edonorena dela ere, lidergoa eztabaidatu egiten da boterearen erabilera eta kudeaketa hartzen dituelako barnean, halabeharrez hartu ere. Are gehiago eztabaidatzen da emakumeen aitzindaritza, historikoki botere gune eta botere praktiketatik baztertuta egon direlako genero sistemaren ondorioz. Ildo horretan, genero ikuspegia boterearen erabilera orotan sartzeak, besteak beste, botere harremanen eta balioen eraldaketa eskatzen du: egin beharreko zereginak, hala prestigio soziala ematen dutenak nola osperik batere ez dutenak, denen artean banatzea, zaintzari garrantzia ematea, pertsona guztiei aukera berberak bermatzea, sareak sortzea...
Bestalde, boterea poliedrikoa da, aurpegi eta ertz asko dituen baliabidea, lohia eta deserosoa ere izan daitekeena. Hartara, emakume guztiek ez dute modu berean ulertzen. Esparru publikoan iraun ahal izateko estrategia gisa, emakume batzuk erakunde hierarkiko patriarkalen balio eta helburuetara egokitu dute beren lan- eta bizi-ibilbidea (askotan, aginte-eredu bertikalak bultzatuta, etengabeko lehian eta lanean soilik oinarritutako bizimodua lehenetsita, bizitza pertsonala baztertuta eta abar) eta, modu horretan, gutxiengo sozialen parte izatea lortu dute. Erabakiak hartzen diren tokietan modu isolatuan egoteak koste handiak izan ditu horietako askorentzat, sozialak eta psikologikoak. Boterearen aurrean izan beharreko jarrerak atakan jartzen ditu mugimendu feministak ere, bide asko urratu beharra dagoelako boterearen joko zelaian: boterearen kontra aritu, eta, aldi berean, boterea hartu, boterea erabili... Argi dago subjektu eraldatzaile batek modu kolektibo eta eraldatzailean baliatu behar dituela lidergoak. Emakumeek, bakarkako ibilbidea egiteko ez ezik interes kolektiboak definitzeko eta lortzeko ere erabili behar dituzte boterea bitartekotzat dauzkaten lidergoak.
Bada, lidergo eraldatzaileek ezin dute aintzat hartu agintearen alderdi hutsa; harekin batera, talde lana, ingurukoak entzuteko, ulertzeko, eta motibatzeko ahalmena, komunikazio gaitasuna, gatazkak konpontzeko abilezia, kritikak jasateko eta akatsak onartzeko indarra ere hartu behar dituzte barnean, besteak beste, eta gaitasun horiek abian jarri etengabe. Hain zuzen ere, alde batera eta bestera begiratuta gaur egungo esparru ekonomikoko eta politikoko liderren jardunean hain urri ikusten ditugunbertuteak dira horiek denak.
Beste gauza askoren artean, emakumeen lidergoak eraikitzeak emakumeen arteko aliantza feministak eta sareak sortzea eskatzen du, emakumeak ahalduntzea eta esparru publikoanaritzeko konfiantza irabaztea. Baita harreman -eta agintaritza- eredu berriak eskaintzea ondorengo belaunaldietako gazteei ere. Emakume asko prestatzen eta ahalegintzen ari dira lidergo berri horiek garatzeko, organizazioetan eta eguneroko harremanetan. Beren buruzagitzak salbuespenezko albiste izan ez daitezen ostera ere.
Emakumeen lidergoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu