Lan egiten dudanean dirua galtzen ari naiz». Hau ez da txiste bat, baten bati hala irudituko bazaio ere; uste baino sarriago eta gertuago gertatzen da egoera hau. Egia da gaur enplegu prekarioa asko hedatu dela, baita gizonen artean ere, baina emakumeen eta prekaritatearen arteko lotura historikoa da, ia berezkoa. Gainera, ez da lan merkatua prekarizatu diguten gauza bakarra; bizimodua oro har kolokan jarri digute; kontua da nola aurre egingo diogun, borroka sindikalaren bidez eta etxeetan ekinez. Emakumeak dira lekukorik egokiena horretarako:
Maribek 57 urte ditu eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko enpresa pribatu batean ari da lanean duela hamabi urtetik hona; ELAko delegatua dugu. Orain bere enpresa konkurtso egoeran sartu da. Berak lanean jarraitzen du, bere etxean eta kanpoan, baina esaten duen bezala, «duen ordainagatik, etxetik kanpo egiten dudan lanak ez du merezi».
Bilboko Udalaren arabera, etxez etxeko laguntza zerbitzua «zerbitzu integrala, balio anitzekoa eta komunitarioa da. Zerbitzuaren helburua pertsona eta familien bizi-kalitatea hobetzea da, prebentzioa, hezkuntza, laguntza edota errehabilitazioa barne hartzen dituen banakako programa baten bidez. Pertsona horiei etxean geratzen laguntzen die, batez ere, etxea eta pertsona bera zainduta».
Horrela deskribatuta, lan aipagarria dirudi, enplegu duin eta garrantzitsua, guztion ongizaterako ezinbestekoa. Paradoxa da, halere, laguntza izena ematea, lan hauetxek gure bizimoduari eusten baitiote, zaintza eta ugaltze sozialerako behar-beharrezkoak dira. Guztiok interdependenteak gara, gure bizitzako uneren batean ezintasun egoeraren batean izan gara edo izango gara. Antza, ebidentzia hau aipatzea ez da erraza, baina feminismoak plazaratu duen ikusmolde hau funtsezkoa da gure bizitza, errealitatea eta agenda politikoa aintzat hartzerakoan.
Kontua da norbaitek gure oinarrizko zaintza egiten duenean, profesional gisa eta ordainsari baten truke, ez zaizkiola gutxieneko berme sozial eta eskubide laboralak aitortzen. Batzuentzat, hots, honekin negozioa egin eta irabaziak poltsikoratzen dituztenentzat, lan hauek etxekoandre lana betidanik gehienbat emakumeek egiten dituzten eginbeharren luzapen bat besterik ez dira...
«Lanaldi erdiarekin hileko 400 euro irabazten dut. Sarri goizean bi orduko zerbitzu bat izaten dut, eta hurrengora arte beste bi orduko tartea geratzen zait. Bitarte horretan buelta bat egiten dut, kaferen bat hartu... azkenean, enpresari dirua ematen diot. Galdutako denbora hori ez da ordaintzen; etxean geratuta aurreztu egingo nuke...», dio Maribek.
Bilboko enpresa honek langile askori lanaldi partzialeko kontratua egiten die, ordutegi finkorik gabe; prekaritateak goia jo du, eta muturrera eraman dute, egoera sinestezinak eragiteraino. Enpresa honetan ia behargin guztiak emakumeak eta migranteak dira:
«Kanpokoak mehatxatu egiten zituzten. Esaten zieten soldata beltzean kobratzeko, horrela gizarte-laguntza bat eskatu ahal izateko. Gero esaten zieten protestarik ez egiteko, laguntza kendu egingo zietela-eta. 1999an enpresa sortu zenean, emakume migrante gehienek 24 ordu egiten zuten lan, atsedenik hartu gabe, eta guri baino askoz gutxiago ordaintzen zieten, 200 euro inguru. Askok kontraturik ere ez zuten. Hilabete eta erdiz egunero 10-12 ordu lan eginez egon zitezkeen, guk baino gutxiago irabaziaz. Pentsa, emakume hauek ez zekiten pagak zeudenik ere. Zortzi urtez jardun zuten lanean pagarik jaso gabe», salatu du sindikalista honek.
Bitxia bada ere, Eusko Jaurlaritzak 2009an zilarrezko Q bat eman zion enpresa honi; diru-laguntza ugari jaso du (besteak beste, banandutako eta tratu txarrak pairatutako emakumeak kontratatzeko; hilabete batzuen buruan kaleratu egiten zituzten hauek); langileei lapurreta lotsagabea egin die, eta ez die soilik denbora kendu; dirutza handia utzi die ordaintzeke; langileek osasuna ere galdu dute.
«Bezeroei orduko 18 euro kobratzen zaie, eta langileek 4 jasotzen dituzte. Negozioa argi dago, ez? Ez plusik, ez aparteko ordurik, jaiegunetako eta gaueko lana ez da behar bezala ordaintzen», dio Maribek.
Baina 2014an hauteskunde sindikalak egin zirenetik, injustizia hauek eta beste hainbat argitara atera dira. Salaketa sindikala hedabideetara iritsi da, Horrek diru-laguntza publikoak erretiratzea eta ekitaldi ofizialetarako gonbitik ez jasotzea eragin du.
«Lehenago gu ez ginen ausartzen hitz egitera; beldur handia izan dugu beti. Gainera, bezero asko zeharo haserretu dira, eta zerbitzua utzi dute gure lana aitortzen dutelako, eta badakitelako beren senideak zaintzeko dirutza erabilita ere beharginei ez zaiela taxuzko soldatarik ordaintzen».
Azkenean, enpresa likidazio fasean badago ere, eta Maribe enplegurik gabe, emakume horietako askorentzat borrokak merezi izan du. Beldurra galduta, borroka sindikalak emaitzak ekarri ditu: lapurreta amaitzea eta emakumeok pairatzen zuten esplotazioa agerian uztea lortu da.
Ez da kasualitatea artikulu hau martxoaren 8aren ateetan agertzea; aipatu genezake betiko topiko hori: «egun guztiak dira martxoaren 8a». Baina egia da prekaritateaz mintzatzerakoan emakume eta gizonen artean dagoen sakoneko desberdintasuna aintzat hartzen ez bada prekaritatearen aurpegi bat besterik ez dugula ikusten, lan merkatura mugatzen dena soilik, eta guztiontzat, inolako salbuespenik gabe, ezinbestekoak diren beste lan horiek guztiak, batzuen ustez bigarren mailako zereginak diren etxeko eta zaintza lanak, ezkutatzen dituena.
Emakumeak eta prekaritatea: «Lan egiten dirua galtzen dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu