Urte honetan zehar eta azken bi asteotan bereziki argi ikusi dugu emakumeon kontrako indarkeriak ez duela etenik; horren adibide dira, Yanela, Amaia, Jone, Portugaleteko erailketak eta Rosario Roman; 2009tik desagertua dagoen Nora gasteiztarraren kasua, eta Iruñeko sanferminetako bortxaketak ere bai. Euskal Herrian dagoen arazo politiko larria da emakumeon kontrako indarkeria. Jendartearen erdiari zuzenean eragiten dion arazo honek onargarria ez den tolerantzia maila du, eta berehalako erantzunak larriki eskatzen ditu.
Emakumeon kontrako indarkeria kasuak ez dira kasu isolatuak, egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi, eta gure bizitzako esparru guztietan gertatzen dena. Patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbidetzen dute indarkeria sexista, eta, batzuetan, zuzenean gertatzen da, eta besteetan, aldiz, zeharka. Indarkeria mota hau gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta, horrek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia, bestelako azalpen eta interpretazio korapilatsuak ematen saiatzen badira ere.
Egoera larri horren aurrean egungo instituzio publiko politikoen jarrera salatzen dugu, eta duten erantzukizunaren aurrean ardurak eskatzen dizkiegu: batetik, Rosario Romanen kasuan, salaketak jarrita egon arren izandako babes faltaren erantzuleak zeintzuk izan diren eta instituzioek Rosarioren kasuan hartutako neurrien inguruko argibideak exijitzen ditugu. Bestetik, nafar erakundeek sanferminetan jartzen diren eraso sexisten salaketak eta, oro har, emakumeon aurkako indarkeria egoerak ezkutarazten dituztela salatu nahi dugu. Eta bide batez, sanferminetan izandako eraso sexisten gaineko informazio erreala exijitzen dugu. Denok dakigu zein den errealitatea, nahiz eta Iruñeko Udalak eta gainerako instituzio publikoak ezkutatzen saiatzen diren.
Garbi dugu emakumeon kontrako indarkeriaren aurrean egun martxan jarriak dauden neurriak adabaki hutsak direla. Egungo sistema sozialak, sistema patriarkalak ahalbidetzen duen indarkeriari errotik aurre egitea eta jendarte parekidea oinarri duten harremanak eraikitzeko neurriak jartzea ezinbestekoa da egoera larri hau amaitzeko. Horrez gain, izandako salaketa guztien gaineko jarraipena exijitzen dugu, eta horiek ekiditeko neurri errealak eta eraginkorrak jar ditzaten eskatu. Beraz, instituzio publiko politikoei erantzukizunez jokatzea exijitzen diegu: borondate politikoa, martxan jarritako neurri eta protokoloen errebisio sakona, hori aurrera eramateko aurrekontuak onartzea eta euren arteko koordinazioa lantzea oso garrantzitsua dela uste dugu emakumeen babesgabetasun, informazio eskasia eta emakumeon erailketak ekiditeko.
Emakumeok bizi ditugun indarkeria egoeren aurrean guztiok dugu ardura; herritar guztiok, alegia. Horren haritik, Iruñeko bortxaketen aurrean herritarrek emandako erantzunaren bidea landuz joan behar dugu; elkartasunaren eta bateratzearen bidea. Honela lortuko baitugu denon artean emakumeon kontrako indarkeria amaitzeko oinarriak jartzea.
Komunikabideek ere badute ardura gaiaren tratamenduan erabiltzen dituzten hizkuntza, formak, irudiak... zaindu eta gertaerak zuzentasunez eta errespetuz zabaltzeko. Emakumeon kontrako indarkeria ez da inolaz ere errealitate isolatu bat. Gaia ikuspegi eta sentsazionalistatik haratago landu beharra dago, morboa ekidinez eta egiturazko arazoa dela azpimarratuz.
Emakumeen aurkako azken erasoen balorazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu